Pilota
Kultura eta kirola
Herriko frontoia, Eusko Gudariak -20810 Orio GIPUZKOA 943 83 44 09 (Mikel Izquierdo)
Orioko pilotalekua
Orioko udal frontoia 1919an egin zen herriaren erdialdeko etxarte batean. 13 kOadro eta erdiko luzera du, eta 400 bat ikuslerentzako eserlekuak. Frontoia ia osorik estalia dago, baina atzealdeko zati bat irekita dauka. Horrela, sabaia uralitazkoa duenez, nahikoa argi sartzen da egun argiz pilotan jokatzeko. Iluntzen duenerako argiak ere baditu frontoiak, baina horien erabilera mugatua dago.
Frontoia irekita egoten da egun osoan eta edozeinek du han jokatzeko aukera, baina arratsaldeko seietatik aurrera alokatu egin daiteke, eta, orduan, alokatzen dutenek izaten dute lehentasuna. 700 pta. balio du ordubeterako frontoia alokatzeak, eta prezio horretan argiak erabiltzeko aukera izaten da.
Pilotariak
Orain arteko historian asko eta onak izan dira Oriok eman dituen pilotariak. Ezagutzen direnen artean, zesta puntan eta, batez ere, erremontean ibilitakoak dira gehienak.
Hala ere, mende hasieran errebotea deritzon talde jokoan aritzen ziren herriko plazan oriotarrak. Geroztik, modalitate hori galdu egin zen Orion, baina Villabona eta Zubieta herrietan jarraitzen dute, oraindik, errebotean jokatzen.
Errebotean jokatzen zutenen artean Bittor Enbil izan zen pilotaririk ezagunena. XIX. mendearen bigarren erdian jaio zen Enbil, eta 1930ean omenaldia jaso ondoren, urte gutxira hil zen.
Zesta puntan ere XIX. mendeak eman zituen pilotaririk sonatuenak. Bat aipatzekotan Gabriel Padrós Olaizola (1870-1897); Bartzelonako frontoian aritu zen pilotan, 27 urterekin gaixotasun larri bat zela-eta hil zen arte. Ondorengo dezente izan zituen: Antonio Sagarna, Jose Leon Segurola, Gonzalo Dominguez, Jose Parada, Jose eta Jose Mari Atorrasagasti, Luis Sarasua… Hauek guztiak kanpoan aritu ziren pilotan: Bartzelonan, Kuban, Milanen, Estatu Batuetan eta Filipinetan, besteak beste.
Erremontean XX. mende hasierako pilotaririk aipagarriena Juanito Iturain izan zen. 1908ko maiatzaren 15ean jaio zen eta eskuz jokatzen hasi zen bere aitarekin, Joan Jose Iturainekin. Aita-semeak Espainiako txapeldun izan ziren afizionatuetan 1926ko apirilaren 4an. Geroztik, erremontista ugari sortu da Orion; horien artean, aipagarrienak Jose Mari Salsamendi eta Joan Karlos Intxauspe; erremontean Euskal Herriko pilotari onenetakoak izandakoak.
Gaur egun, lau dira profesionaletan dabiltzan oriotarrak, denak ere erremontean: Joan Luis eta Jesus Mari Urretabizkaia anaiak, Borja Agirresarobe eta Iker Brit.
