Arrauna Orion
Tradizioa eta eliteko kirola uztartuz
Orio ezin da ulertu arrauna kontuan hartu gabe. Eta, alderantziz ere, berdin-berdin esan daiteke: ezin da euskal eta espainiar arrauna ulertu Orio kontuan hartu gabe.
Tradizio oso luze eta sendoa du arraunak Orion: herriko familia guztiek izan dute noiz edo noiz arraunlariren bat etxean; urteko edozein egunetan ikus daitezke arraunlariak Oria ibaian arraunean edota herrian korrika entrenatzen; Orioko etxe guztietan daude arraun elkarteko hori koloreko kamisetak…
Uztailetik irailera izaten da, hala ere, arraunak protagonismo handiena hartzen duen garaia. Uda aldean, arraun denboraldia gori-gorian dagoenean, horiz janzten dira Orioko balkoiak. Oriotarrek, ikusi edo jarraitu baino gehiago, bizi egiten dute arrauna, barru-barrutik gainera.
Jakina da, baita ere, estropada edozein lekutan izanda ere, hori kolorea izaten dela gehienetan nagusi. Oriokoa izango da jarraitzaile gehien dituen trainerua. Hamarkada asko daramatza banderak irabazi eta irabazi, eta jarraitzaile asko ditu Euskal Herri osoan.
Trainerua da, ezbairik gabe, Oriok herritik kanpo duen ordezkari nagusia. Eta arraunak inoiz eman dituen arraunlari onenetako asko eta asko traineru horretan aritu dira; orain ere han dabiltza asko, eta aurrerantzean ere arituko dira zalantzarik gabe.
Hona hemen Orioko Arraun Elkartearen web gunea
