Oriora.com

Riad

Alazne Goenaga*

Gau ilunaren magalean lokarturik dirau herriskak, laurogei bat lastozko etxola, elkarrengandik ez oso urrun. Haruntzago so eginez, lurrean dauden itzal beltz haundi batzuk soma daitezke, animaliak akaso…

Gauak, ordea, aldegiteko garaia du, etxoletan marmarrak entzuten dira. Badirudi herriska lozorrotik irten dela eta arestian izandako bake armoniatsua haustear dago. Marmarra gero eta ugariagoa da, baina ezezaguna, hizketan ari den jendea dagoela antzeman daiteke baina ezezaguna da. Bitartean herrixkaren inguruan dauden mendi garaien artetik zerbait datorrela suma daiteke, azken iluntasun tantak irentsiko dituen zerbait… edo norbait…

Marmarra isilduz doa eta horrekin batera lehen gizakia irten da txabola batetik. Zaharra da, arras astiro dabil eta bastoi moduko makila okertu baten gainean darama bere eskuin eskua. Beste biztanle guziak ere atera dira eta bere atzetik doaz, denak isiltasunean baina alai, aurpegietan alaitasuna nabari zaie. Taldearen buru doan zaharra leku jakin batean geratu da, antza, eta beste guziek ere ibiltzeari utzi diote. Atzera so eginez, lehen gauaren belztasunean zegoen itzal multzo hura ez dago jadanik: animalia batzuk daude. Ile luze eta ubela dute, garaiak eta sendoak dira, begi beltz haundikoak eta lerdea darie mutur luzeetatik. Apatx sendoez lurra jotzen ari dira, badirudi gosez daudela, baina… inork ez die jaramonik egiten.

Agure zaharra oihuka hasi da ulegaitza zaigun hizkuntza batean, makila okertua altza eta mendietara begira jarri da:

—Zatoz, zatoz egunero bezala, zure zain gaude! —oihukatzen du.

Hitz horiek esan eta gero, berrehun bat inguru izango diren izaki guztiak belaunikatu dira eta horrekin batera eguzkia irten da bere osotasunean, eskualde guzia argituz. Riad-en izpiek agurearen aurpegia, zein zimurrak errekastoak bailiren zeharkatzen dute, ferekatzen dute. Atzean duen jendeak ere aurpegia erakutsi dio Riadi eta hauek ere laztan goxo eta epela jaso dute.

Denetarik dago: emakume gazteak, gizon zaharragoak, haurrak, besoetan haur jaio berriak dituzten emakumeak, zaharrak eta abar. Denek dute, ordea, adats beltza, denek, zutik dagoen agureak izan ezik, honek urdindua baitu. Azala ere beltzarana dute, begi urdinak eta ezpain meheak. Sudurra zabal xamarra dute eta beharri ertzean, berriz, marra beltz bat. Jantziak ilunak dituzte: tunika moduko bat eta gainean trapu pila bat. Lepotik harri dizdiratsuak dauzkate zintzilik, oinetan, ordea, ez dute ezer, oinutsik daude.

Han dagoen isiltasuna atzean dauden animalitzar haien orruek uxatu dute. Orru horiek eguneroko lanei ekin behar zaiela adierazten dute. Denak lurretik jaiki dira eta Riaden aurrean erreberentzia moduko bat egin ondoren bakoitza bere zereginetara abiatu da. Gazteenak, ordea, agurearen inguruan geratu dira. Ilean ikaragarrizko anabasa duen mutiko batek harri haundi bat ekarri du eta agureari esertzen lagundu dio. Poliki mugitzen da agurea adinaren zamaren eraginez.

Agurea, bere makilarekin zerbait izkiriatzen hasi da. Ez, zerbait marraztu du. Bai, borobil bat egin du, inguruan izpi moduko batzuk dituela.

—Nor da? Riad?

—Bai gazte, gure jainko Riad da.

—Baina zergatik da Riad gure jainkoa Yoël zaharra? —apur bat aztoraturik.

—Lasai gazte… azalduko dizuet eta.

Eta agurea bere ezpain zaharkitu eta meheak ia mugitu gabe hizketan hasi da:

—Ba, oso aspaldi…

Herriskan betiko lanetan dihardute. Agurea kontatzera doan guztia soberan ere ondotxo dakitela dirudi.

—…oroimena izeneko dama azkarra ere iristen ez den denbora batean, Riad-en etxean, unibertsoan, beste planeta bat bizi zen. Riadek, orain guri egunero argia eta berotasuna ematen digun bezala, beste batzuei ematen zien. Toki hark Lurra zuen izena, gurea bezalakoa zen baina askoz ere haundiagoa, hura ikaragarria zen, han guk zenbatu ezin dezakegun izaki kopurua bizi zen, bost lur zatiz osatua zegoen eta inguruan ur gazi pila bat zuten itsasoa deitzen ziotena. Lur zati bakoitzean arraza ezberdineko jendea bizi zen.

Lurra sortu zenean oso ederra omen zen, Rahoga bezalakoa. Hasieran gizaki gutxi batzuk ziren, gure antzera lastozko etxoletan. Baina gizakia gero eta aurrerago joaten hasi zen. Etxeak harri astunez egiten hasi zen, eta leku batetik bestera joateko galtzadak egin zituzten zelai berdeen gainean.

Herri bakoitzak jainko ezberdinak zituen eta haien menpe zeuden. Patua euren eskuetan uzten zuten. Horrenbeste herri ezberdin zeuden ezen beraien artean adostasunik ez zegoen eta ondorioz borrokan hasten ziren. Guduak sortu zituzten eta jende errugabe asko hil.

Gizakia jainkoetaz aspertu zenean, baztertuta utzi zituen eta gauzen zergatia aztertzen hasi zen. Jakinmin horren aurrean, ikasteari ekin zioten. Dirua izeneko gauza batekin ama natura erosten zuten eta pertsonekin ere berdin egiten zuten.

Beraz, gizakiak gero eta gehiago pentsatzen zuen eta gero eta gauza gehiago asmatzen zituen bere hobebeharrerako eta amaren kalterako. Izan ere, jendetza izugarria bizi zen eta baso eta mendiak suntsitzen ari ziren etengabe mendeetan zehar. Garraiorako ere izugarrizko makinak eratu zituzten: animaliak erabili beharrean, ke zikina botatzen zuten munstroak asmatu zituzten. Zuhaitzak bota zituzten, egurretik papera izeneko orri zuri batzuk ateratzeko eta, gero, bertan izkiriatu ahal izateko. Eta horrela etengabeko zirkulua osatu arte.

Iritsi zen une bat… dena makinek egiten zutena: den-dena egiten zuten. Munstroek guzia kutsatu zuten, ia ez zen zelai berderik ikusten eta urak ez ziren gardenak, arrainik ere ez zegoen bertan. Baina ez zuen axolarik, arrainak makinek egingo zituzten. Izakiak ez zuen deus ere egiten, makinak asmatu eta haiek zaindu besterik ez. Izakia makaldu egin zen, ez zuen lanerako gogorik eta zeharo alpertuta bizi zen. Haurrik ere ez zuten Lurrera ekartzen eta gizartea zahartzen ari zen. Lurra guk pentsa ezin dezakegun egoera batean aurkitzen zen.

Riad ordea han zegoen. Sua zerion eta ezin zuen sinestu begien aurrean zuena. Ezin zezakeen onartu bere etxean horrelako hondakin multzo erraldoia. Denbora luzean egon zen gogarte sakonean eta, azkenik, Lurra deuseztea ebatzi zuen.

Egun beroa izan zen hura, beroegia, izan ere Riad larregi gerturatu zen Lurrarengana eta bertan zegoen guztia kiskali zuen. Bi gauza izan ezik. Bi izaki izan ezik: elkarrengandik oso urruti bizi ziren bi izaki, elkar ezagutzen ez zuten bi pertsona utzi zituen bizirik. Nodu gizaseme beltz eta gaztea zen, mutil osasuntsua. Lear berriz emakume zuri eta ederra. Han geratu giren biak, bakoitza bere lurraren aldean, kiskalitako lurren artean. Izuturik zeuden, ez zegoen inor, ez ezer, bizirik. Berak ziren lurzoru guzian bizia zuten bakarrak.

Riaden asmoak zentzuzkoak ziren, ordea. Bi izpi luze eta gozoez Lear eta Nodu hartu zituen eta hona ekarri, Rahogara. Riadek biei hitzegin zien:

—Zuek biok hondamenditik enparatuak izan zarete, orain hemen Rahogan bizitzaren kimu berria ernalduko duzue.

Eta Riad aldendu egin zen, hurrengo goizean ortze amaigabean ostera irteteko. Bai… Lear eta Nodu izan ziren gure aintzindari, beraiek sortu zuten gure arraza, biak Riadi esker.

Yoël zaharrak Riaden marrazkia hatz luze eta okertuez ezabatu du lurretik. Gazteak bitartean ahozabalik daude. Bat, ordea, altza eta agureari laguntzera doa. Badoaz… agurea bere makila okerrari eutsita astiro-astiro. Gazteak, berriz, atzetik.

Gizon batek beste bati, laster etxolak harriz egin ditzaketela esan dio, goiko harrobian ba omen dago eta nahiko harri. Yoël zaharraren beharrira iritsi da kontua. Burua mugitu du. Bere aurpegian kezka ikurrak nabari daitezke.