Gozategi taldea
Euskal musika beroa
Trikitixak beti alaitu izan ditu Euskal Herriko festak. Geure kale eta plazetan giro ezin atseginagoa sortu izan du beti soinuaren eta panderoaren arteko elkarrizketak; eta gaur egun ere halaxe gertatzen da: arrakastatsua suertatzen da edonon trikitixaren doinu alaia, herritarren dantzarako grina piztuz eta festarako gogoa eraginez. Trikitixaren ahalmen horren adibide garbia da Gozategi musika talde oriotarra.
Antzinatik datorren tradizioa oinarri hartuta, gaur egungo musika molde berriak lantzen asmatu du Gozategik. Triki-pop delakoa egiten dute, trikitixa jatorra eta gaur egungo estilo modernoago batzuk uztartuz. Konbinazio atsegin horrekin, trikitixa jende asko eta askorengana zabaltzea lortu dute. Oraingoz plazaratu dituzten lau diskoekin, ezagun eta arrakastatsu bihurtu dira Euskal Herrian eta atzerriko beste zenbait tokitan ere.
Gozategiren lehen diskak Gozategi du izena, eta hura izan zen taldea berehala ezagun eta jendearen gustuko bihurtu zuen diskoa. Trikitixa berri bat hasi zuen lan honek, jende askori arrotza zitzaion musika mota bat hurbilduz.
Ainhoa izan zen Gozategiren bigarren lana. Disko fresko eta hurbila da; reggae edo dub musika motengandik gertu dauden kantuez gainera, fandango eta arin-arin erraz eta aberatsak eskaintzen dituena.
Hirugarren diskoak Gozategiren arrakasta eztabaidaezina ekarri zuen, trikitixa berriaren gailurra. Kalanbreak benetako kalanbreak eragiten dizkio haien doinupean dantzan hasten denari. Euskal musika beroa da, inondik ere, hamahiru kalanbre hauetan eskaintzen zaiguna.
Egunon izena darama Gozategiren laugarren lan honek. Oraingoz Gozategiren azken diskoa den honetan, baikortasuna da nagusi, eta bere hasierako doinuetara itzuli da taldea. Abestien letragileen artean beste hiru oriotar topa ditzakegu, lehendik ere Gozategirekin lan egindakoak direnak: Iņaki Gurrutxaga, Ibai Esoain eta Xabier Sukia bertsolariak.
