Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Kultura »  Izen handiko herritarrak »  Anjel Lertxundi

Anjel Lertxundi

Izen handi bat euskal letren munduan

Anjel Lertxundi

Idazle punta-puntakoa da Anjel Lertxundi oriotarra. Andu baserrian jaio zen, 1948an, eta horregatik du “Andu” ezizen. Idazle ezagun eta estimatua da Lertxundi, ibilbide literario emankorreko idazle handia. Euskal literaturari ezezik, euskal kultura osoari ere egin dio bere ekarpena; izan ere, irakasle, kazetari, gidoigile eta zinema zuzendari gisa ere aritu baita lanean.

Euskararekin eta euskal kulturarekin konpromezu estua agertu du beti Lertxundik. Kultura unibertsalak gu geu izatea, geure ahots propioz hitz egitea eskatzen digula azpimarratzen du behin eta berriz. Ez da azaleko eztabaida arinetan sartu zale, ez da arrabotsa piztu zale, zuhurtziaz egiten du bere lana baina bere jardunari pisurik kendu gabe, autozentsurarik gabe. Idazlearen irakurlearekiko eta testuarekiko konpromezua nabarmentzen ditu, eta beti agertu izan da tinko jarrera etiko baten alde.

liburua liburua liburua

Euskal letrek duten intelektual aipagarrienetakoa da Lertxundi. Ekarpen sakon eta serioak egiten ditu; estiloa duintzearen alde gehien egin duen euskal idazlea dela esan ohi da; euskara garbi eta jasoa darabil; bere liburuak “Biharko klasiko bat” esaera daramaten txartelarekin saltzen dira; euskal nobelagintzaren berritzaileetako bat da; idazketari eta kulturari estu-estu lotuta bizi den idazle peto-petoa da Lertxundi... (Ez litzateke gehitxo esatea, geure Italo Calvino partikularra dela nolabait.)

Saizarbitoria, Urretabizkaia eta Irigoienekin batera, 64. urteko belaunaldiko idazlea dela esan ohi da (40ko hamarkadan jaiotako idazle euskaldunen belaunaldikoa). Idazle da lanbidez, baina, lehenago, irakaskuntzan eta kazetaritzan aritu zen hainbat urtez. Gaztetan, Maisu eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian; ikasketa eliztarrak ere egin zituen, baina haiek utzi eta irakasle eta kazetari gisa jardun zuen. Gaur egun, literaturgintzan dihardu batik-bat. Nobelaz eta ipuin-bildumaz gainera, artikulugintza, saiakera eta haur eta gazte literatura ere lantzen ditu. Euskaltzain urgazlea da, Euskal Idazleen Elkarteko lehen presidentea izan zen (1983), sari ugari jaso ditu (Euskadi literatur saria bi aldiz, Kritika Saria bi aldiz...)...

Izen handiko idazlea dugu Lertxundi. Gaur egun, punta-puntako idazlea da euskal literaturaren eremuan; eta bere azken lan batzuk gaztelerara itzuli direnez, euskal literaturaren ordezkari moduko bat ere bada espainiar estatuko beste kultur eremuetan. Datozen belaunaldiek ere kontuan hartuko duten idazlea da Lertxundi inondik ere. Guri, zorionez, haren garaikideak izatea egokitu zaigu.