KULTURA, EUSKARA, KIROL, AISIALDI ETA GAZTERIAKO EKINTZAK ETA JARDUERAK FINANTZATZEKO DIRU LAGUNTZEN ARAUTEGIA (2005)
Eskumena
Arautegi hau Erregimen Lokaleko Oinarriak Arautzen dituen Legearen 4.1 b) eta 25. artikuluak ematen dituen eskumenei jarraituz eta Korporazio Lokaleko Zerbitzuen Araudiaren 23. artikuluen eta ondorengoen arabera onartzen da.
Helburua
Deialdi honen helburua hau da: Orioko irabazi asmorik gabeko kultura, euskara, kirol, aisialdi eta gazteriako elkarteek 2005ean egingo dituzten jarduera eta egitasmoak diruz laguntzeko Udalak erabiliko dituen irizpideak finkatzea eta prozedura zehaztea.
Jarduera horiek, betiere, bat egin behar dute Orioko Udalaren egitasmoen helburuekin.
Deialdi honetan parte hartzen ez duten talde edo elkarteen egitasmo eta jarduerei ez zaie diru laguntzarik emango.
Lagunduko diren jarduera motak
Diru laguntzak ondorengo jardueretarako eskatu ahal izango dira:
a) Orioko elkarteen kultura, euskara, kirol, aisialdi eta gazteriako ohiko jarduerak.
b) Orion burutu nahi diren ezohiko edo aldian behingo jarduerak. Ezohikoak edo aldian behingoak diren ala ez dagokion udal batzordeak erabakiko du.
Finantzazioa
Emango diren diru kopuruak 2005eko aurrekontuaren araberakoak izango dira, eta Udalak ez du, horrez gain, beste diru laguntzarik emango.
Oinarriotan aurreikusitako diru laguntzak 2005eko ekitaldiko udal aurrekontuak onartu eta indarrean jarri ondoren emango dira.
Irizpide orokorrak
- Diru laguntza hauen azken helburua dirurik irabazteko asmorik gabeko kultura, euskara, kirol, aisialdi eta gazteriako zerbitzuak bultzatzea da.
- Diru laguntza borondatezkoa da eta behin behinekoa; laguntza emateak ez dio Udalari hurrengo deialdietan ere diru laguntzak emateko derrigortasunik ekarriko.
- Diru laguntza hauek beste batzuekin bateragarriak dira, baina aldez aurretik adierazi behar da jarduera horietarako beste erakunderen bati diru laguntza eskatu zaion ala ez. Edozein kasutan, diru laguntza guztiak batuta jasotako kopurua ez da inoiz izango gastuen % 100 baino gehiagokoa.
Eskatzaileak
Udalaren diru laguntza eskatu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte elkarteek:
a) Udalaren kultura, euskara, kirol, aisialdi edota gazteriako politika, egiturak eta helburuak kontuan hartuta jardun beharko dute elkarte eskatzaileek.
b) Elkarte eskatzaileek, euskarari dagokionez, udal ordenantzetan zehaztutakoa bete beharko dute.
c) Elkartearen aurrekontuan aurreikusitako gastuen % 50, gutxienez, Udalaren diru laguntza ez den beste bideren batetik estali beharko dute elkarteek.
d) Indarrean dagoen legediaren arabera osatuta egon behar dute, eta Eusko Jaurlaritzako Elkarte eta Erakundeen erregistroan erroldatuta.
e) Identifikazio Fiskalerako Kodea izan behar dute eta zerga betebeharretan egunean egon.
f) Elkartearen egoitza Orion izan behar dute.
g) Udalaren lokalen bat erabiltzen duten elkarteek, Udalarekin hitzartutako erabilera arauak zorrotz bete beharko dituzte.
Baldintza horiez gain, kirol elkarteek honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Eskola kirolari buruz Gipuzkoan indarrean dagoen araudia bete beharko dute.
b) Bakarka jarduten diren eta diru sariren bat jasotzen duten kirolariak ez dira baremoan sartuko eta, kirol talderen batean ari badira, beren gastuak eta diru sarrerak ez dira aintzakotzat hartuko taldearen aurrekontuak baloratzerakoan.
c) Entrenamenduak eta herriko txapelketak ez dituzte kirol instalazio pribatuetan egin behar, eta ezta beste herrietako instalazioetan ere; kirol horretarako instalazio publikoak herrian baldin badaude, behintzat.
d) Nahitaezkoa izango da diru laguntza jasotzen duten elkarteetako kirolarien % 70, gutxienez, oriotarra izatea edo Orion bizitzea.
Diru laguntza hauen onuradun izaera lortzeko betebeharrak azaroaren 17ko 38/2003 Diru Laguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoak izango dira.
Eskaeren aurkezpena
Eskaera egiteko, eranskinean jasotako eskaera orria bete behar da. Egitasmo edo jardueraren arduradunak eskaera orri ofizialaren atal guztiak bete beharko ditu eta, ondoren, Udaleko erregistroan aurkeztu. Eskaera orriarekin batera aurkeztu beharko dituzte:
x Taldeak Orioko Udalarekin egindako elkarlana kreditatzen duten agiriak.
x Herritar guztiei zuzendutako jarduerak antolatu izana kreditatzen duten agiriak.
x Beste erakunde pribatu edo publiko batzuetatik jasotako edo hitzartutako diru laguntzak behar bezala kreditatuko dituzten agiriak. Dirurik jasotzen ez bada, berriz, zinpeko aitorpena.
x Orioko Udalarekin egindako elkarlana azaltzen duen publizitatea.
Diru laguntzak eskatzeko azken eguna 2005eko apirilaren 22a izango da.
Eskaera orri ofizialaz gain, elkarteak aurkez ditzake bere jarduerari buruzko agiri osagarriak.
Diru laguntza lehendabiziko aldiz eskatzen dutenek, eskaera orri ofizialaz gain, ondoko agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
x Eusko Jaurlaritzako kultur elkarte edo erakundeen erregistroan erroldatuta daudela ziurtatzen duen agiria.
x Elkartearen estatutuak.
x Elkartearen curriculum vitae-a: orain arte egindako jarduerak, helburuak, giza baliabideak, baliabide materialak eta abar.
x Arduradun(ar)en nortasun agiriaren fotokopia.
x Identifikazio Fiskalerako Kodearen fotokopia.
Kirol taldeek, gainera, honako agiriak aurkeztu beharko dituzte:
OHIKO KIROL JARDUERETARAKO DIRU LAGUNTZA ESKATZEN DUTENEK
x Eskola kirola bultzatzeko, ikastetxeekin elkarlana egin izana kreditatzen duten agiriak. Hori kreditatu egin beharko da, bide hauetakoren bat erabiliz: ikastetxeko eskola kiroleko koordinatzaileak edo zuzendariak emandako agiri baten bidez, edo Aldundiaren inprimaki ofizialen bidez.
x Taldeko kideen kirol balantzea (sailkapenak, tituluak, izangaiak, etab).
EZOHIKO KIROL JARDUERETARAKO DIRU LAGUNTZA ESKATZEN DUTENEK
x Probaren historia edo nondik norakoak eta/edo parte-hartzaileen curriculuma
x Txosten teknikoa, jardueraren antolaketaren zehaztasunak emateko.
- Parte-hartzaileen kirol maila.
- Jardueraren esparrua.
- Parte-hartzaileen izenak, mailak edo adinak zehaztuta.
- Jarduerak noiz eta non izango diren.
- Jarduerari emango zaion zabalkundea (telebista, irratia, prentsa).
- Ikusle kopurua.
- Antolaketarako behar diren material eta giza baliabideak:
- Jarduera antolatuko duen pertsona edo taldearen fitxa osoa.
x Txosten ekonomikoa, jardueraren gastuak eta sarrerak zehaztuta
x Beste erakunde pribatu edo publikoren batetik jasotako edo hitzartutako diru laguntzak kreditatzeko agiriak. Dirurik jasotzen ez badute, zinpeko aitorpena.
x Erantzukizun zibil eta istripuetarako aseguruaren kopia. Agiriok ez aurkezteak diru laguntza jasotzeari uko egiten zaiola esan nahiko du. Era berean, datuak ezkutatuz gero edo egia esan ezean, diru laguntza hauek edo ondorengo batzuk jasotzeko eskubidea galduko da.
Eskaera egindakoan, agiriren bat falta bada, 15 eguneko epea izango du elkarteak aurkezteko, eta behin epe hori amaitutakoan, falta dena osatu ez bada, artxibatu egingo da eskaera.
Aurreko urteren batean eskaera egindako elkarte batek aldaketaren bat izan badu (estatutuetan, Identifikazio Fiskaleko Kodean eta abar), aldaketari dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
Diru laguntzak emateko ebaluazioa eta irizpideak
Dagokion batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu eskaerak, eta berak diktaminatuko ditu lehentasunak eta eman beharreko zenbatekoak. Ondoren, txostena egingo du, behin betiko erabakia hartzeko.
Diru laguntzak emateko baloratuko diren puntuak hauek dira:
OHIKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK
x Elkartearen sendotasuna eta herrian daukan pisua 20 puntu
x Atal teknikoen, barne antolakuntzakoen eta administratiboen kalitatea 20 puntu
x Elkartearen urteko egitasmoan kultura bultzatzeko egindako lana eta Orioko Udalarekiko elkarlana 50 puntu
x Festen antolakuntzan emandako laguntza 10 puntu
EZOHIKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK
x Egitasmoaren edo jardueraren kalitatea.
x Jardueraren helburuak eta izaera.
x Herritarrentzat izatea eta aurkeztutako egitasmoa herritarrei zabaltzea.
x Kolektibo berezientzako jarduerak izatea edo horien parte-hartzea bideratzea: 3. adina, haurrak, ezinduak, etorkinak eta, orokorrean, kultur edo kirol ekintzetatik aparte egon ohi diren kolektiboak?
x Taldearen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna.
x Partehartzaileen kopurua, iraupena, jardueraren esparrua eta zabalkundea.
x Kalitatea atal teknikoetan, barne antolakuntzakoetan eta administratiboetan.
x Jardueraren kalitatea
x Jardueraren finantzatze maila
x Jarduera antolatzeko azpiegitura eta giza baliabideak
x Jardueraren lehia maila (kirol jardueren kasuan)
x Orioko herria nabarmentzeko eta ezagutzera emateko baliagarri izatea
x Bere jarduera esparruan euskara erabiltzeko egindako ahalegina.
Elkarteak jarduerarako jasotzen dituen diru laguntza publiko edo pribatuen kopurua ez da inoiz izango jardueraren kostua baino handiagoa. Dagokion aurrekontu partidan gehienez jarria dagoen diru kopurua bukatu artean emango dira laguntzak.
Proposatzen den diru laguntzaren kopuruak ez du programaren aurrekontuaren % 50 gaindituko, aparteko kasuetan izan ezik. Aparteko kasu horiek dagokion batzordean eztabaidatu eta onartuko dira.
Diru laguntzen ordainketa
Diru laguntzak bi epetan ordainduko dira:
Erabakiaren jakinarazpenarekin batera taldeari diru laguntzaren %75 ordainduko zaio.
Gainerako %25 jarduera edo egitasmoaren memoria jasotakoan ordainduko da. Memoria hori 2005eko abenduaren 23a baino lehen aurkeztu beharko dute elkarteek. Memoria horretan gastuen ordainagiriak eta aurreikusitako jarduerak burutu direla egiaztatuko duten agirien dossierra sartuko da (kartelak, argitalpenak, egunkarietako agerpenak eta abar). Dagokion teknikariak sinatutako aldeko txostena ere beharko da. Bigarren ordainketa, aurreko tramite eta betebehar guztiak bete ondoren egingo du Udalak.
Agiriok aurkezten ez badira, elkarteak galdu egingo du onartutako zenbatekoa.
Ezohiko kasuetan dagokion udal batzordeak diru laguntzen ordainketa beste moduren batera egitea erabaki dezake.
Publizitatea
Diruz lagundutako jardueren publizitatea euskaraz egingo da; ele bitan ere egin ahal izango da, beti ere euskarari lehentasuna emanez. Orioko Udalaren laguntza nahitaez adierazi beharko da.
Baldintzak ez betetzea
Oinarriotan jarritako baldintzak betetzen ez badira, diru laguntza emateari utzi egingo zaio, eta halakoetan, gainera, aurrez jasotako diru guztia itzuli egin beharko du elkarteak.
Interpretazioa
Oinarrion interpretazioan edo ezarpenean sor litezkeen zalantzak dagokion udal batzordeak erabakiko ditu.
AZKEN XEDAPENA
Udalaren helburuetara modu progresiboan iristeko, 2005. urtean kontuan hartuko da, diru laguntzen kopurua zehazterakoan, aurreko urtetan elkarte bakoitzak jasotakoa, elkarteen proiektuetan etenik egon ez dadin. Kontuan hartuko da, baita ere, elkarteak aurreko urtean egindako jardueren balantzea.
