Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Albisteak - Noticias »  AMETSA GAZTELEKUAK ASTELEHENETIK AURRERA ATEAK ZABALIK IZANGO DITU

Itzuli albisteetara »

2008-03-28 / 12:06

AMETSA GAZTELEKUAK ASTELEHENETIK AURRERA ATEAK ZABALIK IZANGO DITU

C:\Documents and Settings\Pc1\Escritorio\DSCN0727.jpg

Joan den asteartean, martxoak, 25, Ametsa gaztelekuaren inaugurazio ekitaldia izan zen. Orion gaztetxoentzako topaleku eta jolastoki bat sortzeko proiektua gauzatzen hasi da, eta datorren astelehenetik aurrera ateak zabalik izango ditu 10 urtetik 16ra bitarteko herriko gaztetxo guztientzat.

Astearteko ekitaldia Txurrumuskiko gazteek berek dantzatu zuten aurresku batek abiatu zuen, lokalaren kanpo aldean; ondoren, herriko apaizak eta alkateak hitzaren bidez babesa eskaini zioten elkarte berriari, eta Egoitz Eizagirrek bi bertso eder bota zituen. Borobiltzeko, Beņat Solaberrietak eskerrak eman zizkien Ametsa proiektu izatetik errealitate bihurtu arteko bidean Txurrumuskikoei lagundu dieten guztiei eta adierazi zuen denentzat zabalik daudela. Gero, denak barrura sartuta, lokala ikustearekin batera, edariak eta pintxo ederrak dastatzeko garaia izan zen.

Biharamunean, Ametsan monitore lanetan arituko diren gazteek bilera bat egin zuten bertaratu ziren gaztetxo guztiekin, haien gustuak, beharrak eta iritziak entzuteko eta denen artean gaztelekuaren martxaz jarduteko.

Hauexek dira Egoitzek Ametsari kantatu zizkion bertsoak:

Koskarik koska nuen txikitan

jolasik gustokoena

hainbeste koska pasata gero

ederra da garaipena

bidegurutze asko ta gero

hartu du bide zuzena

herri guztian babesarekin

askon lana ta kemena

nahiz ta hastea ez den erraza

bideko mila problema

azken finean gaur egia da

ametsa zirudiena.

Bi amets klase daude bizitzan

amestea da normala

batzuk ahaztu egiten dira

esnatu ta berehala

ta bizi gera inoiz eduki

ez bagenitu bezala

ta beste batzuk irauten dute

denbora igaro ahala

horien artean sartu behar da

gaur zabaldu den lokala

baina lokal huts izan ez dadin

ametsak iraun dezala.