Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Turismo informazioa »  Mendi Ibiliak »  4.- GR-121- Gipuzkoari bira. Orio- Donostia etapa.

4.- GR-121- Gipuzkoari bira. Orio- Donostia etapa.

Ibilbide Handiko mendi-ibilaldiak, GR 121- Gipuzkoari Bira, Gipuzkoa 21 etapatan zeharkatzen du. Gipuzkoako Mendi Federazioak argitaratutako gidaren arabera, Oriotik lehen etaparen amaiera (Donostia-Orio zatia, luzeran 15.600 metrokoa) eta bigarrenaren zati bat (Orio-Zumaia) igarotzen dira.

gr121

Orio- Donostia etapa ibilaldi honetako zatirik interesgarrienetakoa da. Oriotik abiatuz ongi zaindutako kostaldean barneratzen da, aipagarriak izanik interes handiko elementu geologiko, natural, kultural eta historikoak.

Ikuspuntu geologikotik kostako monoklinala garrantzi handikoa da. Gipuzkoako itsasertzaren zati bat hartzen duen formazioa da, eta ibilbide honetako hainbat puntutatik ikus liteke. Ingurunearen orografia gogorrak eta Orio eta Donostia artean badia edota ibairik ez izatearen ondorioz kostalde hau maldatsua eta basatia da, natura aldetik balore handiko ingurunea osatuz. Paisaiaren edertasuna ere aipagarria da oso.

trekking

Orio-Donostia ibilaldiaren hiru laurdenak biztanlerik gabeko eta gizakiak gutxi ukitutako inguruetatik igarotzen dira. Bertaratzen diren arrantzaleek soilik ezagutzen dituzten hainbat kala basati ere badira eremu honetan.

Alderdi Historikoa ere oso aipagarria da. Inguru honetan, eta baita itsasertzean ere, harrobi ugari zeuden, eta horietatik ateratzen zuten kareharriaz Donostiako zabalgunea egin zuten. Inguruko biztanleen esanetan, Gaztainarroka inguruetatik atera omen zuten Donostiako Marķa Cristina Hotela eraikitzeko harria.

Era berean, kontuan hartzekoak dira XX. mendearen hasieran itsasertz honetan egin ziren obra hidraulikoak, Zarautzera edateko ura eramateko obrak, ura Mendizorrotz aldeko iturri eta errekatxoetatik eramaten baitzen. Ura garraiatzeko bideak oso bitxiak ziren, zenbaitetan itsaslabarren artean ere egiten ziren bideak. Obra miresgarria da, orain gutxi arte ahazmenean zegoena.

Ibilbidearen trazatuari dagokionean, ibilbide guztia balizatuta dago. Antillako hondartzatik Itxaspe baserri aldera jarraitu behar da, eta hemendik GR-ren marka zuri-gorriak jarraitu Donostiaraino. Aitzitik, ibilbidea Donostiatik hasiz gero, Ondarretatik abiatu behar da eta Erregeneatik gora doan bidea hartu, beti GR-ren markak jarraituz.

Iraupena: 5-6 ordu gutxi gorabehera

perfil gr121