Esgintzea
Xabier Sukia
1
Ikasten daramatzat
hamar urte-edo
beti izan naiz maixu
hoien bezero
zazpitan jeikitzen naiz
ia egunero
gaur iratzargailuak
deitu eta gero
altxatzeko, zero
mantapean bero
hainbeste endredo
ez al nago ero?
autobusak aldegin
dit honezkero!
2
Salto batean altxa
ta erropak hartu
alderantziz jantzita
ez naiz ohartu
ezkerreko besoa
eskuinean sartu
azkenik etxetikan
irtetea lortu
beldurra baztertu
ta korrika lehertu
koska bat agertu
saltatzeko gertu
lurreratzean kraka!
hanka okertu.
3
Etxera bueltatzeko
nengoen perezan
erren eginaz zakur
galduen gisan
nik autobusa segi
harrapatu nezan
atzetikan korrika
gelditzeko esan
ni tontoa izan
sartu nintzen ‘Pesan’
ta nengoen trazan
mina ezin jasan
etxean gelditzea
askoz hobe zan.
4
Zortzitan azterketa
matematikekin
eta hortaz piperrik
ere ez nekin
aulkian eserita
nere hankarekin
boligrafoa hartuz
ariketei ekin
mina berdin-berdin
horkatila erdin
aguantatu ezin
hura senda zedin
hola azterketarik
ezin da egin.
5
Azterketa bukatuz
zangoa igurtzi
gehio handi ez zedin
eskuez eutsi
nere baitan esanaz:
“Ez ote dut hautsi!”
mina ugari eta
lasaitasun gutxi
pozak ezin luzi
mina zan nagusi
zangoa ikusi
ta zegon itsusi
baloia ematen zuen
behatz eta guzti.
6
Maixuari esan diot:
“Zangoa begira”
ta erantzun dit: “Gaizki
jartzen ari da”
autoa ekarri du
patio erdira
ta eraman nau auto
barruko aulkira
giltzari eman bira
martxan jarri dira
gurpilak sikira
ta orduerdira
joan naiz Donostiako
enfermerira.
7
Biok iritsi gera
azkar eta garaiz
egunon esan nere
xarma ta dohaiz
bi erizain begira
irribarre alaiz
hanka ahaztu eta
neska haien usaiz
errubia, Larraitz
ta morena, Alaitz
keinua bota maiz
hori ez denez gaitz
hurrena ere berriz
joan behar naiz.
8
Baina suerteak ez du
irauten betiko
gizon bat azaldu ta
plan denak kito
esan zidan jarriaz
zutik eta tinko:
“eskuinean esgintze
daukazu mutiko”
eta nerekiko
oinazean ito
hainbat txoropito
ez ditut begiko
ezkerrarekin eman
diot ostiko.
9
Handikan irten eta
etxerantz hurbiltzen
nola petrikilo bat
urre bizi zen
sendagile hoberik
ez dago Parisen
hasi zen nere hanka
olioz bustitzen
gero igurtzitzen
ta ez zen gelditzen
ni, berriz, sufritzen
edo erdi hiltzen
hiru minuturako
saltoka nintzen.
