Denbora
Xabier Sukia
1
Batzuentzako garratza zara
besteentzako leuna,
batzuentzako arina zara
besteentzako astuna,
zure neurrira joaten dira
berdin gaua ta eguna,
ihesi doan hutsuna,
ikutu ezin duguna,
ez dakit ziur zer ote zaren
etsaia edo laguna,
behinola sortu gintuena ta
akabatuko gaituna.
2
Gaur gerokoa gertu dakusat
eta bihar gertuago,
bihar lehengoa urruti berriz
eta etzi urrunago,
lehena, oraina eta geroa
hirurak zeure esklabo,
igaro eta igaro,
gelditu gabe luzaro,
esan izan da oiloa edo
arrautza, zein da lehenago?
batak ezin du bestea egin
denborarik ez badago.
3
Gaur lasai-lasai iragan arren
bihar sor litezke saltsak,
edo ekaitza gaur sor liteke
bihar jolas eta dantzak,
ezin asmatu zer dakarkigun
erlojuaren orratzak,
gaur agian esperantzak,
bihar momentu garratzak,
beti gogoan iraganeko
une xamur eta latzak,
ahaztezinak izaten dira
zuk utzitako urratsak.
4
Zureganako jakinmin hori
areagotu zait neri,
nondik zatozen eta non zauden
ez dakusat garbiegi,
ez dakit nori galdetu eta
ez dakit zer pista segi,
ez beso, hanka ez begi,
ez gorputz ta ez aurpegi,
ikustezina, ikutezina,
ez zara inon ageri,
aldi batean ez zara ezer,
aldi berean gehiegi.
5
Sarritan sortzen diguzun mina
ezin barruan ezkuta,
orain amorruz, ondoren pozez
garabiltzazu nahastuta,
derrigorrean jarraitu behar
markatzen duzun erruta,
garaitu duzu burruka,
zure beharra dugu-ta,
baina zuk ere behar gaituzu,
hori ez zazula uka,
agintari bat ez baita ezer
menpekorik ez badauka.
6
Hala ta guztiz ikusten zaitut
gero eta larriago,
ordu ezberdinak jartzen dituzu
sarri baino sarriago,
Kanarietara iristen zara
ordubete atzerago,
iritsi ezinda, akabo!
nekatu zara zeharo,
inoiz ez zazu pentsa zarenik
zarena baino gehiago,
ordu berean leku denetan
Jainkoa bakarrik dago.
