Hego-haizeak jotzen duenean
Jokin Salsamendi
Igandea zen. Urriko igande beroa. Urtero bezala hego-haizeak bere bisita egin zuen eta herria bero lama nardargarri batez estali zuen. Zerua urdin-urdina ageri zen baina sargoriak herritarren begiradak lausatzen zituen. Kanpandorreko erlojuak ordubata zela salatzen zuen eta eguneko tenperaturik altuena markatzen zuen banketxeko termometro erraldoiak. Jendea elizatarian bildurik zegoen —meza nagusia amaitu zen seinale— eta dagoeneko hasiak ziren haurrak beren izeba eta amonak non zebiltzan kontrolatzen, ondoren, maltzurki agurtu eta xorro-xorro paga eskatzeko. Bakoitzak bere teknika zuen baina gehienek Amonaa... goxo-goxo batez ematen zioten erasoari hasiera eta, aingeru aurpegi batez lagundurik, aise lortzen zuten helburua. Baina behin txakurrarena eskuratu ondoren Agur lehor eta motz bat entzuten zuten senideek eta konturatzerako desagertua zen beren umetxoa. Baziren denbora aurreztearren zuzenago jokatzen zutenak, baina, azken finean, denen emaitza berdina zen.
Egun hartan ez zen beste gairik. Beroa gora eta beroa behera. Horretan zihardutelarik, aldapa jeisten hasi ziren. Piskana, batak bestea imitatuz, zimitarioa atzean utzi eta goiko kaletik beheko kaleruntz abiatu ziren. Aldapa da bi kaleak lotzen dituena. Kale baino hobe, bi auzoak batzen dituena. Herria fisikoki bitan banatua dago eta muga Eliza eta Udaletxea lotzen dituen harrizko malda da. Eliza goiko kaleko atea da eta Udaletxea, aldiz, beheko kalekoa. Herritarren esanetan Udaletxea eta Eliza (eta, jakina, aldapa ere ez) ez dira ez goiko kale eta ezta beheko kale ere. Eraikiak direneko lurrak ez dira inorenak. Denek diotenez, Aldundia (Diputazioa) da jabea.
Aldapan behera zihoazen eliztar denak beheko kaletarrak ziren ze hamabietan hasten den meza beraientzat soilik izaten baita. Goiko kaletarren meza nagusia hamaiketan izaten da eta urtero ordutegia txandatzen dute diskriminaziorik egon ez dadin. Herria fisikoki banandua egoteaz gain, soziologikoki ere bi talde sozialetan erdibitua dago. Herriaren banaketa sozial hori, jakina, politikan argi eta garbi dakusate. Bi alderdi politikoek hautesleen % 90 ordezkatzen dute. Lehena BKI (Beheko Kaleko Indarra) da, botoen %45aren jabe delarik eta bigarrena GKE (Goiko Kaleko Ekimena), botoen %44arekin. Beste %10 horren jabe OE (Oskorriko Ehiztariak) talde politikoa da. Hauek herritik urruti dagoen Oskorri izeneko auzo txiki bat ordezkatzen dute eta denei kontra egiteko joera dutenez, ez dute sekula koaliziorik egiten. Ondorioz, azkenean beti BKI alderdiak zuzentzen du Udala. Eta horrek goiko kaletarrak sutzen ditu, baina barne gorroto hori ez dute azaleratzen.
Mezetatik irten ziren haien artean Jon Auzmendi Arteaga zihoan. Jon udaleko zinegotzia zen eta oso miretsia beheko kalean. Bere sorbalda zabalek eta ia bi metroko garaierak errespetoa sortzen zuten. Gehienetan ohi bezala, oso dotore jantzita zihoan eta bere hile horia maixuki orraztuta. Bere masail eta kokotz ondo afeitatuak eta soinean zuen lurrin berezi hark txukuntasun kutsua ematen zion. Telebistan ageri ohi diren modeloa zirudien eta kanpoko itxura lerden horrek politikan zenbait oztopo gainditzen lagundu zion. Betiko moduan tente-tente zebilen. Urrutitik ikus zitekeen Herriko Enparantza zeharkatzen zuen bitartean. Bere pausoak luzeak eta azkarrak ziren, presaren adierazgarri, eta aguro iritsi zen moilara. Han, kaian, ezkerrerantz biratu eta bere bideari jarraitu zion.
Nik bai zorte txarra. Udara guztia Zarauzko plaieroak noiz hasiko eta kasualitatea… gaur hasi eta gaur osabaren meza. Hala ere gaitzerdi! Bigarren denbora jokatzeko oraindik garaiz nabil. Kotxea hartu eta zigarroa erretzerako …zas! hondartzan. Nola joango ote dira? Moldatuko al ziren ni gabe? Ai, onena izatearen lanak! Ni gabe ez lirateke ligarako ere klasifikatuko. Joņo, hor ziok-eta Iņigo. Jo behar zioat adarra.
Han, portuaren aldameneko tabernako terrazan mutil beltzaran bat zegoen plastikozko aulki zuri batean eseririk Euskaldunon Egunkaria eskuartean zuelarik.
—Ze, orain ere beheko kalean e! Beti gugatik gaizki esaka eta zurrutera nora? Beti honera. Inbiriak nola tiratzen duen!
—Bai, bai. Baina ni bisitan eta hi, hiltzen haizenean, han azalduko haiz goiko kalean —erantzun zion Iņigok Joni gogoraraziz hilerria Goiko Kalean zegoela —Hantxe zeukeagu gordeta hiretzeko ere terreno mutur bat. Belar eta guzti!
—Edanari horrenbeste ematen badiok aurki haiz hire saila ximaurtzen. Bueno… gero hitz egingo diagu orain presa piskat zeukat-eta. Adio.
—Adio. Eta badakik …ondo joan eta hanka hautsi!
Sasikumea. Beti xipoka. Han ez zeukatek tabernarik eta hemendik bidali ezinik. Beren kontsumizioak ordaintzen dituzten bitartean, gaitzerdi. Ze dotorea den erosi berri dudan Hiundai Lantra berria. Atzetik begiratuta, perfektoa. Hauek dituk faroak! A ze nolako gurpilak! Eta albotik ikusita… ederra txapa! Japoniar hauek material ona zerabiltek. Eta aurretik… Mekaguen Satanas! Egin zidatek kristona… hau duk aberia!.
Zinegotzia zurbil-zurbil geratu zen bere kotxe berriaren kristala txikituta ikusi zuenean. Parabrisako kristala txiki-txiki eginda zuen.
Hau nahita egin zidatek. Eraso faszista. Hau ez duk istripua izan, ze paratxokesak ez dik inongo markarik. Eta itsasontziak atunetan direnez, ez zebilek ez gurdi, ez sare, ez inor. Rekoņa! Orain izorrai futbola! Ai! Badaezpada, errepidearen alboan dagoen tabernara joango nauk ea zerbait ikusi duen.
Jonek kaia zeharkatu zuen eta Lanperna zeritzon tabernan sartu zen. Zuzen-zuzen jo zuen tabernariarengana. Hau justu-justu ikus zitekeen mostradorearen beste aldean. Han, pintxo eta ardo boteila merkeen artean gorderik, gizon txiki ilegorria diru kontari ari zen.
—Eguerdi on Joxelo!
—Berdin, berdin Jon! Zer habil?
—Hemen, odola txartzen. Putakume batek kotxeko kristala hautsi zidak eta zerbait arrarorik ikusi edo entzun duan galdetzera etorri nauk.
—Ba, ez… ze badakik… musika dela eta ez dela… eta jendea… eta… Baina horrek gaur goizeko kontua izan behar dik.
—Edo akaso bart arratsekoa.
—Ez, ez ...ze goizean atzo afaldu zituzten bixigu eta txitxarroen barrenak ibaira botatzera joan naizenean, hire kotxearen aldamenetik pasa nauk eta orduan oso-osorik zegoan.
—Orduan norbaitek zerbait entzun izan beharko zian, ze kristala haustean… Nik hautsiko banu, seguru, baina seguru, herri erdia esnarazteko adinako danbatekoa sortuko nukeela.
—Hori plazako kioskoko Mariak entzungo zian. Kuskuxera hori zertaz enteratuko jarduten duk beti eta fijo zerbait entzun edo ikusi duela. Hark ez bazekik, ez zekik inork, ze kioskoak zuzen-zuzen hire kotxeruntz begira zeukak lehiatila.
—Eskerrik asko eta gero arte.
Hori esatearekin batera, Jon tabernatik irten eta herriko enparantzarantz abiatu zen. Hantxe zegoen Mariaren kiosko zuria herriko enparantzan, udaletxearen aldamenean eta kaiaren frentean. Txukun eta garbi zaindu ohi zuen Mariak —zoritxarrez iaz hil zen— eta egun hartan ere beti bezain atondurik zegoen. Lehiatilara gerturatu bezain pronto, kiosko barrenetik adineko emakumea kirikatu zen. Maria zen. Adinak aurpegiko azala ximeldu arren, oso dotorea zen. Bere orrazkerak berriki ileapaindegian izan zela zerakusan, eta horrek bere edertasunean izango zuen eragin zuzenik.
—Kaixo Maria, nik badut gal…
—Esan behar dizudala eta hara orain aukera —Mariak zinegotziaren esaldia moztu zuen eta bere hitz jarioak aho bete hortz utzi zuen—, badirudi etortzeko hots egin dizudala. Hara, gaur goizean goiko kaleko GKEtar horiek zeuden moilako eskaileretan eserita, zure kotxe berriaren aldamenean… —ah, bide batez, kostako zitzaizun e?— Beno, beno… hori beste upeleko sagardoa da eta ekingo diot nereari. Hantxe zeuden txima luze kinki horiek jijiji eta jajaja. Lepoa jokatuko nuke gaupasa eginda zeudela. Txandala zuten soinean baina ez naute ni engainatuko berehala! Itxuraz plaieroetara zihoazen, baina lo gutxi eginda zebiltzan.
—Bai, horretara etorri naiz.
—Kontua da lanean jarraitu dudala horien ergelkeriei jaramonik egin gabe eta halako batean …ai ene! …ikaragarrizko eztanda entzun det! Istripu bat izan zela uste nuen, baina ez zetorren inor errepidetik. Eta kaia guztian ez zegoen zurea ez beste autorik. Pertsonak ere inor ez. Goiko kaleko moxkor horiek, bakarrik. Badakizu, Ekimeneko-ak!
—Eta…
—Gero kotxeari begira ikusi zaitut eta zera pentsatu dut; Maria, danbateko horiek ez ote du zinegotziaren autoan sorlekua? Jakina, ondoren lotu dut guztia: GKEko terroristakume horiek, zinegotziaren autoa… Saiatu naiz zuregana joaten baina, badakizu, ezin utz dezaket kioskoa inor gabe.
—Ai, banengoen ba ni. Hasieratik hartu diot tankera txarra. Banekien eraso faszista bat zela. Ezin dute onartu demokratikoki herriak hautatu gaituela eta biolentzia darabilte beren irizpideak inposatzeko. Ba, hau ez da horrela geratuko! Izango du dagokion erantzuna…
Begietatik sua zeriola aldegin zuen Jonek etxera, Maria egunkari saltzailea agurtu barik. Bizkor-bizkor, baina korrika egin gabe, etxe atarira iritsi zen. Atean giltza sartu, ireki eta barrura. Behin ezkaratzean, lehenengo solairura igo eta gero etxera.
Alkateari hots egingo zioat telefonoz. Aparteko plenora deituko dizkiagu alderdi guztiak eta ikusiko diagu orduan. Nola duk …96 96 97 …ti-ti, ti-ti… komunikatzen. Kaka! Kaka! Ematen zidak gogoa goiko kalera joan eta GKEko partaide guztien kotxeei su ematekoa. Baina ezin dizkiat eskuak zikindu. Ez behintzat zinegotzi naizen bitartean. Hala ere, gure gazteriak jakingo dik nola jokatu. Alderdiko gazteriaren buru den Iņakiri deituko zioat. Hemen zegok... 96 96 95 …tiiii-tiiii!
—Kaixo Iņaki, ni nauk, Jon Auzmendi. Hi, kristona egin zidatek GKEko kabroi horiek. Gaur goizean kotxe berriaren aurreko kristala hautsi zidatek. Ez zeukat froga erabakiorrik baina kotxearen inguruan ikusi zizkiaten. Haiek izan dituk!
—Une honen zai aspaldi egon gara. Aspaldian jardun zaizkigu potroak ikutzen baina orain badugu aitzakia. Dozena-erdi lagun bildu, kaputxak jantzi eta gaur gauean iskanbilak sortuko ditugu goiko kalean. Ondoren Ertzaintza azalduko da eta folloiaren erdian autoen kristalak hautsiko dizkiegu. Gainera, bronka sortzearen erru guztia GKEren gainera joango da, je-je.
—Hori egiteko eskatzera nihoan baina ohartu naiz ez dagoela horren beharrik. A …eta ez eman inori elkarrizketa honen berri.
—Zein zera ba? Nor da? Je-je!
—Holaxe, Alzheimer bazenu bezala. Je-je! Gero arte!
—Bai berdin, mister X.
Hauek bai gizonak. Holako berrehunekin garbituko genikek herria. Beno orain alkateari deitu beharko formal-formal.
—Ring-ring!
Telefonoa?Nor ote duk?
—Bai…
—Kaixo Jon, Alkatea nauk. Guztiaren jakitun nauk.
—Baina, nola?
—Emazteak egunkaria erosi dik Mariarenean eta… Honi politikoki ahalik eta etekinik handiena atera behar zaiok. Jadanik egunkari guztietara deitu diat honen berri emanaz, baita ETBra ere, eta plenorako deialdia luzatu zieat alderdi guztiei. Orain arte ez gintuztean erasotu zuzenean, beti zeharka, baina orain… demokrazia bera, bere osotasunean, erasotu dutela aldarrikatuko diagu. Orain negarrarena jo eta… uztailean gehiengo absolutoa! Ah, ez azaldu plenora. Entzun: agindu politikoa duk! Hi odol berokoa haiz eta ez duk balio gizajo jipoituaren papera egiteko. Han hasiko haiz mekauenka eta dena hankaz gora botako duk. Plenoa eta gero manifestazioa izango duk eta enkargatu nauk telebista ekartzen.
—Azkar egin duzu dena Alkate jauna.
—Holako aukera politikoak gutxitan izaten dituk. Erne ibili beharra zegok eta arin jokatu GKEko hautesle moderatuak eskuratzeko. GKEren aurpegirik erradikalena agertu da eta matrailekoa eman gabe ezingo dut lo lasai egin.
—Eta Oskorrikoek zer diote?
—Erasoa gogor salatu behar dela ziotek, bertako pake giroa ez dadin pikutara joan. Hori lehendakariak esan zidak, baina bilera egin arte ez omen ditek idazkirik plazaratuko. Hik onena lo egiteko pastila indartsu bat hartu eta bihar arte.
—Berri-berria duk kotxea eta… Badakik nola zaintzen ditudan kotxeak, nola mimatzen ditudan eta orain errepuestoko pieza bat jarri behar. Eta pieza Japonetik bidali behar dute eta auskalo zenbait kostzen zaidan.
—Hi lasai, plenoan proposatuko diat kalteak Udalak ordaintzea eta kitto! Orain lotara joan hadi, ea baretzen haizen, eta bihar hator Udaletxera goizean-goiz. Itxaron piskat! Hik baduk kotxearen asegurua, ezta?
—Bai.
—Ba, hobe diagu aseguru etxeari parte ematea. Horrela ez ditek zerri horiek txintik ere aterako eta hurrena beste nonbaitetik aterako diagu ezkutuan hire kalteordaina ordaintzeko adina diru.
—Konforme.
—Autosegur etxean egina daukak, nere ilobak egin zian, eta neroni enkargatuko nauk honetaz ere. Ohera joan hadi. Bihar arte!
—Ados, Alkate jauna. Agur!
Ze petrala den. Agindua han eta hemen eta dena kontrolatu nahi. Hori gaitza da gero! Hala ere, antolatzaile bikaina duk. Eskerrak ez dakiela gaur gauerako antolatua dudan festa. Gauzak ondo egiten badizkitek ez duk ondorio txarrik gertatuko. Nik orain onena ohera joatea, lasaigarri sendo-sendo bat hartu eta bihar arte.
Jonek telefonoa eskegi, maindireak alboratu, ohean sartu, maindireak berriz bere tokian jarri, pastilla irentsi, ura edan eta argia itzali zuen. Bost minutu igarotzerako, lo zerraldo zegoen.
Arratsalde eta gau hartan, gertaera ugari eman ziren herrian. Arratsaldeko seietan Udaletxean plenoa burutu zen eta bertan, BKI eta OE alderdien aldeko botoen bidez, komunikatu bat kaleratzea onartu zen. Bertan indarkeriaren erabilera gaitzesten zen eta gizarteari pakean bizitzeko ahalegina egitea eskatzen zitzaion. Aldiz GKE abstenitu egin zen oraindik argitu gabeko istripua interes politikoengatik manipulatua izan zela argudiatuz. GKEko bozeramaileak bere alderdiaren aurkako beste eraso baten itxura guztia hartzen ziola esan zuen COPE irratian eta aldiz Alkateak GKE salatu zuen publikoki Euskadi Irratian, ezkutuko erruduntzat. Plenoaren ondoren manifestazioa izan zen eta ETBk bere Gaur Gabon saioan zuzenean bota zuen. Bertan GKE terroristaesaldia oihukatu zuten Gaur Jon, bihar nor?kartelaren atzetik zihoazen pertsonek. Bestalde, gauean, ertzaina eta gazte talde batzuen artean borrokaldiak gertatu ziren goiko kalean eta, ondorioz, hainbat autoren kristalak apurturik agertu ziren hurrengo goizean.
—Ring… Ring
Telefonoa. Ai!
Hasperen luze batez esnatu zen Jon hogei orduko loaldiaren ostean. Ohe gainetik eskua luzatu eta telefonoa hartu zuen.
—Bai?
—Egunon! Autosegur aseguruetxeko peritoa naiz. Hor bizi al da Jon Auzmendi?
—Bai, ni naiz.
—Beno, ongi da. Alkateak eman zigun istripuaren berri eta gaur goizean egin dut bisita udaltzainarekin batera, eta, azterketa sakon baten ondoren, esan behar dizut gure enpresa ez dela kotxe barruan gertatzen diren ezbeharren kargu egiten.
—Kotxe barruan?
—Bai. Inpaktoa barruan eman zen. Bolantearen aldamenean metxero edo txiskero merke horietako bat zenuen eta atzoko eguraldiaren eta beiraren eraginez kotxe barruko tenperatura asko igo zen. Eta eguerdia iristean, ba… danba! metxeroa hautsi eta kristalak …porrot! Egun ona izan dezazula jauna.
—Ostras!
