Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Kultura »  Pintoreak »  Iñaki Etxeberria Oliden

Iñaki Etxeberria Oliden

Artegintza eta bizitza uztartzen

Hobby moduan margotzen zuen hasieran Iñakik, baina bere lanek gertuko jendearen artean lortzen zuten arrakasta ikusita, brotxari serio heltzea erabaki zuen. Marraztu eta margotzeko zaletasuna txiki-txikitatik dauka (1969. urtean jaiotakoa da); sei urterekin aitaren baporea (Orioko San Luis) margotzen zuen behin eta berriro, eta gero ere, eskolan, margotzen ematen zituen orduak. Traineruak margotzen zituen eskola orduetan: traineruak, arraunak, arraunlariak, estropadak... Arraunlaria izan baitzen Iñaki garai haietan, hamaika urtez.

lanak lanak

Arrauna ezezik, bere jaioterria ere utzi egin zuen 1994. urtean, eta Costa Ricara joan zen bizitzera. Gaur egun han bizi da, Puerto Viejo izeneko herrixka batean; hala ere, Iñakik ez du erabat eten Oriorekiko harremana. Hemen ditu senideak eta betiko lagunak, eta aldian-aldian haiei bisita egitera etortzen da, besazpian berak egindako lan batzuk ekartzen dituela.

Iñakik, batez ere Costa Rican heldu zion serio brotxari. Hemen, ikasketak bukatu ostean, mekaniko moduan aritu zen lanean, eta hobby gisa zuen pintatzearena; baina berak egiten zituen lanak jendeari gustatzen zitzaizkiola ikusita, gehixeago saiatu eta bizimodu bezala hartu zuen itsasoaren bestaldera joan zenean. Denetarik margotu du Iñakik: egurrean, errotuluak, paretak, kamisetak... Mota guztietako enkarguak jasotzen ditu: koadroak, jatetxeetako publizitateak, oleoak, muralak...

“Pintatu, musika jo eta bizitzera”, edo beste hitzetan esanda, “hemen egiten ez dena egitera” joan zen Iñaki Costa Ricara, eta lortu du. Margotzetik ateratzen du bizimodua, reggae-a egiten duen musika talde batean jotzen du baxua, eta hemengoa ez den beste barne patxada batez bizi da han. Giro rastafarian bizi da Iñaki, eta nabarmena da hori bai bere lanetan, bai bere pentsakeran eta bai bere bizikeran ere. Artegintza eta bizitza uztarturik ulertzen ditu, eta ez du hitzik kamisetak eta abar margotzea arte txikitzat jotzen dutenentzat. Bere ustez, “milaka forma ditu artegintzak, eta norberak berea bilatzen eta lantzen du”.