Benito Lertxundi
Euskal bardo bat XXI. mendean
Euskal Herriko musikari eta kantari handienetakoa da Benito Lertxundi. Benetako bardo bat ere bada Benito; hau da, poeta epiko-liriko erdi euskaldun eta erdi zeltiar bat. Oriok musikaren alorrean inoiz eman duen pertsonaia ezagunena izateaz gainera, Euskal Herriko musikagintzaren gailurretako bat ere bada. Bere herriari eta kulturari lotutako kantaria, sentsibilitate oso fineko gizona, sakontasun bereziko sortzailea.
Euskal musikaren ordezkari nagusienetakoa izan da urte askotan. Hamarkadak daramatza musikaren munduan lan eta lan egiten, eta gai izan da, denbora guzti horretan, ibilbide artistiko propioa eraikitzeko. Ez dok Amairu talde mitikoarekin egin zituen bere lehen urratsak musikaren alorrean.
1965ean, kantatzea gustatzen zitzaion oriotar gazte bat nintzen, eta Donostian egingo zen bilera batera deitu ninduen Mikelek (Laboa). (...) Egia esan, bilera hura ez nuen tutik ere ulertu. Baina bilera horrek beste bilera bat ekarri zuen, eta honek beste bat. (...) Horrela, pixkana-pixkana gauzak finkatuz joan ziren, eta neurri batean jorratu ahal izan genuen egitasmo hura. Ez dok Amairu bataio moduko zerbait izan zen niretzat. Oinarri tinkoa. Eta oso suerte onekoa sentitzen naiz guzti hartatik pasa izanagatik. Handik, pixkana-pixkana, beste kantari mota bat jaio baitzen
Euskal Herriko Unibertsitateak Ez dok Amairukoei emandako domina dela- eta, Benitok berak esandako hitzak dira horiek. Oteiza oriotarrak proposaturiko “Ez dok Amairu” izenpean sortutako taldea oso garrantzitsua izan zen, Benitorentzat ez ezik, frankismo garaiko euskal kultura debekatuarentzat ere. Benitok berak, taldetik kanpo, zazpi single atera zituen 1967 eta 1969 urte bitartean (geroago bere lehendabiziko LPean bilduko zirenak), eta ordurako nabarmena zen kantari handi eta oparo baten hasiera zela hura. Euskal musikagintza berriaren protagonistetako bat izango zen Benito Lertxundi, inondik ere.
1969 eta 1971 urte bitartean galarazi egin zioten Gipuzkoa eta Bizkaian kantatzea. Baina oriotarrak ez zuen etsi, ezta hurrik eman ere; martxa hartua zuen ordurako. 1973. urtean bere bigarren diskoa plazaratu zuen, Oro laño mee batek, Lizardiren poema batzuetan oinarrituta. Hurrengo urtean, Zuberoako kantez osatutako ...eta maita herria, ükhen dezadan plazera diska kaleratu zuen, eta geroago etorriko ziren: Zuberoa-Askatasunaren Semeei (1977), Altabizkar (1985) Itzaltzuko bardoari (1981), Gaueko ele ixilen balada (1985), Mauleko bidean... izatearen mugagabean (1987), Pazko gaierdi ondua (1989), Hunkidura Kuttunak (1993), Hunkidura Kuttunak II (1994), Hitaz oroit (1996)...
Zuberoak eta Zuberoako kantu zaharrek asko erakartzen dute Benito, eta kantariak sentiberatasun berezia du, baita ere, zeltiar doinuentzat. Hor dago sortzailea, arbasoengandik jasotako altxorra birmoldatuz, eta zeltiar tendentzia berriak ere landuz. Tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia dugu oriotar kantaria. Hiru belaunaldik bat egiten dute XXI. mendeko euskal bardo honen lirika eta ahotsean.
Benitoren inguruan sarean gehiago: Oriotik Internetera
