Oinarriak
Udaleko Turismo Bulegorako Arduradun bat aldi baterako kontratatzeko oinarriak
Deialdiaren xedea
Deialdi honen xedea da Turismo Bulegorako Arduradun bat kontratatzea, aldi baterako, deialdi librean eta lehiaketa bidez, Orioko Turismo Bulegoko beharrak estaltzeko 2007. urtean.
"Obra edo zerbitzu jakin baterako" kontratuak izango dira. 2007. urtean Orioko Turismo
Bulegoak ondorengo egutegi eta ordutegia izango du:
Aste Santuan: apirilaren 2tik 15era
Astelehenetik larunbatera: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Igandetan: 10:00etatik 14:00etara
Maiatzean
Asteburuetan irekiko da soilik:
Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Igandetan 10:00etatik 14:00etara.
Ekainetik irailera
Astelehenetik larunbatera: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Igandetan: 10:00etatik 14:00etara
Sailkapen-taldea: D.
Ordainsari-maila: UDALHITZ-eko 7a.
Eginkizunak
Bere eginkizun nagusia Orioko Udaleko Turismo Bulegoari dagozkion betebeharrak prestatzea izango da. Zehatzago adierazita, hauek izango dira bere eginkizunak:
- Turismo Bulegoan eman beharreko informazioa prestatu eta sailkatu.
- Turismo bulegora informazio eske datorren jendea atenditu.
- Ematen den informazioari buruzko estatistikak prestatu.
- Udako aktibitateen prestakuntzan lagundu.
- Herriko ostatuen okupazio mailak jaso.
- Turismo eta merkataritza sailetik antolatzen diren jardueretan lagundu.
- Bere maila eta prestakuntzaren barruan, bere gainekoak agintzen dion beste edozein eginkizun.
Izangaiek bete beharrekoak
Onartuak izateko eta, hala badagokie, lehiaketan parte hartzeko, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte izangaiek:
a) Estatu espainiarreko edo Europako Batasuneko estatu bateko herritartasuna izatea.
b) 18 urte beteta izatea.
c) Oinarrizko Batxilerra, L.H.1 edo parekoa den titulazio maila izatea.
d) Lanpostuaren berezko egitekoak behar bezala betetzea eragotziko dion gaixotasunik edo akats fisiko nahiz psikikorik ez izatea.
e) Diziplinazko prozeduraren bidez Estatuaren, Erkidego Autonomoen edo tokiko erakundeen zerbitzutik bereizitakoa ez izatea, eta administrazio publikoan jarduteko gaitasunaz gabeturik ez egotea.
f) EGA titulua izatea.
g) Ingeleseko FIRST CERTIFICATE titulua izatea.
Eskabideak
Eskabide eredu normalizatuak Orioko bulego orokorretan jaso daitezke eta han aurkeztu behar dira, behin osatu ondoren.
Lehiaketan parte hartzeko eskabideak Orioko Udalari zuzenduko zaizkio, eta, baztertuak ez izateko, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
a)Hirugarren oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek, beti ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunari dagozkiola.
b)Eskabidearekin batera, ondoko agiriok erantsiko dituzte:
- Nortasun-agiriaren fotokopia.
- Deialdian parte hartzeko eskatutako tituluen fotokopia (Oinarrizko Batxilerra edota L.H.1, EGA eta FIRST CERTIFICATE).
- Eskabidean adierazitako merezimenduak egiaztatuko dituzten agiriak.
Administrazio publikoan izandako esperientzia egiaztatzeko, lan egindako administrazioek egindako ziurtagiriak aurkeztuko dira; ziurtagirian kontratuaren iraupena eta lanaren eginkizunak zehaztuko dira.
Enpresa pribatuetan izandako esperientzia enpresak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da; ziurtagirian zehaztuko da zein izan den betetako lanpostua eta eginkizunak, eta zenbat denbora eman den eginkizun horietan. Gainera, Gizarte Segurantzako ziurtagiria beharko da, edo, hori ezean, agiri fiskala. Lan kontratuaren kopia ere baliozkoa izango da, Gizarte Segurantzako ziurtagiriarekin batera aurkezten bada.
Eskabideak, behar bezala beteta, Orioko bulego orokorretan aurkeztuko dituzte, astelehenetik ostiralera, 08:30etatik 14:30etara. Eskabideak aurkezteko azken eguna, 2007ko martxoaren 20a izango da.
Eskabideak aurkeztu daitezke, baita ere, azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazioko Prozedura Erkidearen 30/1992 legearen 38.4 artikuluan adierazitako moduetakoren batean, epe berean.
Aurkeztutako dokumentazioa originala izango da edo behar bezala onartutako edo konpultsatutako kopiak izango dira.
Epaimahaia
Lehiaketaren Epaimahaia honela osatuko da:
Lehendakaria:
- Alkatea edo berak izendatzen duen zinegotzia.
Epaimahaikideak:
- Talde politiko bakoitzeko ordezkari bat.
- Udaleko Turismo teknikaria.
- Udal langileen ordezkari bat.
Idazkaria:
- Udaleko idazkaria edo berak izendatzen duen udal langilea.
Epaimahaiko kideak alkateak izendatuko ditu eta izendapen hori Udaletxeko iragarki taulan emango da argitara.
Epaimahaia osatzen den ekitaldian, epaimahaiak, merezimenduen balorazio zuzena egiteko behar diren erabakiak hartuko ditu. Epaimahaiaren jarduera baliokoa izateko, kideen gehiengoak parte hartu behar du, eta erabakiak bertaratzen direnen gehiengoak hartuko ditu. Kide guztiek ahotsa eta botoa izango dute, idazkariak izan ezik, hark ez baitu botorik izango.
Lehiaketa
Epaimahaiak ondoko merezimendu hauek baloratuko ditu:
Lan esperientzia enpresa turistikoetan
Lan esperientzia honela baloratuko da: lortu nahi den lanpostuaren eginkizunekin lotutako lan esperientzia (turismo bulegoetan, hoteletan, kanpinetan, bidaia agentziatan, ea): hilabete oso bakoitzeko 0,15 puntu.
Gehienez ere, 6 puntu lortu ahal izango dira.
Ikasketa eta tituluak
Deitutako lanpostuarekin zerikusia duten ikastaro eta titulu akademikoak, iraupen eta edukiaren arabera kontuan hartuko direnak. Beste batzuen artean honako hauek dira puntuatuko dutenak:
- Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeleseko CAE titulua: 4 puntu.
- Ingeleseko PROFICIENCY titulua: 5 puntu.
- Hizkuntza Eskola Ofizialeko frantseseko 3. maila: puntu 1. Eta gehiagoko maila bakoitzeko puntu 1 gehiago. Gehienez 3 puntu.
- Hizkuntza Eskola Ofizialeko alemanezko 3. maila: puntu 1. Eta gehiagoko maila bakoitzeko puntu 1 gehiago. Gehienez 3 puntu.
- Turismo Diplomatura edo kidekoa: 5 puntu.
- Ofimatika ikastaroak: 15 orduz gorakoak izan beharko dira puntuatzen hasteko eta 0,25 puntu ikastaroko emango dira. Gehienez, puntu 1.
Gehienez ere, 21 puntu lortu ahal izango dira.
Elkarrizketa pertsonala
Froga honen bidez izangaiek lanpostua betetzeko duten egokitasuna neurtuko da. Gehienez ere, 5 puntu lortu ahal izango dira.
Epaimahaiaren proposamena
Izangai bakoitzaren kalifikazioa lehiaketaldian lortutako puntuen baturak osatuko du eta horren arabera zehaztuko da behin betiko kalifikazio zerrenda.
Epaimahaiak iragarki taulan agerian jarriko du lehiaketaldiaren emaitza: puntu gehien lortu duen izangaitik hasi eta gutxien lortu duenera.
Era berean, hautatutako izangaiaren izena argitaratuko du. Epaimahaiaren iritziz deialdira aurkeztutako izangaien artean ez badago plaza betetzeko gutxienezko baldintzak betetzen dituenik, plaza bete gabe aldarrika dezake.
Epaimahaiak Orioko Udaleko organo eskudunari igorriko dio akta, behar den kontratua egin dezan.
Proposatua izan den izangaiak lehiaketan parte hartzeko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten jatorrizko agiriak aurkeztuko ditu 2 laneguneko epean.
Ezarritako epean, eta ezinbesteko arrazoiren batengatik izan ezean, izangaiak agiriak aurkezten ez baditu, edo eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen ez badu, ezin izango zaio kontraturik egin, eta bere jardun guztiak baliorik gabe geratuko dira. Kasu horretan, lehiaketa gainditu eta azken kalifikazioaren hurrenkeran ondoren dagoenaren edo daudenen aldeko proposamena egingo du organo eskudunak.
Kontratazioa
Aukeratutako hautagaiari iraupen mugatuari dagozkion kontratuak egingo zaizkio, eta bertan ezarriko da dagokion probaldia. Probaldian gerta daiteke lan harremana suntsitzea. Baina probaldia igaro ondoren, kontratuak bete-beteko eragina izango du.
Gorabeherak
Epaimahaiak ahalmen osoa izango du sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta, oinarri hauetan aurreikusten ez diren gorabeheretan, lehiaketa ongi bideratzeko behar diren erabakiak hartzeko.
Aurka egitea
Interesatuek, deialdiaren, bere oinarrien eta deialdiak berak zein epaimahaiaren jardunak eragin ditzakeen ekintza administratiboen aurka jo dezakete, azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazioko Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak xedatutako kasu eta moduetan.
Orio, 2007ko martxoaren 1a.
