Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  1994 »  Bi hondar ale gara

Bi hondar ale gara

Imanol Alkorta

Basoaren erraietan galduta…
…zure oihu emeak
zure eztarriaren semeak,
hondarrezko ordulariaren itzaletik
hurruntzen nauen ahala.

Ihes, ihes, ihes.
Ihes, mundua ez baita borobila.
Ihes, Verneren azken faroaren bila.
Ihes, muga bakarra, mugetan
sinistea baita.

Ihes, egintzak ihes.
Dasta ilargi ezberdinak, egunero
besarka zuhaitz berriak, gauero
kamaleoitu hadi edozertaz
ezkuta hadi itsasoaren sustraietan
non ia infernuarekin
xerak egin daitezkeen
non, beraz, ura eta sua,
estrainekoz, amorante diren
non Judasen ume malkoek
Dorothyren txapazko laguna
ere hunki dezaketen
ametsezko eremuetara.

Ezin ihes egin ostera, kafetegiko
arratsen oroimen absurdotik,
arpa eta bibolinen
oihartzun liluratik…
…baten baten odol xamurra
zurrupatuaz jaio,
baten baten ezpainen
besarkadatik loratu,
baten baten iguzki gorri
korapiloetan barna galdu
eta udazken itsasoetatik
ematuriko lamia finaren
urdin urdinaren negarrean
hondoratu
nintzenean.

Izarren betikara basatitik
elur arrosa zerion hartan,
argia hain zen handia
ezen su bilakatu zen zu,
eta zilar erreka hegietan
dantzatu genuen, suzko arropaz,
biziaren akelarrea.
Emeki emeki elurra urtzean,
lurrundu ziren sekretu eta
irriki simulatuak eta
maitasuna genuen asmatu.

Zure zetazko hitzen xaramelak
behinolako desiren aberrira
ihesteko dio behin eta berriz.
Behin eta berriz berandu
dela jakinik ero.
Denboraren hondarrak isurtzen doaz…
barrea, desioa, ferekak
erretzera kondenaturiko
sorgin lirainak.
Orlegiak, Urdinak, Argia
bera beltzez mozorroturik,
eguna gauaren
eztarrietan irentsia
iristen ez diren olatuak, bustitzen ez duen ura,
itotzen doan itsasoan,
so egite hutsaz hausten
diren diamanteak,
egunkari gabeko igandeak.
Denboraren hondarrak isurtzen doaz …
eta zertarako gelditu,
iada gorputza estalia dut
aizu, zure edertasuna lokaztu
alda hondarrezko ordularian?
Laister naiz
historiaren zati,
denboraren zati,
hondar ale bati
zeu zaren legez…
…bi hondar ale gara.