Ni gixaixo
Ibai Esoain
1
Zu ikustean oroitzen nintzen
larrosaren usainean
zuri halaxe agertu nahi ta
hala esan ezinean,
barrara buelta egin genuen
gaua ixten zen heinean,
itsas-uhinek laztantzen zuten
arroka baten gainean
lehengo aldiz orduan bertan
jaso zintudan soinean.
2
Gogoan daukat udaberriko
mendi-irteera harena,
haritz zahar baten itzalpearen
bezero egin ginena,
margaritaren bai-ezezkora
jolastu ginen aurrena,
nik eskatuta musu handi bat
eman zenidan hurrena,
txori guztiak ere inbiriz
mutu utzi zituena.
3
Hirurogeita bederatziko
abuztuaren zazpian
zu gorde zinen sedazkoa zen
soineko txuri azpian,
hura bihotza lehertu beharra
eraztunak ematian,
arrozen lagun egin gintuzten
elizako atarian,
bi txori txiki bildu baikinen
enbor bereko kabian.
4
Kanarias zen gure ametson
ispiluaren islada,
eztei bidaia egin genuen
zorioneko irlara,
geneukanaren poztasuna ta
zetorrenaren ikara,
zu zinen nere bihotz alaia
babesten zuen izara,
orain malkoak xukatzen ditun
musuzapi hutsa zara.
5
Ezkondu eta urtebetera
ekarri genuen Txomin,
trainera bezain ile horia
bi begi urdin-urdin,
gogoan ditut loarazteko
zenbat saio ta ahalegin,
zuk paketea aldatu eta
nik bertsoak kantatu fin,
maitasun faltan ume txikia
negarrez ito ez zedin.
6
Ikastolara laguntzen nuen
mutilkoxkortu aurretik,
negarrez utzi, negarrez jaso
ez zen bestelako bueltik,
zu ama zaren aldetik eta
ni aita naizen aldetik
hezi genuen bizimoduak
eskatzen zuen bidetik,
guraso txarrak dituenikan
ez du esango gugatik.
7
Alde haundia egon liteke
haserretik haserrera,
ahaztutzetikan eskatzeraino
dibortzioko papera,
etxerik gabe, ametsik gabe
semerik gabe, gainera,
gizona nola alda liteke
egun batetik bestera,
nahi duen dena izatetikan
ezertxo ez izatera.
8
Bisitatu det lehen urratsen
testigu nuen arroka,
lehengo uhinen jolaskidea
orain elkarri mokoka,
ezkonberritan eskainitako
eraztunari malkoka,
seme Txominen argazkitxoa
karteratxoan itota,
galdutakoa eskuratzeko
itxaropentsu nago ta.
