Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Kultura »  Izen handiko herritarrak »  Anjel Lertxundi »  Ibilbide literarioa

Ibilbide literarioa

Emankortasuna eta eklektisizmoa

Hona hemen Anjel Lertxundiren Azkenaz beste nobelari buruz plazaratutako lan batean, Estibalitz Ezkerrak eta Ińigo Fernandezek (EGAN aldizkarian, 1998-3/4, 50. zenb.) idazle oriotarraren ibilbide literarioari buruz egindako laburpena:

Nire nobela bakoitza ezberdina da, erabat ezberdina, bai gaiez bai tratamenduz bai egituraren aldetik eta abar. Aterako zaizkit gauzak ondo edo ez, baina beti beste buelta bat eman beharra diot lanari.

Anjel Lertxundiren beraren aipu horrek argi pixkat egin dezake bere ibilbide literario emankorraren gainean.

Ignacio Aldekoak esan bezala, Lertxundi izan zen 70eko hamarkadan “Hego Amerikako nobelagileek mundu osoan arrakastatsu bihurtu zuten literatur gustu eta zaporea euskal literaturara ekarri zuena”. Hogeita bi urte besterik ez zituela Hunik arrats artean (1970) ipuin-bilduma kaleratu zuen, eta Ajea du Urturik (1971) nobela alegorikoan ere presente dago Hego Amerikar kutsua. Goiko kale (1973) autobiografikoan haurtzaroraino joango da idazlea, eta bertan, J. Kortazarrek azpimarratu duen moduan, haurtzaroko kontaera baten intimitatea bilatuko du. Narratzaileak seminariora joatea erabakitzen duenean bukatzen da nobela.

Bernardo Atxagaren Bi anairekin batera, 80ko hamarkadako euskal nobela bikainenatzat jo izan da Hamaseigarrenean, aidanez (1983). Garai haietan egindako ahaleginak nabarmenak dira nobela honetan, egitura oso zaindua baitu baserri giroko tragedia honek.

Carla (1989) eta Kapitain Frakasa (1991) Anjel Lertxundi bere etapa heldueneraino eramango duten transizio nobelak izango dira. Kritikak esandakoari bagagozkio, lan hauek “hizkuntza literario eta mundu berrien esplorazio sasoian” sortu zirela idatzi zuen Aldekoak, eta Kortazarrek ere esperimentazio narratiboaren fruitu direla adierazi zuen.

1994an Otto Pette nobela argitaratzen du Lertxundik; bat baino gehiago “lehertxundituta” utzi duen liburua, Joxerra Gartziaren hitzetan. Egia esan, Otto Pette euskal literaturaren erreferentzi puntu bilakatuko da Obabakoaken ostean. Lan horrekin, Lertxundiren azken aldi honetan, obrarik onenak, maisulanak eman ditueneko garaian sartzen gara; hemen ikus daitezke argi, besteak beste, egilearen aberastasun lexikala eta heldutasun estilistikoa. Otto Petten ez da denbora historikorik aipatzen, ezta espazio geografiko jakinik ere. Bertakoa Erdi Aroan girotutako gertaera da, baina gaur egungo literatur moldez landua.

Ondoren, Alberdania argitaletxeak Ifrentzuak saila sortu zuen Lertxundirentzat; sail honek Euskal Herriko ahozko tradizioa eta Europako tradizio idatzia ditu aztergai. Sail honetakoak dira idazle honen azken lau obrak: Piztiaren izena (1995), demonologiaren inguruko narrazio eta glosez osaturik dago; Azkenaz Bestek (1996) gai antzekoa lantzen du, Europar tradizioko judu herratuaren mitoa berreskuratuz, baina nobela traza du; Letrak kalekantoitik (1997) harribitxiak, berriz, hiztegi forma-edo du, eta esamoldeen jatorriak, kontuen alde ezkutuak, hitzen gorabeherak eta abar azaltzen dizkigu; azkenik, Argizariaren egunak (1998) eleberri moderno bat dela esan daiteke, azpioharren gainean eraikitako nobela, non narrazio-mailekin etengabe jolasten den idazlea. Idazkera bera genuke azken nobela horren giltzarri. Esan bezala, azken urteotan lau obra handi eman ditu Anjel Lertxundik. Ifrentzuak saileko lan horien artean ezberdintasun handiak daude, eta horixe da, hain justu, Lertxundik berak azpimarratzen duenaren frogarik argiena: Nire nobela bakoitza ezberdina da, erabat ezberdina, bai gaiez bai tratamenduz bai egituraren aldetik eta abar. Aterako zaizkit gauzak ondo edo ez, baina beti beste buelta bat eman beharra diot lanari.

(EZKERRA, Estibalitz; FERNANDEZ, Ińigo. “Ezin hilez bizirik”. EGAN, 1998-3/4, 50. zenb., 63-88 orri.)

Lertxundi: eklektisizmoa eta nobela-esperimentazioa

(Mari Jose Olaziregi)

Anjel Lertxundiren obra ez da oraindik sakonki aztertu. Oriotar idazlearen ibilbide literarioaren azterketa sakona egiteko dago. Hala ere, baliteke oraindik goiz izatea zeregin horretarako, lanean gogor, liburuak idatzi eta plazaratuz jarraitzen baitu Lertxundik. Hala ere, zorionez, badugu haren orain arteko lanari buruzko azterketa serirorik. Euskal Filologian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitatean literatura irakasle den Mari Jose Olaziregik nahikoa errepaso interesgarria eman dio Lertxundiren obrari; UNED (Universidad Nacional de Educación a Distancia) delakoak eskatuta, XX. mendeko euskal nobelagintza laburtu du Olaziregik, eta lan horretan tarte nahikoa zabala eskaini dio oriotar idazlearen lanari. Gazteleraz idatzia dago lan hori, “Historia de la literatura vasca” (Madrid: UNED ediciones, 2000) libururako egin zelako (orri honen gaztelaniazko bertsioan klik eginda irakur dezakezu).