Orioko Futbol Taldea
Orioko Futbol Taldea: Mendibeltz Kirol gunea
Baxoalde kalean, 20810 Orio GIPUZKOA 649 191 123 (Jesus Antonio Makazaga, presidentea)
Arrauna da batez ere Orio ezagun egiten duen kirola, baina hemen futbolak ere badu lekurik. Orioko Futbol Taldea 1978ko abuztuan eratu zen eta denboraldi hartan hasi zen jokatzen futbol taldeko lehenengo ekipoa. 13 eta 15 urte bitarteko mutilek osatu zuten taldea eta infantil mailan aritu ziren. Pixkanaka-pixkanaka, talde gehiago sortzen joan ziren eta hainbat kategoriatara zabaldu zen Orioko Futbol Taldearen presentzia.
86/87 denboraldia arte mutilak bakarrik aritu ziren futbolean, baina 1986. urtean nesken taldea sortu zen. Hasieran, herriko futbolariek osatzen zuten taldea gehienbat; baina, urteen poderioz, gero eta kanpotar gehiago behar izaten zen taldea osatzeko. Horrela, sei urteren buruan, nesken taldea desagertu egin zen.
Urte batzuk geroago, 92/93 denboraldian, Futbol Taldeak pauso handia eman zuen: Erregional mailako nagusien taldea osatu zuen. Ordura arte, infantilen eta jubenilen taldeak bakarrik aritzen ziren futbolean, eta, behin 18 urte betetzean, kanpora joan behar izaten zuten herriko mutilek futbol federatuan segitzeko.
Orduz gero, Orioko klubean hiru talde dabiltza futbolean eta adinaren arabera banatzen dira: infantilak eta kadeteak, jubenilak eta nagusiak, senior mailakoak. Gaur egun, kadeteak, 2. mailan aritzen dira; jubenilak, lehenengo mailan eta nagusiak erregional mailako lehenengoan.
Gazteenak, 12 bat urterekin hasten dira lehenengo entrenamenduak egiten, baina ez dira 13-14 urte egin arte federatu eta lehiatzen hasten. Kadeteen mailan, bi entrenatzaile ditu Orioko Futbol Taldeak, bat txikienak prestatzen aritzen dena, eta bestea, lehiaketarako ekipoa entrenatzen jarduten dena. 16 urterekin, berriz, entrenatzailea aldatu eta jubeniletara pasatzen dira; han beste bi urte aritzen dira futbolean. 18 urterekin, berriz, nagusien entrenatzaileak jendea behar izanez gero, seniorren taldean sartzeko aukera izaten dute jokalariek.
Antilla zelaia
Orioko futbol zelai bakarraren izena Antilla da. Belar naturalekoa da eta hondartza eta kanpinaren aldamenean dago. Ez du harmailarik, eta beraz, partiduak zutik ikusi behar izaten dira. Partiduetako sarrera 500 pta. ingurukoa izaten da, beti ere, jokatzen den partiduaren mailaren arabera. Taberna bat ere badu, eta euria egiten duenerako aterpetxoa ere bai.
Zelaia Udalarena da, baina erabilera Orioko Futbol Taldearen esku dago. Partiduak jokatzeaz gain, bertan entrenatzen dira talde guztiak. eta horrek asko baldintzatzen du zelaiko belarraren egoera. Halere, zaintzaile profesionalen esku dago belardia, eta futbolean nahiko ondo jokatzeko moduan egoten da.
Futbolari ezagunak
Asko dira goi mailan futbolean aritu diren oriotarrak. Batzuk, Orioko Futbol Taldea sortu baino lehenago, Realeko hainbat taldeetan jokatuak ziren, eta beste batzuk inguruko taldeetan aritu ziren futbolean. Baina, futbol taldea sortu ondoren, futbolari bikainak atera dira Oriotik.
Espainiako ligako lehenengo dibisiora ailegatutako oriotar futbolari ezagunena Imanol Alguacil izan da. 1990. urtean debutatu zuen eta zazpi denboraldi egin zituen Realean. Jubenil maila arte Orion aritu zen futbolean, eta gero fitxatu zuen Realak. 1998an, berriz, Reala utzi eta Villarreal talde valentziarrak fitxatu zuen, hau ere, lehenengo kategoriakoa. Han beste bi denboraldi egin ostean, Andaluziako Jaen taldera joan zen. Gaur egun, bigarren mailan dago Jaen taldea, 2000. urtean igo baitzen .
Urte batzuk geroago, Orioko Futbol taldeko beste jokalari bat iritsi zen Realera: Joseba Agirre aiarra. Joseba kadete mailan fitxatu zuen Realak eta, urte batzuen buruan, lehenengo mailan debutatzea lortu zuen. Halere, bigarren ekipoan zegoela, Castellon taldera joatea erabaki zuen. Castellonek bigarren B mailan jokatzen du eta hantxe daramatza Josebak hiru urte.
Beste fruitu batzuk ere eman ditu Futbol Taldeak. Imanol Alguacilen anaia, Txemari Alguacil, Eibarko bigarren taldean dabil 99/00 denboraldiaz geroztik. Jorge Pinto, aldiz, Antiguoko Jubenil taldean ibili ondoren, Gasteizko Aurrerak fitxatu zuen 1999an. 1999an fitxatu zuten Realak Jabier Aranguren gaztea ere. Kadeteetan zebilela eraman zuten eta jubeniletan dabil egun.
