Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Kirolak »  Beste kirolak »  Surfa

Surfa

Surfean

Orioko Surf Taldea / Ohio Surfing Club

Txikitasunean handi; munduko 16 surf talderik onenen artean gaude!!!

Inork ez digu surf talde bat sortzen irakatsi, baina geure ahaleginarekin egin egin dugu. 7 Surf Txapelketa antolatu ditugu dagoeneko, aldagelak ditugu hondartzan (ur beroa eta guzti), taldeko bazkide ia guztiak federatu egin gara, surfeko bideo emanaldiak egiten ditugu, surf-aldizkari bat plazaratuko dugu laster... Onenetakoak gara!!! (Surfean oraindik 16 onenen artean sartu ez bagara ere).

Ohio beach e-posta Lokala: 670 976 074

Asko gara, asko: 72 lagun. Gehiegi dira horiek Orio bezalako herri txiki eta hondartza xume batentzat. Uretan ez gara kabitzen, eta lokaleko aldageletan ere ur beroa ez da guztiontzako iristen. Gogorra da, bai, Orion surflaria izatea. Lehen ezberdina zen, ordea. Lehen, Orion surf egitea jainkoen opari bat zen. Orion olatuak hartzea gutxi batzuen pribilejioa zen. Gutxi ginen orduan, eta itsasoak primeran zaintzen gintuen.

itsasoko olatuak

Orion olatuak geneuzkan garaia

1997an, ordea, akabo olatuak

itsasoa eta Orioko hondartza

Olatuak akabatu zituen obra

Harrezkero, geure hondartzan olatu txarrak izaten ditugu gehienetan; eta, beharbada, horregatik, uretan zeregin handiegirik ez daukagulako, lehorrean aritu gara lanean:

  • 1996. urtean Orioko I Surf Txapelketa lokala antolatu genuen (beste 6 txapelketa ere egin ditugu gero).
  • 1997. urteko ekainean Orioko Surf Taldea sortu genuen ofizialki, Orioko “Itsaso Arraunketa Elkartea”-ren barruan.

surfean

  • 1998. urtetik aurrera surfeko bideo-emanaldi arrakastatsuak egiten hasten gara Orioko kultur etxean.
  • 2000. urteko irailaren 9an Orioko Surf Taldearen lokala inauguratu genuen (apaizaren bedeinkazio eta guzti).
  • 2000. urtetik aurrera txapelketa bakarra egingo dugu urtero, iraila inguruan izango dena.
  • 2001. urtean Orioko Udalaren laguntza jaso dugu taldeko bazkideak federatu daitezen. Taldeko erdiak baino gehiago federatu gara Euskal Herriko Surf Federazioan.
  • 2001. urtetik aurrera Surfrider Foundation talde ekologistarekin kolaboratzen hasten gara (hondartza-garbiketak egiten eta abar.)

Hondartza zaintzen...

Orioko hondartzan lokalismo handia dagoela esan ohi da. Egia da, lokalista fama dute Orioko surflariek. Beste era batera esanda: Orioko surflariei ez omen zaizkie surflari kanpotarrak gustatzen, ez omen dizkiete olaturik uzten kanpotarrei, beraiena soilik izango balitz bezala zaintzen omen dute hondartza Orioko surflariek. Baina kontu horiek guztiak ez dira egia osoak. Gauzak ondo azaldu behar dira.

surferoak

Orioko hondartza txikia da; Gipuzkoako hondartza gehienetan baino olatu txikiagoak izaten dira bertan; eta gainera, oso olatu kaxkarrak izaten dituzte normalean. Kanpora joan behar izaten dute oriotarrek surf egitera (Hossegor, Angelu, Zarautz, Getaria, Orrua...).

Oriok ez du olatu on eta finkorik. Noizbehinka ezkerrak ateratzen dira barraren aldamenean, baina, marea puntuaren ondorioz, ordu pare bat besterik ez dute irauten. Horretaz gain, kontuan izan behar da gehiegi direla halako hondartza txiki batean ibiltzen direnak: Orioko Surf Taldeak 72 bazkide ditu, eta gehiago dira oraindik uretan ibiltzen direnak.

Hori guztia jakin eta gero, hala eta guztiz ere, olatuak hartzera hurbiltzen bazara, zaude lasai, aspaldi utzi baitzioten hemen kanpotarren gurpilak zulatzeari.

Hori bai, groseroak ez dira ongietorriak izaten hemen