Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  1996 »  Neguan elurrik ez bada, ama! udaberrian lorerik ez?

Neguan elurrik ez bada, ama! udaberrian lorerik ez?

Nere Manterola

Hutsik dago Eusko Gudari kalea. Euriaren tik-tak doinu leunaren konpasean txakur bat dator, hanka bat arrastaka, baba dariola. Gose da, begien urduritasunean nabari zaio. Begi biak alde batera eta bestera mugitzen ditu hondakinen bat edo beste bilatu nahian.

Kortina zuri baten atzetik bi begi atxeki zaizkio txakur herrenari. Metro eta oso gutxi den mutiko mardula —gizontxoa agian— errukitsu begiratzen du txakurra eta ia nahigabe ‘Herren’ jarri dio izentzat. Haragi mutur bat eman nahiko lioke, baina amak dagoen lekutik ez mugitzeko agindu dio, Erregeek ez dizute ezer ekarriko ikatza baino! oihukatuz.

Ama komunean dago, haurtxoak edo gizontxoak egin duen barrabaskeria garbitu nahian. Afeitatu egin behar omen zuen, aitatxok bezala. Kutxilla prest jarri du, bota du apar pila bere aurpegi txikira… baina after shave delakoa falta. Igo da bainera muturrera, kostata iritsi da armairura, hartu du berak after shave dela uste duen potea eta, jeisterakoan, jauzi zaio potea eta hornitu du bainera guztia txanpuz. Begi beldurtiekin geldirik geratu da pare bat segundutan, eta amak ez duela txintik entzun ziurtaturik, hasi da berriro beste after shave baten bila. Ez du, ordea, berak nahi duenik topatzen. Ikusi du urrutian aitaren kolonia berria, begien dizdirarekin irripar itxi bat… Igo da bainera muturrera, baina urruti dago, ez da heltzen. Joan da bere gelara eta hartu du aitak inongo arrazoirik gabe oparitu zion ezpata. Berriz komunera. Luzatu du ezpata. Heldu da! Bultz egin du. PLAST!!! eta jauzi zaizkio hirubat kolonia lurrera. Begi beldurtiekin geldirik geratu da pare bat segundutan. Ireki da egongelako atea eta jauzi zaio mundua lurrera haur gaixoari. Lasterka dator ama pasilutik, bera ez, berari ezer ez, Jauna mesedez, bera ez... dabilki marmarka ahoan. Zer gertatu ote den jakin nahiaren beldur mingotsa. Sartu da komunera eta ikusi du haurra geldirik, burutu duenari so. Isilean lasaitu da ama, baina…

—Eneko!!! Zer da hau? zer egin duzu? Ezin al duzu momentu bat ere egon ama ondoan ez duzula gaiztakeriarik egin gabe? —astindu leun bat eman dio atzekaldean.

—Joan egongelara! Eta kontuz gero zer egiten duzun. Erregeek ez dizute ezer ekarriko ikatza baino!

Ez du malkorik isuri gizontxoak, baina oraindik ere begiak lehertzeko zorian ditu. ‘Herreni’ begira dago, haragi mutur bat eman nahiko lioke, baina amak dagoen lekutik ez mugitzeko agindu dio Erregeek ez dizute ezer ekarriko ikatza baino! oihukatuz. Eta berak ez du ikatzik nahi, berak txirrindua, eta patinak, eta larruzko baloia, eta futboleko botak, eta guanteak, eta patinetea, eta motoa, eta play mobilen barkua, eta...ikatza ez. Beraz, ondo portatu behar du, eta ez da mugituko. Begiratu dio txakurrari eta ikusi du bere burua haragi-muturra ematen ‘Herreni’, eta ikusi du Baltasar berari begira irripar ezti batez Zein zintzoa den mutiko hau, eskatzen duen guztia emango diogu, e Meltxor? esaten.

Ireki du hozkailua, bilatu du haragia, pasatu du komuna hanka punttetan, ireki du atea eta...Badoa!

Jetxi ditu eskilerak korrika. Iritsi da kalera. Gora begiratu du lehenengo, eta eskua luzatu, badaezpada, Baltasarrek hor dagoela ikus dezan. Hankak dardarez ditu: lehenengoz da bakar-bakarrik kalean. Begiak orain, urduri, batetik bestera mugitzen ditu txakurraren bela.

—Herren, Herren! Non zabiltza.i Begira zer ekarri dizudan. Herren! Zatoz hona— bere parean dena bakarrik ikusten du, ez du bidearen beste aldea ikusten. Aparkatuta dauden kotxeen atzean izkutatzen zaio kalearen paisaia. Kotxe artetik igaro da, bidera salto egin, eta beste espaloiraino iritsi nahi du, baina ez du presarik. Ez du ziztu bizian datorren autoa ikusi, ezta entzun ere, eta umeak aurrera dirau. Ozta-ozta ikusi du gidariak hain izaki txikia errepidea pasatzen, ozta-ozta zapaldu du frenoa, ozta-ozta ez du harrapatu autoak haurra… baina haurra ez da konturatu ere egin.

Balkoira jende anitz hurbildu da frenu-hots bortitzaren ondorioz. Irten dira dendariak ere kalera, berdin tabernetako jendea. Eskabitxeri aurrean jolasean zebiltzan haurrak ere inguratu dira. Gidariak eskuaz aurpegia estaltzen du, emakume bat da, haurren baten ama seguruasko. Inguruko jendeak lasaitzeko eskatzen dio, haurra ondo dagoela, lasaitzeko, baina emakumeak, harrapatu dut ia, harrapatu dut ia! oihukatzen du behin eta berriro, harrapatu izan balu zer gerta zitekeen imaginatuz, sekula barkatuko ez zitzatekeen gertakaria, bere gibelean bizitza osorako zama.

Eneko negarrez ari da. Ingurukoek momentuaren ikararen eraginez ari dela suposatzen dute, behin eta berriro laztandu baitute milaka eskuk gorputza hautsirik edo duen ziurtatu nahian. Baina Enekok ez du horregatik negar egiten, ‘Herren’ ikusten du urrunean saltoka ihesi, hainbeste jende ikusirik, beldurraren eraginez, ihesi. Enekok zerura so egiten du, eta Baltasarri nola azalduko dion jendetza hori berak ezer txarrik egin gabe bildu denik, galdetzen dio bere buruari.

—Nongoa da haurra? —galde egin du amona izutu batek— Non du bere ama? —baina ez dago erantzunik. Antza denez, ez du inork ezagutzen etengabeko negarra darion haur txikia.

—Hau Muruanekoa da… mutur hori ezaguna dut. Zer da Eneko, non da amatxo? —Umeak bere izena entzun eta bira eman du, norbait ezaguna topatu nahian, baina bi begi beltzek ez dute nehor aurkitu.

—Ez al dira muruatarrak hortxe bizi? Ze Muruataz ari zarete? —galde egin du betaurrekodun gizon batek.

—Murua asko ez dira ba hemen… Joxe Muruaren alaba, usurbildar batekin ezkonduta dagoena… nola da gizona? Inaxio izan daiteke.

—Aita nor du honek orduan, ‘Moulinex-en’ lan egiten duena? Bai, bai hementxe bizi dira. Hirugarren pisuan edo. Joko dut tinbrea, ia norbait dagoen. Nola da? Umm...Ah! Bai, Murua. —Emakume gizen batek zeharkatu du errepidea. Umeak negar egiteari utzi dio. Gidaria lasaitu da apurtxo bat.

—Bai, nor da? —erantzun du ahots zakar batek hariaren bestaldetik.

—Aizu,barkatu, muruatarrak hor bizi dira, ezta?

—Bai,baina nor da?

—Zuen semea ia kotxe batek harrapatu du. Beno, zuen semea dela uste dugu.

—Gure semea? Kotxe batek? Ez, ez, ezinezkoa da, nire semea egongelan dago. —Irriparre bat ere irten zaio emakumeari horrelakorik! pentsatzen duen bitartean. Baina, non du semea? Egongelara lasai-lasai joan da. Ez du Eneko ikusten. Korrika doa sukaldera. Oihuka hasi da, baina semerik ez. Irten da emakumea balkoira. Jende multzo bat ikusten du, baina bere semerik ez. Bapatean, negar hotsa entzun du. Ezaguna zaio negar hori. Begiz jo du haurra. Ia bihotza atera zaio bularretik. Laino zuri batzuk agertu zaizkio begi aurrean. Ezin du zuzen ibili, ez du ondo ikusten… baina korri egiten du.

Jende multzoaren artetik emakume bat doa bultzadak emanez aurrera, zoraturik dagoen emakume bat dirudi.

—Eneko! Eneko! —Iritsi da emakumea. Hartu du negarrari berriro eman dion haurtxoa besoetan. Besarkatu du. Pasatu dio eskua gorputzetik, zauriturik ote dagoen ziurtatu nahian. Ezer ez duela ikustean, musuka hasi zaio haurrari. Jendea sakabanatzen hasia da, gidaria bera ere etorria da amari zer gertatu den azaltzera. Amak ere, bere semeak kalean bakarrik zer egiten duen aditzera eman du, baina inork ez daki zergatik jetxi den umea bakarrik kalera.

—Eneko, zertara jetxi zara? Nor ikusi duzu? Zer egin nahi zenuen?

—Eh...txakurra ikusi det leihotik ta gose zegoela igertu diot ta orduan pentsatu dut ba haragia ematera jeixtea, Baltasarrek ikusteko ona naizela ta komunean gertatu dena deskuido bat besterik ez dela izan eta gero jende hau dena etorri da eta txakurra bildurtu egin da eta orduan korrika joan da eta orain Baltasarrek pentsatuko du ni gaiztoa naizela eta ez dit ezer ekarriko… ikatza bakarrik ekarriko dit eta nik aitatxori emango diot ze berak esan zidan nahi zuela ta hori eskatuko ziola Meltxorri, ze nik Baltasarri eta berak Meltxorri, ta nik aitari emango diot ikatza ta orduan ni ezer gabe geratuko naiz eta nik bizikleta eta patinak eta baloia nahi ditut gutxinez eta gero Baltasarrek nahi badu guanteak eta patinetea eta motoa eta play-mobilen barkua ekartzea… baina horiek nahi baditu. Ta orain ni ezer gabe —malko bi irristatu zaizkio masailetatik ahora iritsi arteraino.

Egon da barre egin duenik. Egon da hunkiturik malko biri ihes egiten utzi dionik. Egon da aurpegi hitsa azaldu duenik.

—Zenbat urte dituzu? —Enekok kostata lau behatz azaldu ditu— Lau urte besterik ez; ez, oraindik ezin zaio esan, goizegi da.

—Ba… gaur bertan bere aitarekin hitz egingo dut, eta sentitzen dut, baina nahiago dut seme bizi bat, seme hila eta ameslaria baino… eta esan behar bazaio, esan egingo zaio eta kitto. Atzo ere, Baltasarrek ikus zezan ontziak fregatu nahi izan zituen eta hiru plater hautsi zituen, gaur hau; eta bihar zer?

—Bai, horren sarturik badauka, hobe agian, esatea, ezbeharren bat tokatu baino lehenago, ze… gaurkoan izugarria gerta zitekeen.

—Ez dut pentsatu ere egin nahi. —Bost bat minututan egon dira hitz egiten azkenerarte geratu direnak,baina ez dute ezer erabaki, esan behar zaion ala ez. Hori muruatarrek erabaki behar dutela komentatu da azkenean, azken finean, beraiena baita haurra.

—Nire ustez esan egin behar zaio. Badakizu zer gerta zitekeen gaur? Ia semerik gabe geratzen gara. Inaxio, ez gara plateretaz ari, semeaz ari gara, dugun seme bakarraz. —Muruatarrak eztabaidan ari dira. Gizon gazte xamar bat sofan eseririk dago, hiru egunetako bizarra izango du. Pijama galtzak ditu soinean, eta niki zuri bat. Niki zuriaren goikaldetik, bi ile ageri zaizkio, iletsua den seinale. Irriparre bat du ahoan, momentuak barre egiteko ezer ez duen arren, begiak alde batera eta bestera mugitzen ditu, emaztearen pausuen jarraitzaile. Gizona baino gaztexeagoa den emaztea, batetik bestera dabil, noizean behin, sukaldera so egiten du, jolasean dabilen umea han ote dagoen ziurtatu nahian. Urduri dagoela nabaritzen zaio. Bere senarrak begirik kentzen ez dionean gertatzen zaio, urduri jartzen da… eta senarrak badaki.

—Baina hamabost eguneko gauza besterik ez da, hamabost egun hauetan ondo-ondo zaindu eta kitto… denak izango ditugu, bai semea eta bai ilusioa!

—Zer ari zara esaten? Ez dudala haurra ongi zaintzen? Zuk baino gehiago egiten dut! Zuk tori hau Eneko begiratu hau, tori goxokia. Dena ona, eta, jakina, nik izan behar dut txarra, ezta?

Gizona zutitu egin da, emazteari gerritik heldu eta belarrira mintzo zaio:

—Ez nuen hori esan nahi. Badakit ondo zaintzen duzula eta askotan ezinezkoa dela bere gainean egotea momentuoro. Ez da txakur bat, ezin da soka bat jarri eta ‘txokora’ esan. Haur bat da. Horregatik mantendu behar dugu sekretua, nola kenduko diogu ilusio hori. —Emaztea senarrari bizkarra ematen ari zaio. Malko batzuk ihes egin diote momentuaren eraginez. Gerrira eraman ditu bere eskuak, senarrak dituen leku berera, eta gogor estutu.

—Gehiegi maite zaituztet biak ere, norbait galtzeko. Barkatu, neuk ere ez nuen hori esan nahi —bira eman eta ezpainean muin eman dio—. Ez diogu esango geu garenik erregeak, sekretua mantenduko dugu…

Jolasean ari den Eneko geldirik dago orain. Utzi du kamioia bazterrean eta geldirik dago. Ezin du arnasarik hartu, ez zaio iristen haizea biriketara, lainotu egin zaio bista, indarge ditu hankak… entzun duena ezin du sinetsi… jauzi zaio mundua lurrera…