Oriora.com

Mundu berria

Alazne Goenaga

Beltza zuen ilea, beltzak begiak, beltza begirada, beltzak arropak; lutoa jantzia zuen, mundua hil zitzaion eta oso minduta zegoen, ezin zuen sinetsi gizarteak zer egin zuen. Gorroto zituen gizakiak, gorroto zuen mundura ekarri zuen emakumea, mundura ekartzea ez zion inoiz barkatuko. Sarhak 14 urte zituen eta arazo mental larri bat omen zuen. Hori dela-eta, duela hiru urte Nora MacDowel psikiatrarengana joaten zen. Ez zen bere gogoz joaten.

—Baina zuek zer uste duzue, erotuta nagoela, ala? Hemen zuek zarete burutik eginda zaudeten bakarrak, zuek eta hiri madarikatu honetako denak. Ez al zarete konturatzen egiten ari garenaz? Horrela jarraituz gero dena bukatuko da, dena…

Sarha negarrez hasten zen eta korrika ihes egiten zuen. Gurasoek behartu egin zuten, bestela bere munduan sartuko zirela eta, beraz, amore eman zuen eta Noraren kontsultara astean bi aldiz joaten zen. Sarhak amets bat zuen, beste mundu batetara joatea, mundu eder batetara. Han ez zegoen kutsadurarik, han ez zegoen dirurik eta denak bakean eta zoriontsu bizi ziren, gauzak ikasten, poesia irakurtzen eta elkar maitatzen. Baina ez zekien nola iritsi, bidea sastraka ilun batzuez estalia zegoen eta nahiz eta hurrunera so egin, ez zuen ezer garbi ikusten.

Bitartean, bere gelan pasatzen zuen denbora, gela benetan bitxia. Paretak berak margotutako obra abstraktuez estaliak zeuden, mila kolore nahastuta, baina zati bat zuri zegoen; han poesiak zituen idatzita:

Lur hauek harrapatuak eta jabe
batenak izan aurretik,
gure ibaiek lasterka egiten zuten
beraien bidea urez gainezka.
Uren melodia gozoak, basoetako
freskura betetzen zuen, eta
putzuek marmarka ziharduten,
errakatxoek jolasean eta iturriek
itzalean distiratzen zuten. Briam

Alfonbra zabal bat, silloi marroi bat, bizpahiru egurrezko aulki, aldizkari batzuk zituen mahai kantoizorrotz bat, koadro batzuk hormetan eta leiho bat. Noraren kontsultako itxarongelan zegoen. Bakarrik, ohi bezala.

—Kaixo Sarha, sar zintezke.

—Kaixo Nora.

—Etzan zintezke. —Han zegoen silloi beltza gelaren bazter batean, han etzaten zen Sarha bere burukominak kontatzeko.

—Ea, konta iezadazu, zer egin duzu gaur?

—Ezer berezirik ez, koadro bat pintatzen hasi naiz eta poema batzuk irakurri ditut.

—Ekarriko al dizkidazu noizbait koadro eta poemaren bat?

—Ba… zergatik ez?

—Hori oso ondo dago. Aurkitu al duzu zure mundurako bidea?

—Ez dakit. Atzo gauza arraro bat gertatu zitzaidan.

—Ea ba, konta iezadazu.

—Ba nire gelan nengoen, ezerezean pentsatzen, kandela batzuk nituen piztuta eta, bat-batean, itzali egin ziren.

—Eta zure ustez zer esan nahi du horrek Sarha?

—Ez dakit. Agian beste mundutik norbait etorriko da nire bila. Zure ustez laister joango al naiz?

—Ez dakit. Baina zuk nahi baduzu, nik onena nahi dut zuretzat.

—Laister zerbait gertatzea espero dut, benetan.

Sarha gorantz so geratu zen. Begi bietatik malko bi irristatu ziren bere masail leunen gainetik eta:

—Ezin dut jasan —esan zuen isilki.

Nora hunkituta geratu zen eta etxera joan eta lasai lo egin zezan eskatu zion.

Sarha etxera heldu eta ohean lo geratu zen, berehala arras artega eta hotz sentitu zen eta begiak zabaldu zituen. Bere aurrean izaki zuri batzuk zituen begira.

—Sarha, entzuten nauzu? —itaundu zion izaki batek.

—Bai, baina nortzuk zarete?

—Jainkoaren erreinutik gatoz, zuri bidea erakustera bidali gaitu. Gurera etorriko zara eta zoriontasuna zer den jakingo duzu. Behin-betirako mundu zatar hau atzean utziko duzu.

—Baina…

—Ez dago bainarik. Gizon beltza etorriko da zu gurera ekartzera. Ez duzu zertan beldurturik, gurekin salbu zaude. Zu salbatzera etorri gara.

—Gizon beltza?

—Bai, gizon beltzak erakutsiko dizu orain arte ikusten ez zenuen bidea. Beno, Jainkoak dei egin digu, joan beharra dugu. Ez ahaztu egun hauetako batean gurera etorriko zarela. Laister arte.

Izaki zuriak desagertu egin ziren eta Sarha lo geratu zen. Ez zen artega, ezta hotz ere.

—Kaixo Sarha.

—Kaixo Nora —Sarha urduri zebilen eta silloi beltzean etzan gabe hizketan hasi zitzaion.

—Nora, atzo etorri egin zitzaizkidan.

—Nortzuk Sarha?

—Jainkoak bere aingeru zuriak bidali ditu niri bidea erakusteko.

—Eta zer esan zizuten?

—Egun hauetako batean gizon beltza etorriko zaidala bila eta beraienera joan ahal izango dudala, ez dudala kezkatu beharrik.

—Beraz, laister joango zara, ezta?

—Bai, beno, banoa bestela ez nau aurkituko.

—Sarha!

—Bai?

—Ikusi arte. Ados?

—Ados.

Sarha etxera itzuli zen eta bere gelan sartu zen. Han zegoen, gizon beltza han zegoen. Beldurra bere gorputzaz jabetu zen baina Sarhak bazekien heldu zela unea. Kantoi batean zeukan paketea eskuartean hartu eta lasterka abiatu zen. Gizon beltza atzetik jarraika zuen, heldu zela momentua eta alperrik zela ihes egitea esanez.

Sarha arnasestuka iritsi zen Noraren kontsultako atera eta hantxe utzi zion paketea.

—Ea ba nora naramazun! —oihukatu zion gizon beltzari.

Gizon beltza bazihoan denen gainetik eta Sarha atzetik korrika zihoan, amildegi batera iritsi arte. Arrokak lo zeuden eta ez zirudien gertatuko zenaz jabetuko zirenik. Beraz, Sarhak gizon beltzaren atzetik salto egin zuen bere bidaiari amaiera emanez.

Zortziak laurden gutxi. Norak ate ondoan dagoen paketea jakinmin handiz irekitzen zuen. Koadro bat zen, koadro abstraktu bat, baina Norak hartu zion esanahia. Geroxeago konturatu zen lurrera papertxo bat jauzi zela eta hura jaso ondoren irakurtzen hasi zen:

Bide egokiaren bila nenbilen
eta aurkitu ondoren
bidaiari hasiera eman diot
irrintzi gorri batekin
estali ditut
egunaren eta gauaren
ate meharrak.
Sega zorrotz batekin
ebaki ditut
honen eta haren mugak
eta ondoren
hil egin naiz.

Sarha

Norak koadroa horman zintzilikatu eta zerurantz behatu zuen:

—Iritsi zarela espero dut… Ikusi arte. Ados?