Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Kultura »  Kultur Etxea

Kultur Etxea

Mota guztietako ekitaldientzako txokoa

Eusko Gudari kalea, 26 -20810 Orio GIPUZKOA - 943 13 44 09

Garai batean eskola eta maisu-maistren etxea izandako eraikuntza behera bota zen kultur etxea egiteko. Denbora luzez sakabanatuta egondako zerbitzu kulturalak leku berean jartzea izan zen helburuetako bat etxe berria egiteko, zerbitzu horien kudeaketa zuzenago eta egokiagoa egiteko eta herritarrei erabilpena errazteko.

kultur etxea

1996ko azaroan zabaldu zituen ateak kultur etxeak, eta Aita Lertxundiren heriotzaren mendeurrena zela eta, hilaren 8, 9 eta 10ean egindako ekitaldi nagusiak jaso zituen, tartean misiolari oriotarrari buruzko erakusketa eta hitzaldiak. Jakintza gai eta ikerketa ugari egindako eliz-gizon jakintsuari buruz hitz egin zuten batzuek eta Andu Lertxundi idazlea izan zen kulturaren esanahiaren gainean aritu zena zuzenean.

Kultur etxeak 150 m2-ko azalera du oinean eta hiru soilaru ditu. Goikoan biblioteka publikoa dago, eta, komunekin batera, dena hartzen du alde batetik bestera. Egurrezko estalera ederrak goxotasuna eransten dio eta oso argitsua da. Bi eremutan banatuta dago: bata umeentzako irakurgela da eta txikiei egokitutako altzariak ditu; bestea helduentzat da, irakurketa eta ikasteko balio duena. Bien artean, arduradunak du lekua. Hamar mila bat liburu ditu eta mailegu zerbitzua ere eskaintzen du. Bere fondoak informatizatzeko lanak bukatzen ari dira, eta Interneteko zerbitzua ere eskaintzen du. Arratsaldez dago zabalik 16:00etatik 20:00etara.

Horren azpian bi ikasgela, bilera gela bat eta hiru bulego —kultur teknikariarena, esaterako— daude. Euskaltegiak eskolak emateko hartzen ditu ikasgelak eta erabiltzen dira, baita ere, bestelako ikastaroak emateko: informatika, tailerrak… Karkarak Aia eta Orioko aldizkariak lanerako duen gela ere solairu honetan dago.

liburutegia

Kaleko oinean harrera eta areto nagusia daude. Aretoa handi samarra da: 15 m. luze eta 9 zabal; eta, bertan, erakusketak, dantza eskolak, kontzertuak, hitzalidak, zine-emanaldiak eta horrelakoak izaten dira. Soinu-ekipoa badu, baita bideoproiektorea eta eszenatokia ere.

Azkenik, sotoan bi biltegi, tailer bat, makinaria gela eta galdarak daude. Igogailua ere badu eraikinak.

Kultur teknikaria dago guzti horren ardurarekin (Iñaki Gurrutxaga) eta eskaintzak, jarduerak eta kulturgintzako taldeen lana koordinatzen du. Atezain bat ere bada guztiaren funtzionamendua eta zerbitzuen erabilpen zuzena ziurtatzeko.