Amonatxoa
Nerea Orbaņanos
Amona Maria, denek goxoki deitzen zioten bezala, laurogeitaka urte zituen emakume zaharkitua zen. Bere ile zuri hark grazia berezia ematen zion eta urreratzen zen orok ikus zezakeen irribar gozo hura eta begi alai haiek miretsiak izan zirela garai batean.
Bere seme-alabak ezkonduz joan ziren eta, senarra ere hilik zegoenez, bakarrik bizi zen. Hala ere, bere begirada samurra eta irribarra ez ziren inoiz bere aurpegitik desagertu.
Jende ugarik pentsatu ohi zuen emakume honen erakargarritasunari buruz, ea zer ote zeukan emakume hark bere etxera adin, sexu edota izakera ezberdineko jendea urreratzeko. Egun nahiz gaua izan, etxe hartako ateak ez ziren inoiz ixten.
Denak, etxetxo hartara iritsi bezain laister, ohartzen ziren han lasaiago arnas zitekeela. Loreek dena betetzen zuten, etxeko hormetatik hasi eta jardineko edozein txokoraino. Txorien abestiak ere hain ziren ederrak…
Amona Mariak, goizero bezala, loreak erregaiatzen ari zenean, kanpoko hesitik begi bizi batzuk begira zituela ohartu zen.
—Kaixo mutiko! Zer egiten duzu hor kanpoan, aurrera egin gabe? Lagunduko al zenidake?
Julen —hala baitzen mutilaren izena— mantso-mantso sartu eta amonaren ondoan geratu zen.
—Lorontzi hori hemen goian jar al diezadakezu? Zaharra naiz eta nire hezurrak gogorrak daude.
Julenek, isilik, lorontzia hartu eta amonatxoak esandako lekuan utzi zuen.
—Oso ongi. Orain hau han eta beste hau hementxe.
Amona Mariak zenbait agindu gehiago ematen segitu zuen, mutila izerditan ikusi zuen arte.
—Ongi —esan zuen amonak azkenean— oso indartsua zara duzun adinerako, zalantzarik gabe ez baitituzu izango 15 urte baino gehiago.
Julenek burua altxa eta ahopeka zera esan zuen:
—Ez, 14 bakarrik.
—Ongi, ongi. Nork harrapatu! Baina goazen barrura, gazta-puska ederra eta ogia irabazi dituzu-eta!
Eta amonak, Julen sorbaldatik hartuz, bere etxeko txoko guztiak bezalaxe garbia eta alaia zen sukalderaino gidatu zuen.
—Urreratu ezazu aulki hori mahaira eta eser zaitez.
Bitartean, amonak ere berdin egin zuen. Amona Maria mutikoak ogia eta gazta jaten zituen artean, begirik kendu gabe egon zen eta azkenean zera galdetu zion:
—Etxe honetatik hurbil bizi al zara?
—Ez, mendiaren bestaldean bizi naiz.
—Eta honaino etorri al zara?
—Bai, ez daukat zereginik.
—Ez? Ez al zara bada eskolara joaten?
—Ez, ez! Ez naiz inoiz joan. Han irakasten dutenak ez du ezertarako balio.
—Agian arrazoia izango duzu. Zuk mutil azkarra dirudizu eta jakingo duzu.
Julen, txunditurik, amonari begira geratu zen. Norbaitek modu horretan hitz egiten zion lehenengo aldia zen.
Ni azkarra? —pentsatu zuen— denek asto bat eta ezjakina zela esaten zioten Horregatik beti iheska zebilen eta ez zen inoiz eskolara agertzen.
—Beno —esan zuen amona Mariak— nire untxiei jaten eman behar diet. Horrela bada, badakizu non bizi naizen eta etxean ez banago, sartu eta nahi duzuna jan dezakezu.
Julen zutitu eta pentsakor joan zen. Amona leihotik begira egon zitzaion ezkutatu zen artean.
Biharamonean amonak leihoa zabaldu zuenean, Julen ikusi zuen, atariko harri kozkor baten gainean eserita.
—Aizu mutil-motz, ez al dakizu nire etxeko atea ez dela inoiz ixten? Zatoz barrura, kanpoan hotz egiten du-eta!
Julen barrura sartu zenean amonak gosaria eskaini zion:
—Tori, hartu ezazu esne bero pixka bat, neuk ere hartuko dut-eta.
Amona mutikoaren ondoan eseri zen:
—Goiz jeiki zara!
—Bai, izan ere gauza bat galdetu nahi nizuke.
—A bai? Bota bada.
—Zuk ez al duzu uste ezjakin bat naizenik?
—Zu ezjakina? Bizkor aurpegia duzu; ea, erakutsi eskuak.
Julenek bere esku laztuak luzatu zizkion eta amonak gozoki hartu zituen.
—Ikusten? Nik esan bezala, esku hauek txori, zakur eta zaldiez asko ulerzen duten mutiko batenak dira.
—Bai, hala da. Nola dakizu?
—Igarri egiten da baina, nork esan dizu leloa zarenik?
—Denek.
—A bai? Eta zuk kasu egiten al diezu? Begira, bizitzan zeure barrengo ahotsari bakarrik egin behar diozu jaramon. Gainerantzekoak ez du ezertarako balio. Orain, lagunduko al didazu? Begira, untxi mordo bat dut hemen, ehun izango al direla uste al duzu?
Julen isilik geratu zen. Ez zekien zenbat zen. Amonak zeharka begiratu zion.
—Bat luzatuko al didazu?
Julenek hasperen egin zuen. 10 arte bakarrik zekien kontatzen. Untxi bat hartu eta amonari luzatu zion.
—Ongi, zuk ba al dakizu zergatik erortzen zaien ilea hain erraz?
Julen garrantzitsu sentitu zen. Berak asko baitzekien animalien munduaz. Untxia aztertu eta zera esan zuen:
—Zorriz beteta dago eta gainera untxi hauek ur gehiago behar dute.
—Hara! Esaten nuen bada nik zerbait gertatzen zitzaiela… Zer egin dezaket?
Julenek untxia amonari itzuli eta korrika hasi zen. Amona ohartzerako beso-bete belar zekarren.
—Honekin konponduta dago.
Julenek beste mutiko bat zirudien. Bere aurpegia alaiagoa zen eta etengabeko azalpenak ematen ziharduen. Untxi-zuloak garbitu eta belar usaintsuekin untxien lepoak igurtzitzen zituen.
—Zuk ez al zenekien hau, amona?
—Ez, ez. Gainera untxiek ez dute zure besoetatik alde egiten.
—Ez noski! Badakit nola zaindu.
Julenek aurpegia hurbiltzen zuen animalien muturrera.
—Nirekin bazkaltzera geldituko al zara?
—Uzten badidazu… Nik, trukean, guzti hau zuzenduko dizut.
Amona Maria etxera sartu zen eta denborarik galdu gabe bazkaria prestatzeari ekin zion. Geroxeago, Juleni bazkalordua zela jakinarazi zion.
—Zu ikusteak gustora jartzen nau! Sartzen zaren bakoitzean udaberria datorrela dirudi. Baina mugitu, eskuak garbitu nahi al dituzu?
—Bai, hala egingo dut.
Mahaira itzuli zenean, denboraren poderioz horixka geratu zen liburu bat hauteman zuen bere plater ondoan. Berehala eskuartean hartu eta ahozabalik begiratu zuen.
—Zoragarria!
—Gustatzen zaizu?
—Asko, zer esaten du?
—Itxaron, betaurrekoak behar ditut.
—Nik ekarriko dizkizut amona.
Julenek salto batean betaurrekoak ekarri eta amonari sudur gainean jarri zizkion.
—Eser zaitez nire ondoan. Nik irakurri bitartean, zuk marrazkiak ikusiko dituzu.
Amona Maria mantso-mantso irakurtzen hasi zen. Julen, berriz, burubelarri ipuinean sartua zegoen, bertako protagonista zela amets eginez. Azkenean amonak utzi egin zion irakurtzeari.
—Zer dirudizu?
—Ezin duzu irakurtzen segi amona?
—Jadanik berandu da eta nekatu egiten naiz, baina hona etortzen zaren bakoitzean zatitxoren bat irakurriko dizudala agintzen dizut.
—Ongi da, joan egingo naiz.
Geroztik askotan agertu zen Julen amona Mariaren ondora. Amonak etxeko lanak egiten zituen bitartean mutikoak egurra ebaki edota animaliei jaten ematen zien. Gero, biak eseri eta amonak irakurketari ekiten zion.
Julen entzuteko prest zegoen egun batean, amonak zera esan zuen:
—Sentitzen dut. Gaur ezin dizut irakurri; betaurrekoak galdu ditut eta zeuk bakarrik begiratu beharko duzu.
Julen mutu geratu zen. Liburua hain zen polita! Esku artean hartu eta begiratzen hasi zen. Jadanik ez zen marrazkiekin konformatzen, historiako mutikoari gertatzen zitzaiona jakin nahi baitzuen.
—Zure betaurrekoak aurkitzeko ahaleginak egingo ditut amona.
Etxea goitik behera miatu zuten baina betaurrekoak ez ziren azaltzen. Julen egunero agertzen zen eta lehen bezalako hizketaldiak izaten zituzten, baina Julenen begiek mahai gainean segitzen zuen liburu hartara egiten zuten ihes.
Azkenean, egun batean mutikoak zera esan zion amonari:
—Amona, hemendik aurrera ezingo dut egunero etorri. Eskolara joan nahi dut.
Amona beregana hurbildu eta irribarretxoa egin zion zera esanez:
—Pozten naiz, baina lehenengo hizkiak nik erakutsiko dizkizut.
—Benetan?
—Bai, nire seme-alabek ere nirekin ikasi zuten. Eser zaitez.
Julenek eta amonak behin eta berriz errepasatu zituzten orri horixka haiek, mutikoa ipuina bakarrik irakurtzen hasi zen arte. Amona Mariak inoiz baino barre gehiago egin eta pozez txaloka hasi zen.
—Har ezazu! —eta ipuina luzatu zion— jadanik ez duzu nire beharrik bakarrik irakur baitezakezu etxean nahiz mendian.
—Mila esker amona. Ez zaitut inoiz ahaztuko.
Horrela, besarkada bat emanez, Julen joan egin zen.
Amonatxoa, mutikoa desagertu bitartean, atetik begira egon zitzaion eta ezkutatu orduko, hasperen eginez, eskua mantalaren sakelean sartu, betaurrekoak beti egon izan ziren lekutik atera eta leunki laztandu zituen.
