Oteiza eta Orio
Haurtzaro ahanztezina
Diotenez, haserre utzi zuen Oteizak Orio, bere jaioterria. Jenioaren hitzetan -kaleko mintzoak dioenez, beti ere-, munduko udaletxerik itsusiena omen zuen Oriok, inoiz egin zitekeen eraikinik zabarrena eta horregatik adierazi zuen, inoiz, ez zela gehiago Oriora azalduko. Geroztik, Zarautzen eta Nafarroa aldean bizi izan zen Oteiza; eta ez zuen bere jaioterriarekin inongo zerikusirik eduki nahi izan, bizitzako azken urteetara arte. Maitasun-gorroto antzeko bat izan zuten urte askotan Oteiza eta Oriok.
Oteizak ez zuen, ziurrenik, bere jaioterriaz entzun ere egin nahi; bere barrenak, ordea, Orio ekartzen zion gogora behin eta berriz. Horren lekuko dira Oteizaren obran Oriori tarteka egiten zaizkion aipamenak. Quousque Tandem...!, interpretación estética del alma vasca liburu entzutetsuan zera aitortzen du Oteizak: Orioko hondartzan deskubritu zuela hutsunea; gerora bere obraren abiapuntu nagusia izango zen hutsune erlijiosoa Orion topatu zuela. Orion egindako haurtzaroak betirako markatuko zuen eskultore handia. ITZIAR elegía y otros poemas poema-liburuan ere behin baino gehiagotan aipatzen ditu Oteizak Orioko hondartza eta Oria ibaia. Sortzailearen bihotzean leku berezia hartua zuen betirako Oriok.
Bere bizitzako azken urteetan, Oteiza agure maitagarriak bakeak egin zituen, hala ere, bere jaioterriarekin. 2000. urtean "Jorge Oteiza: Marrazkiak, irudiak eta hitzak" erakusketa zabaldu zuten Orioko kultur etxean; eta, gainera, Oteizaren bi eskultura jarri ziren Orioko kaleetan: beste oriotar batek, Peronak, egindako Pietatea lanaren tamaina handiko kopia bat; eta Oteizak bere osaba zenari, Victor Enbil pilotariari, egindako eskultura bat. Amaiera polita izan zuen, beraz, Orio eta Oteizaren arteko harreman bitxiak.
