Jorge Oteiza
Jenio handiko jenioa
Langile metafisikotzat jotzen dut neure burua. Jorge Oteiza
Euskal Herriak inoiz eman duen eskultorerik handienetako bat izan da Oteiza, eta bere obra oso ezaguna da atzerrian ere. Jenio biziko sortzailea izan zen Oteiza, nortasun handi eta izaera biziko sortzailea. Autore handienei gertatu ohi zaien moduan, gaizki ulertua edo ezulertua izan zen urte askotan bere obra, haietan metafisikaraino egiten baitzuen bidaia sortzaile oriotarrak; denbora, espazioa, Jaungoikoa, Ezereza...
Oteizaren proposamen estetikoak zerikusi handia izan zuen euskal kulturaren modernizazioarekin, eta haren ekarpenak, bereziki eskulturaren alorrean, garrantzi handikoak izan ziren oso. Poesiaren alorra ere dezente landu zuen, eta haietan ere nabarmen ageri zen bere nortasun berezi eta izaera indartsua. Hala ere, bere eskulturak izan ziren ospetsu bihurtu zutenak. Oteizak ez zuen ohiko eskultura figuratiborik egiten; harriak hustu egiten zituen Oteizak. Hutsuneak betetzen duen lekua, eskulturaren baitako hutsuneak du garrantzia haren obran.
Orion dago Oteizaren obraren abiapuntua. Orioko hondartzan topatu zuen eskultoreak hutsunearen handitasuna. Hutsunea babeserako leku gisa, angustiaren eta heriotzaren aurkako ihesbidea... Ideia horren inguruan eraiki zituen Oteizak bere pentsamendu eta obra osoa.
Txikia zela, Orioko hondartzan ahoz gora etzan, eta zerura begira geratzen zen, hara hondar bila joandako gurdiek utzitako zuloetan; eta han deskubritu zuen hutsune babeslea. Zulo borobilaren barrutik begira, zeru sakratua sumatzen zuen; zulo ilunenetik Jainkoaren argiaren handitasuna igartzera iristen zen. Hortik abiatuko zen Oteiza esperientzia estetiko orok jatorri erlijiosoa duela esateko, Kromletx borobil eta hutsaren garrantzia azpimarratzeko, edota harria hustu eta barruan gordetzen den estatua aurkitzen asmatzeko.
Quousque Tandem...!, interpretación estética del alma vasca liburu sonatuan honela utzi zuen idatzita Oteizak (jatorrizko bertsioa gaztelerazko orrialdean topa dezakezu; euskaraz nahiago baduzu, hona hemen geure itzulpena):
“Haurtzaroan, Orion, nire jaioterrian, hondartzara eramaten gintuen aitonak paseoan. Hondartzaren barrualdean zeuden zulo zabal batzuk biziki erakartzen ninduten. Haietako batean ezkutatzen nintzen, ahoz gora, nire gainean agertzen zen zeru-espazioari begira, nire inguruan zen oro desagertu egiten zen bitartean. Zeharo babestua sumatzen nuen han nire burua. Baina zerengandik babestu nahi nuen nire burua? Txikitatik, ezereza xume gisa sumatzen dugu geure esistentzia. Gauzaz, emozioz, mugaz gainezka dagoen zirkulu ezezkor modura agertzen zaigu esistentzia, eta haren erdigunean, geure bihotzean, heriotzari diogun beldurra sumatzen dugu -heriotzaren kontrako sentipen gorena den beldurra-. Txikia nintzela hondartzako zulo hartan bizi nuen hura -zuek ere antzekoak bizitakoak izango zarete- nire ezereza txikitik zeruaren ezereza zabalera egindako ihes-bidaia zen, salbazio-grina asetzeko egindako ihesaldia. Haurraren deserosotasun edo itoaldi horretan pizten da gizakiok definitzen gaituen esistentziaren sentimendu tragikoa, eta itoaldi hori bera da espiritu-salbaziorako hiru bide posibleetatik –filosofia, erlijioa eta artea- gutxienez batera hurbiltzen gaituen sentimendua. Zera esan genezake, hiru disziplina horiek, teknikoki idepedenteak diren arren, gizakia eta Jaungoikoa harremanetan jartzen dituztenak direla, geure bihotzean nahastu eta korapilatzen diren disziplinak. Bide haietatik bat aukeratu duen edonork, -eta biderik aukeratu ez duenak ere-, bere haurtzaroko oroitzapenetan topatuko du bide horietako batera jotzeko duen joera naturala.”
Jorge Oteiza 2003ko apirilaren 9an hil zen.
JORGE OTEIZA
