Psikopata
Jokin Salsamendi
Behelainoak Orioko herria biltzen du. Laino artean gizon heldu baten irudia ikus daiteke. Azkar doa. Enparantza zeharkatu eta portuan dagoen Opel Kadett zuri baten parean geratu da. Giltza atera eta atea zabaldu du.
Hau duk hotza hau eta ze tripako mina. Jakin Coca Colak sabelean kalte egiten didala eta hala ere edan egin behar. Hemendik aurrera ginebrari Kas naranja botako zioat. Zortziak eta sei. Orain ere ez nauk Santurtzira bederatzietarako iritsiko.
Giltza autoan sartu, arrankatu eta kaia kalean gora doa. Ezkerrera bira, hogei metro zuzen eta herritik irteteko prest.
Txukundu beharko diat kotxea ere. Hondarra, lokatza, pipa azalak, harri-txintxarrak… denetik. Hor atzean ere mantak, beste etxeko telebista zaharra, erreminta-kaja… ganbara zirudik! Izan ere, denborarik ez!
Beste autoek pasara utzi orduko herritik irten eta Zarautz aldera jo du. Baina gidariak autoestopista ikusi orduko, balazta zapaldu eta bide bazterrean gelditu du kotxe zuria. Ezpainetan duen Winston erdi errea behatzetan hartu, eskuineko lehiatila jeisten duen botoia sakatu eta autorantz datorren autoestopistaren zain geratu da. Bere begirada zorrotzez aurki bidaiari berria izango duen gaztea aztertzeari ekin dio.
Ez dik pinta txarrik. Ez niake orain arazorik nahi. Bihotz onekoa nauk baina to! gero drogazale bat tokatu eta ze? Agian urrezko hortza ere kenduko lidake. Bazetorrek eta galdetu beharko zioat nora kristo doan.
-Epa! Nora zoaz?
-Bilbora. Eraman al nazakezu? —galdetu zion autoestopistak ahots leun batez.
-Sartu. Ni Santurtzira noa.
Gazteak instant batean atea zabaldu, eseri eta bere larruzko poltsa magalean utzi ondoren gerrikoa lotu du. Hogeiren bat urte ditu. Ume aurpegia izan arren ile gutxidun bizar estu batek estaltzen dio aurpegiaren behekaldea. Begi urdinak ditu eta buruan ile hori nahastua. Igarri da egun dexente daramatzala garbitu gabe eta kotxeko berotasun eranskorrak gaztearen izerdi kiratsa hedatzen laguntzen du. Belarritako biribil dizdiratsua du ezker belarritik zintzilik eta eguzkiaren izpiekin topatzean argitu egiten zaio belarria. Bere gorpuzkera tristea soinean duen niki alaiak pozten du. Oso niki ederra da. Urdin-urdina. Bad Religion talde amerikarra ageri da bere biriken parean eta taldearen izena, letra zuriz idatzia, zilborraren gainean. Aparteko nikia da. Duen baliozko jabetza bakarra, ze ez darama ez lepokorik, ez ordularirik eta ez ezer.
-Galdetu beharko zioat nor den edo nora doan edo zertan dabilen edo… eguraldiaz, ze nik ez bazioat gaia jartzen honek ez dik txintik ere esango”.*
—Ze, eskolara?
—Ez.
Ederki. Ez... eta kitto. Hau Patxi Alonso baino berritsuagoa duk. Ba ez badik hitz egin nahi nik ez diat txintik aterako.
—Oporretara noa —esan zuen ezezagunak handik bospasei minututara.
—Soriara joan nahi dut autoestop eginez.
Ez duk kiebra joko!
-Joņo! Soriara, e! Abentura gustokoa duzu orduan.
—Bai. Ez dakit noraino iritsiko naizen baina nire asmoa hori da. Soriara joan eta han okupa moduan bizi herriska batean.
—Eta etxean ba al dakite?
—Bai. Eta ongi iruditzen zaie.
Nik ere ongi ikusiko niake hire aita banintz. Begi bistatik galtzeagatik edozer! Baina hi nire semea bahintz beste upeleko sagardoa izango huke. Txima horiek moztu, belarritakoa golpetik atera eta zortzi ordu edukiko niake —ze zortzi, hamabi!— mendian lanean. Ez huke horrelako txoro haizerik izango. Ez haiz ba zarauztarra izango?
—Nongoa zara?
—Ni Andoaingoa.
Beno. Dexente… bazegok mutil hau konpontzea. Hala ere, honen etxean makina sufritu beharko dute honekin. Ez eskolarik, ez ofiziorik, ez ezer. Hau atarramendua hau! Nora goazak gaur egungo gazte jende honekin! Parranda eta zurruterako bai aurrenak, baina lanerako kontuan...
—Ni, berriz, Oriokoa naiz. Ezagutzen al duk Orio?
—Bai. San Nikolasetan egon nintzen. Festa onak dituzue.
Harritzekoa izango huen bada. Oriora behin etorriko eta zertara? Festara. Jesus, zenbat festazale dabilen libre. Gure garaiak pasa balituzte hauek. Egunean hamasei ordu sartuz lanean jotake. Baina alferrik duk. Hauekin ez zegok ezer egiterik. Irratia piztuko diak, ze alproja honek ez zeukak hitz egiteko gogorik.
Gidariak irratia piztu du eta zigarroari azken nikotina kea lapurtu ondoren, lehiatilatik errepidera jaurtiki du. Automobilaren barruko tenperatura txit altua da eta bi bidailagunen masailetik behera izerdi tanta darie. Giroa arraroa da eta irratiak soilik hausten du isiltasun hori.
—Ba bai. Azterketa eta ikerkuntza sakon baten ondoren, lortu dugu 1994. urte honetan kontratu finkoa egin dioten langile bakarra aurkitzea. Sei urte igaro ondoren epe laburreko kontratuen bidez lanean, azkenean lortu du enpresak mugagabeko eta behin-betiko kontratua sinatzea. Baina eskatu digu arren bere izena ez emateko aditzera, ze bahiketa edo txantaien beldur da. Hala ere, bere oroimenez Kaxianon ‘Zorionak’ kanta jarriko dugu (…) Barkaiguzue abestia eteteagatik. Oraintxe iritsi zaigun albiste baten berri eman beharra daukat. Urnietako eroetxetik datorkigu notizia. Zarauzko komisaldegiko ertzainene buruak esan digunez, gaur gauean psikopata arriskutsu batek ihes egin du Urnietako San Praxku eroetxetik. Itxuraz zaintzailea erahil zuen eta txirrinda zuri batean egin zuen ihes Zarautz aldera. Baina berria zehaztearren hor daukagu telefonoaren bestaldean De Andres medikua. Kaixo doktore.
—Kaixo.
—Horren arriskutsua al da?
—Bai, bai. Nire gaixo hau psikopata arriskutsua da. Bere gurasoak gabon gau batean erahil zituen eta eguberrietan jan egin zituen. Pentsa ze arriskutsua den! Badirudi ez duela odolik, ze ez da haserretzen. Baina hotz-hotzean sekulako sarraskiak egiteko gauza da. Berak dio Satanasen semea dela eta pertsonak ez duela beretzat inongo sekreturik. Badakiela ze egingo duen bere aurrekoak mugimendua egin aurretik. Ikaragarrizko pitzadura dauka eta edozer egiteko gauza da.
—Ertzaintzak adierazi digunez 500 polizia, bi helikoptero eta inguruko herrietako udaltzainak ari omen dira bere bila. Zuk, bestalde, zer gomendatuko zenieke gure entzuleei?
—Ba, ateak giltzaz ixteko eta ez uzteko 20 urte dituen ile horidun bati… KLIK!
Andoaindarrak irratia itzali du.
—Barkatu, izan ere mareatzen ari naiz eta irratiak ez du holakoetan faborerik egiten.
—Ongi… dago.
Nireak egin dik. Hogei urte, ile horia. Ez zeukat dudarik. Nire aldamenekoa duk psikopata. Satan-Txiki… ezagutzen ote du Goku? Baina-makila baino eskasagoa duk-eta! Baina erotua dagoenari hobe bakean uztea. Disimulatu beharra zeukat, ze ohartzen baduk badakidala nor den, nireak egin dik. Elkarrizketarako gai interesantea plazaratuko diat, ea horrela ni ez erasotzea erabakitzen duen. Mekauen Satanas! Dena bihotz onekoa izateagatik! Zer dela-eta hartu behar nian tipo hau? Orain nola kendu gainetik? Errealari buruz hitz egingo diat.
—Ze, atzo ere Errealak galdu?
—Bai?
—Ez al zenekien?
—Ez. Ez zait futbola atsegin.
Psikopata izan behar zian honek! Normala psikopata izatea. Ez bazaik futbola gustatzen nola izango haiz ba pertsona kabala. Hurrena ere akabatuko duk besteren bat.
—Aizu, zuritu al dezaket naranja hemen? —galdetu du gazteak— gose handia dut eta…
Esaiok honi ezetz! Ja ta sartuko zidak gibelean aizkora gutxienez.
—Noski, noski. Jan lasai.
Hori esatearekin batera, bidailagunak bere ezker eskua poltsan sartu eta ia kilo laurdeneko naranja handia atera du. Begirada goseti batez so egin dio naranjari. Eskubiko ukabila zabaldu du eta hantxe, behatzen artean, laban zorrotz-zorrotza agertu da. Bidai osoan zeraman ukabila itxita. Orain agerian geratu da zer zuen gordea. Behatzen mugimendu azkar baten ostean, labana erabat zabaldu du. Hogei zentimetroko altzairu zuri-zuria. Beste eskuaz naranja jaso eta labana sartu du naranjaren bihotzeraino.
—Labana erabiltzen erraztasun handia duzu.
—Bai, harakin lanetan jardun nintzen denboraldi batez.
Gabonetan, guraso-zopa egiten. Honela ez zegok aurrera egiterik. Kabroi hau bazterrean utzi behar diat. Baina egin beharrekoa ondo egin behar diat. Aukera bat izango diat soilik eta gaizki irtenez gero... ez diat pentsatu ere egin nahi. Oportunitate bakarra. Agian, argien aitzakiak balio izango zidak.
—Iluntzen hasia da. Izan ere, orain goiz iluntzen du.
—Bai, egia. Azaroan egunak oso motzak eta gauak oso luzeak izan ohi dira.
—Argiak piztu nahi nituzke baina ez dakit ondo dabiltzan. Batzutan urrutirako argia itzaldu egiten da.
—Nahi baduzu, gera ezazu autoa eta esango dizut ondo edo gaizki dabiltzan.
Kosta zaik beita jatea. Irten, irten... emango diat kakoarekin!
—Benetan, ez dakizu nolako faborea egiten didazun.
Ilehoridunak labana jaso, naranja leihotik bota eta gerrikoa askatu du, gidariak autoa ostatu baten parking-ean aparkatu duen bitartean. Gizonaren aurpegian urduritasuna nabari da. Ezpainen gainean izerdi-tanta txiki distiratsuak ikus daitezke eta begietan ezohizko malko kantitatea. Gazteak atea ireki du eta zangoak lur gainean ipini orduko ipurtezurraz atea bultza eta itxi du. Bizi-bizi argien aurrean jarri da eta gidariak noiz piztuko zain geratu da.
Orain lasaitu. Martxa sartu, azeleragailua sakatu, enbragea askatu eta ospa. Bat, bi eta hiru!
Opel Kadetta ziztu bizian doa parkinetik errepidera. Berrogeita hamar kilometro orduko abiaduran eta motorra lehertzear, martxa aldatzeko eskatuz. Bigarrena sartu du, gero hirugarrena, gero laugarrena eta, azkenean, bosgarrena. Orduan lasaitu da zertxobait gidaria.
Ondo ote dago?
Lepoa mugitu eta ispilutik begiratzeari ekin dio. Han urrutian gazte ilehoriduna ikus daiteke zutik besoak zabalduta, batera eta bestera mugituz. Ondo dagoela dirudi. Baina bere poltsa kotxean dago. Gizonak poltsa hartu eta irekita dagoen eskubiko leihotik bota du. Lurrean bost txipi-txapa egin eta telefono-zutabe baten alboan geratu da.
Hau duk hau bizitza arriskatzea! Eskerrak Jauna bizirik naizela. Eskerrak...
Hori pentsatzen zuenarekin batera, atzeko aulkiko manta tartetik irten eta lepotik tinko heldu dut. Poltsikotik aizto luzea atera eta lepoa ebaki diot. Odola isurtzen ari da zauritik eta bere bularrean behera odol-isuriak doaz. Nerbioen eraginez gorputza mugitzen ari da baina laister geldituko da, kotxea geldituko den bezala. Gero, hilotza atzera bota, kotxea hartu eta afaltzera, ja, ja, ja...
