Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Orioko Herria »  Herri arrantzalea

Herri arrantzalea

Itsasoari lotutako herria

Orain hamar urte baino bapore gutxiago dago, gaur egun, Orion. Gogorra da arrantzaleen bizitza, eta behera egin du, nabarmen, arrantzaren presentziak. Oraindik, hala ere, herri arrantzalea da Orio. Herriko plazaren parean lotuta, han egoten dira baporeak, portuari kolorea emanez eta herria dotore jantziz. Ederra da itsaso zabalean ibiltzen diren bapore horiek Oria ibaian atseden hartzen ikustea.

barkuak

Otsaila aldean hasten dute denboraldia arrantzaleek; hasieran, antxoatan jarduten dute nagusiki, baina berdela, txitxarroa eta abar ere harrapatzen dituzte batzuetan. Otsaila eta ekaina bitartean, astelehenetik ostiralera ibiltzen dira itsasoan. Pozgarria izaten da ostiralean baporeak herrira sartzen ikustea. Giro berezia sortzen dute herrian arrantzale lehorreratu berriek: kresalaren zera ekartzen dute, beren arrantzale zirak jantzita itsas-zaporea banatzen dute herri osora, eta han ibiltzen dira, gora eta behera, beren gurdi, sare eta abarrekin.

Uztaila hasieran, Orioko San Pedro festak eta gero, kainaberak hartu, eta atuna harrapatzeari ekiten diote arrantzaleek. Urrutira joan behar izaten da atunetara, eta aste beteko irteera ez da nahikoa izaten. Horregatik egin behar izaten dituzte hogei bat eguneko irteerak. Gogorra da arrantzalearen bizitza, udaberri eta udara aldean.

Hogei bat eguneko mareak egiten dituzte itsasoan, lehorrera bueltatu, eta egun bat baino ez dute izaten lagun eta senitartekoekin egoteko; hurrengo egunean, berriz itsasoratzen baitira, atunaren bila.

Abendura arte ibiltzen dira atunetan. Abenduaren 6a Orioko San Nikolas patroiaren eguna izanik, herriko festak izaten dira, eta ordurako etxean egon nahi izaten dute arrantzale guztiek. Abendutik otsailera arte lehorrean izaten dira lasai, bai oporretan, bai baporea hurrengo denboraldirako margotu eta prestatzen.

Angulak

Baxurako baporeez gainera, baporetxo txiki asko dago Orion. Ibaian barrena barreiatuta, motor asko dago herrian. Oria ibaiaren itsasadarra atzean utzi, eta txipiroietara joaten dira asko; beste asko arrain txikitara ateratzen dira (panekak, dontzeilak, itsas-kabrak... harrapatzera); eta ibaian bertan geratzen dira beste batzuk, neguko gau hotzetan, angula preziatuak harrapatzeko asmoz.

anguleroak

Oria ibaian gora eginez, herritik oso gertu, Aginaga dago, angulei estu-estu lotuta bizi den herria. Han saltzen dituzte Orioko anguleroek Orian harrapatutako angulak; gero, handik, mundu osoko herrialde askotara banatzen dira angulak. Txinatarrak dira angula erosle nagusiak. Arrozaren zomorro txiki guztiak jaten dituzte angulek, eta horretarako erabiltzen dituzte txinatarrek, arroz garbi-garbia lortzeko. Gero, gainera, balore handia hartzen dute angulek, han oso preziatuak baitira aingirak. Gurean, ordea, aingirari baino askoz balio handiago ematen zaio angulari.

Jaki oso preziatua da angula. Ezin da nonahi harrapatu, eta oso garestia izaten da. Pribilegiatuak dira asko Orion, inoiz erosi gabe, urtero jaten baitituzte angulak eta angulak.

Lehorreko arrantza

arrantzan

Lehorretik arrantzan jende asko jarduten da Orion. Gehienak hondartza inguruan aritzen dira, Oria ibaiaren itsasadarra leku ezin hobea baita lupiak-eta harrapatzeko. Hala ere, ibai osoan zehar, bi aldeetako edozeinetan topa daiteke noiznahi jendea arrantzan.

Gaur egun, zaila da Orioko barrara joan, eta kainaberarik ez ikustea. Behin ere jende gehiegi egoten ez bada ere, arrantzaleren bat beti izaten da barran edo hondartzaren bestaldean, harrobian. Gutxitan uzten dute bakarka hondartza ingurua. Pieza ederrak ateratzen dituzte tarteka, eta itxaropen horrekin hurbiltzen dira hara. Hala ere, arrantzan egitea bera izaten dute gozagarri: itsasoaren isiltasunarekin bakarka egotea, kresala barneratzea, ingurua gozatzea... Toki ederra da Orio, horretarako.