Benito Lertxundi eta Orio
Harreman luze, sakon eta estua
Orion jaioa da Benito Lertxundi, hedabideek behin eta berriz gogorarazten duten bezala; eta Orion bizi da, gainera. Gipuzkoako herrixka honek azken urteotan eman dituen hiru jenioetatik, Benito da Orion bertan bizi den bakarra. Orion du bizileku, Orion du betiko kuadrilla, Orion du familia... Benitok.
Bitxia da gero: Jorge Oteizari buruz jarduteko nahikoa izaten dugu haren abizena aipatzearekin; Anjel Lertxundiri ere, Lertxundi esaten diogu soil-soilik, edota bestela Andu (jaio zeneko baserriaren izena gogora ekarriz). Baina Benito Lertxundiri buruz hitz egiteko, Benito esaten dugu, ia nahi gabe. Gertu sumatzen dugulako-edo, Benito, haren izena esaten dugu huts-hutsik, munduan beste Benitorik izango ez balitz bezala.
Sarritan ikusten dugu hondartza inguruan itsasoari begira; edota Urola Kostako errepideetan, bizikletari gogor egiten; edo bere lagunekin, gure Oria ibaiaren urertzean paseoan... Barnetik bizi duen inguru horri sarritan kantatu dio Benitok: Orioko itsas-bazterrari, Oria ibaiari, Orioko neskatxaren bati...
Orain mende bat Orioko hondartzan harrapatutako baleari jarritako bertso ezagunak, are ezagunagoak bihurtu zituen Benitoren ahotsak. Bederatzi dira Benito Lertxundik kantatzen dituen Balearen bertsoak; lehendabizikoa eta azkenekoa ekarriko ditugu hona:
Milla bederatzireun da
lenengo urtian .
Maiatzaren amalau
garren egunian.
Orioko erriko
barraren aurrian,
balia agertu zan
beatzik aldian.
Bertsoek kontatzen digutenez, borroka luze baten ostean, hamabi metro luze zen balea harrapatzea lortu zuten oriotarrek, traineru, arpoi eta dinamitaren laguntzaz. Honakoa esanez amaitzen dira bertsook:
Gertatua jarri det
egiyaren alde.
Au horrela ez bada
jendiari galde,
biyotzez pozturikan
atsegintsu gaude,
gora oriyotarrak
esan bildur gabe.
Orioko barraren aurrean harrapatutako balea, ordea, ez da Benitoren abestietan Oriori egiten zaion errreferentzia bakarra. Benitoren beste abesti ezagun batek gezurra ez badio behintzat, honako kanta ezagun eta ederrak ere Orioko neskaren bati idatzitakoa behar du izan (Nere herriko neskatxa maite abestiaren lehen pasartea dakargu):
Nere herriko neskatxa maite
Ahozko lorez zaitut gaur laztantzen
Itsaso garden, lur gozoko landare,
Kresalaren usain, zeru kolore
Nere bihotzaren taupaden hotsez
Zure grazia dut kantatzen
Oria ibaiari ere kantatu diola esan dugu lehen, eta egia da. Benito izan da Oria ibaiari, gure errioari, hitzik ederrenak esan dizkiona, bere kanturik ederrenetako batean, gainera. Gure herriaren metafora zoragarri bat ere bada kantua. Benitok ibaia dioenean Euskal Herria ulertu, eta euskaldunon bizi nahiari egin zaion kanturik politenetakoa izango baitugu barne indarrari egindako bizitzaren kantu hau:
Gure bazterrak bustitzen dituzun ibaia,
aspaldian ustelkeriz zikindurik zatozena.
Zigortzetik utzi zaituen une beretik ikusten dut,
oraindik ere bizi nahia, borondatea eta maitasuna,
igeri dabiltzala zure haunditasunean.
Zugan daramakiten pozoiketa ez da nahikoa
zure hats bizikorra itotzeko.
Zure menperatzaileei dena barkatuz bezala,
osasuntsu ageri zara eta oraindik gazia den zure gatza
eskertzen dizute arraitxoek.
Nik zure barnetaraino murgildu nahi dut gaur
zure maitasunean igeri egin eta hantxe zure bustitasunean
abiatuko naiz heriotza menperatzeko duzun sektretoaren bila.
Eta han, zure bihotzaren erdian,
nere ahalmen guztiak txertoaren gisa ixuri nahi nituzke
etsaiaren atzapar beltza eror ez dakizun,
edertasun guztien leku izan nahi duzunez gero
hala izan zaitezen.
Bizitzaren kantu zaren Oria ibaia.
