Festak eta giroa
Kristoren anbientea !!!
Herrian bi festa ospatzen dira nagusiki: sanpedroak ekainean, eta sanikolasak abenduan. Nahiko giro desberdineko festak izaten dira. San Pedro jaiak Euskal Herriko toki askotan ospatzen dira eta inguruko hainbat herritan ere bai. Hori dela eta, kanpoko jende gutxiago izan ohi da Orioko sanpedrotan, eta bertakoek egiten dute festa nagusiki. San Nikolas jaietan, berriz, kanpoko jende ugari izaten da, bi arrazoi hauengatik: batetik, beste inon ez da garai horretan festarik izaten; eta, bestetik, abenduaren 6a eta 8a festa egunak direnez, inguruko festazale guztiak etorri ohi dira Oriora.
San Pedro festak. Ekainaren 29aren inguruan ospatzen dira. Normalean, lau festa egun izaten dira: san Pedro bezpera (ekainak 28), san Pedro eguna (ekainak 29), san Pedro bigarrena (ekainak 30) eta san Pedro hirugarrena (uztailak 1).
San Nikolas festak. Abenduaren 6aren inguruan ospatzen dira eta lau-bost bat egunekoak izan ohi dira.
San Martin auzoko festak. Azaroaren 11ren inguruan ospatzen dira; normalean, asteburuak aprobetxatuz. Herriko baserritarren festa izaten da eta tradizio handikoa da.
Bisiguaren eguna. Azken urteotan indarra hartzen ari den ospakizuna da. Ekaineko hirugarren igandean izaten da. Lehiaketa bat antolatzen da herriko parrilleroen artean eta, horrekin batera, Euskal Herriko produktuen azoka izaten da herriko plazan.
Bordeleko ardoaren azoka. 1.995. urtea geroztik Orio Frantzian Bordel inguruan dagoen Saint-Ciers sûr Gironde herriarekin senidetuta dago. Frantziako herrixka hau, "Côte de Blaye" inguruan kokatuta dago eta bertako jarduera nagusia ardogintza da. "Côte de Blaye" Bordeleko ardoen jatorrizko deituretako bat da. Senidetza honen ondorioz eta 2.002. urtea geroztik Bordeleko Ardoaren Azoka ospatzen da Orion. Aurten Azoka maiatzaren 7 eta 8an ospatuko da. Jendeak, bordeleko ardoa dastatzeko aukera izaten du: ardo beltza, aritzeko kupeletan ondutakoa eta merlot mahatsarekin egindakoa, eta sauvignon mahatsarekin egindako ardo zuria. Nahi duenak bodegako salneurrietan botilak erosteko aukera ere izaten du.
