Udaleko euskara teknikari bat aldi baterako kontratatzeko oinarriak
1. Deialdiaren xedea
Deialdi honen xedea da euskara teknikari bat kontratatzea, aldi baterako, deialdi librean eta lehiaketa bidez, Euskara Biziberritzeko Plana Orion garatzeko 2003-2006 plangintzaldian.
«Obra edo zerbitzu jakin baterako» kontratua izango da. Kontratu honentzat aurreikusitako iraupena 2006ko abendura bitartekoa da. Nolanahi ere, Orioko Udalak amaitutzat joko du denboraldi baterako lan kontratuaren iraupena Udaleko kultura eta gazteriako teknikaria bere lanpostura itzultzen bada.
—Sailkapen-taldea: B.
—Ordainsari-maila: EFAPEBAEko 14a.
—Hizkuntza-eskakizuna: 4a, nahitaezkoa.
Lan egunak eta ordutegia udalak urtean-urtean finkatutakoak izango dira, beti ere lanpostuaren izaera eta premien araberakoak.
2. Eginkizunak
Bere eginkizun nagusia Orioko Udaleko euskara biziberritzeko plana indarrean jartzea eta garatzea izango da. Zehatzago adierazita, hauek izango dira bere eginkizunak:
a) Erabakitako arloetan (kultura, kirola, aisialdia, merkataritza…) normalizazio programak bideratzen laguntzea.
a1) Hartzaile posibleekin harremanetan jarri, eta normalkuntza prozesuak martxan jartzeko eskaintza egitea.
a2) Normalizazio programetan parte hartzeko prest agertzen direnen hizkuntz egoera aztertzea.
a3) Sektorerako urteko normalkuntza programa prestatzea eta bere buruei proposatzea: helburu orokorrak eta bakoitzarentzakoak, jarduerak, baliabideak, materialak…
a4) Inplikatuekin batera urteko programa aurrera eramatea, horretarako, besteak beste, ondorengo eginkizunak bere gain hartuz:
—Hizkuntz erabilerarako irizpideak markatzen laguntzea.
—Entitatearen oinarrizko materialak euskaratzea edota euskaraz dituztenak zuzentzea.
—Lana euskaraz zuzen egiteko laguntza eskaintzea: kontsulta materialak (lexiko zerrenda berezituak, dokumentu ereduak, oinarrizko gramatika arauak), testuen zuzenketa, itzulpena…
—Programan inplikatutako pertsonen hizkuntz gaitasuna hobetzeko prestakuntza bideratzea eta, kasu batzuetan, ematea: euskalduntze/alfabetatze ikastaroak, arlo bakoitzerako ikastaro berezituak, hizkuntz tailerrak…
a5) Programaren urteko ebaluazioa egitea: erabilitako baliabideen egokitasuna, markatutako helburuen betetze maila, lortutako inplikazio-maila, aldaketa proposamenak…
b) Udal barruko euskararen erabilera plana garatzea, udal langileei laguntza emanez beren lana euskaraz egin dezaten eta, beharrezkoa denean, itzulpenak ere eginez.
c) Aukeratutako arloetan hizkuntz normalkuntzan ari diren herriko edo herriz kanpoko erakunde edo elkarteekin elkarlana bideratzea.
d) Bere maila eta prestakuntzaren barruan, bere gainekoak agintzen dion beste edozein eginkizun.
3. Izangaiek bete beharrekoak
Onartuak izateko eta, hala badagokie, lehiaketan parte hartzeko, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek:
a) Estatu espainiarreko edo Europako Batasuneko estatu bateko herritartasuna izatea.
b) 18 urte beteta izatea.
c) Unibertsitateko erdi mailako titulua edo parekoa den titulazio maila izatea.
d) Lanpostuaren berezko egitekoak behar bezala betetzea eragotziko dion gaixotasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik ez izatea.
e) Diziplinazko prozeduraren bidez Estatuaren, Erkidego Autonomoen edo tokiko erakundeen zerbitzutik bereizitakoa ez izatea, eta administrazio publikoan jarduteko gaitasunaz gabeturik ez egotea.
f) 4. hizkuntz eskakizuna kreditatua izatea.
4. Eskabideak
Eskabide eredu normalizatuak Orioko kultur etxean jaso daitezke eta han aurkeztu behar dira, behin osatu ondoren.
Lehiaketan parte hartzeko eskabideak Orioko Udalari zuzenduko zaizkio, eta, baztertuak ez izateko, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a)Hirugarren oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek, beti ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagozkiola.
b)Eskabidearekin batera, ondoko agiriok erantsiko dituzte:
—Nortasun-agiriaren fotokopia.
—Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluaren fotokopia.
—4. hizkuntz eskakizuna kreditatzen duen agiriaren kopia.
—Eskabidean adierazitako merezimenduak egiaztatuko dituzten agiriak.
Administrazio publikoan izandako esperientzia egiaztatzeko, lan egindako administrazioek egindako ziurtagiriak aurkeztuko dira; ziurtagirian kontratuaren iraupena eta lanaren eginkizunak zehaztuko dira. Enpresa pribatuetan izandako esperientzia enpresak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da; ziurtagirian zehaztuko da zein izan den betetako lanpostua eta eginkizunak, eta zenbat denbora eman den eginkizun horietan. Gainera, Gizarte Segurantzako ziurtagiria beharko da, edo, hori ezean, agiri fiskala. Lan kontratuaren kopia ere baliozkoa izango da, Gizarte Segurantzako ziurtagiriarekin batera aurkezten bada. Prestakuntza osagarriari buruzko merezimendua egiaztatzeko aurkeztuko duen agirian, haren iraupena zehaztu beharko du. Horrela egin ezean, Epaimahaiaren esku geratuko da merezimendu hori baloratzea ala ez.
Eskabideak, behar bezala beteta, Orioko kultur etxean aurkeztuko dituzte. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2003ko urriaren 31 izango da.
Eskabideak aurkeztu daitezke, baita ere, azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazioko Prozedura Erkidearen 30/1992 legearen 38.4 artikuluan adierazitako moduetakoren batean, epe berean.
Aurkeztutako dokumentazioa originala izango da edo behar bezala onartutako edo konpultsatutako kopiak izango dira.
5. Epaimahaia
Lehiaketaren Epaimahaia honela osatuko da:
Lehendakaria:
—Alkatea edo berak izendatzen duen zinegotzia.
Epaimahaikideak:
—Talde politiko bakoitzeko ordezkari bat.
—Udaleko Euskara teknikaria.
—Udal langileen ordezkari bat.
Idazkaria:
—Udaleko idazkaria edo berak izendatzen duen udal langilea.
Epaimahaiko kideak alkateak izendatuko ditu eta izendapen hori kultur etxeko iragarki taulan emango da argitara.
Epaimahaia osatzen den ekitaldian, epaimahaiak, merezimenduen balorazio zuzena egiteko behar diren erabakiak hartuko ditu. Epaimahaiaren jarduera baliokoa izateko, kideen gehiengoak parte hartu behar du, eta erabakiak bertaratzen direnen gehiengoak hartuko ditu. Kide guztiek ahotsa eta botoa izango dute, idazkariak izan ezik, hark ez baitu botorik izango.
6. Lehiaketa
Epaimahaiak ondoko merezimendu hauek baloratuko ditu:
Lan esperientzia
Lan esperientzia honela baloratuko da: lortu nahi den lanpostuaren eginkizunekin lotutako lan esperientzia (hizkuntza normalizazio, dinamizazio edo trebatze zereginetan): hilabete oso bakoitzeko 0,30 puntu; itzultzaile lanetan izandako lan esperientzia: hileko 0,15 punturekin baloratuko da; administrazioan izandako bestelako lan esperientzia: hileko 0,10 puntu.
Gehienez ere, 15 puntu lortu ahal izango dira.
Ikasketa eta tituluak
Deitutako lanpostuarekin zerikusia duten ikastaro eta titulu akademikoak, iraupen eta edukiaren arabera kontuan hartuko direnak. Beste batzuen artean honako hauek dira puntuatuko dutenak:
- Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza Plangintzarako Diploma edo Hizkuntza Plangintza Ikastaroa (HIZNET) graduondoko ikasketak: 5 puntu
- Euskal Filologia lizentziatura: 4 puntu.
- Itzulpengintza eta interpretaritzako lizentziatura: 4 puntu
- Hizkuntza Plangintza, Soziolinguistika, Glotodidaktika ikastaroak: 20 orduz gorakoak izan beharko dira puntuatzen hasteko eta 0,25 puntu ikastaroko emango dira. Gehienez, puntu 1.
- Ofimatikako ikastaroak: 15 orduz gorakoak izan beharko dira puntuatzen hasteko eta 0,25 puntu ikastaroko emango dira. Gehienez, puntu 1.
Gehienez ere, 15 puntu lortu ahal izango dira.
7. Epaimahaiaren proposamena
Izangai bakoitzaren kalifikazioa lehiaketaldian lortutako puntuen baturak osatuko du eta horren arabera zehaztuko da behin betiko kalifikazio zerrenda.
Puntuetan berdintasuna gertatuz gero, ondoko irizpide hauen arabera ebatziko da, jarrita dauden hurrenkeran:
a) Lan esperientzian puntu kopururik handiena ateratzea.
b) Hizkuntza Plangintzari buruzko titulazioren bat izatea.
c) Epaimahaiak erabakitzen duen irizpidea: elkarrizketa pertsonala.
Epaimahaiak iragarki taulan agerian jarriko du lehiaketaldiaren emaitza: puntu gehien lortu duen izangaitik hasi eta gutxien lortu duenera.
Era berean, hautatutako izangaiaren izena argitaratuko du. Epaimahaiaren iritziz deialdira aurkeztutako izangaien artean ez badago plaza betetzeko gutxienezko baldintzak betetzen dituenik, plaza bete gabe aldarrika dezake.
Epaimahaiak Orioko Udaleko organo eskudunari igorriko dio akta, behar den kontratua egin dezan.
Proposatua izan den izangaiak lehiaketan parte hartzeko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten jatorrizko agiriak aurkeztuko ditu 20 egun naturaleko epean.
Ezarritako epean, eta ezinbesteko arrazoiren batengatik izan ezean, izangaiak agiriak aurkezten ez baditu, edo eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen ez badu, ezin izango zaio kontraturik egin, eta bere jardun guztiak baliorik gabe geratuko dira. Kasu horretan, lehiaketa gainditu eta azken kalifikazioaren hurrenkeran ondoren dagoenaren edo daudenen aldeko proposamena egingo du organo eskudunak.
8. Kontratazioa
Aukeratutako hautagaiari iraupen mugatuko kontratua egingo zaio, eta bertan ezarriko da dagokion probaldia.
Probaldian gerta daiteke lan harremana suntsitzea. Baina probaldia igaro ondoren, kontratuak bete-beteko eragina izango du.
9. Gorabeherak
Epaimahaiak ahalmen osoa izango du sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta, oinarri hauetan aurreikusten ez diren gorabeheretan, lehiaketa ongi bideratzeko behar diren erabakiak hartzeko.
10. Aurka egitea
Interesatuek, deialdiaren, bere oinarrien eta deialdiak berak zein epaimahaiaren jardunak eragin ditzakeen ekintza administratiboen aurka jo dezakete, azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazioko Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak xedatutako kasu eta moduetan.
