Oriora.com

Sega zaharra

Xabier Sukia

1

Bi atzaparren morroia
segatuz azpi ta goia
joan zen neure sasoia,
orain daukadan nagusi honek
gehiegi maite du ohia,
hemen zikina, han lohia,
bueltan kolore marroia,
nagusitu zait herdoia.

2

Semeak ez du arretik,
narama bide txarretik,
ez nau ibiltzen larretik,
bere aita zenak, Joxek maitatzen
nindun bihotz-bihotzetik,
utzikeria hutsetik,
izorratu naiz kolpetik
Joxe hil zitzaidanetik

3

Joxek bazuen hainbat lur,
gorputza jarriaz makur
berdin eguzki ta elur,
rikitirraka ebaki zuen
horrenbeste zelai-mutur,
tente zegoena, agur!
belar, sasi eta egur,
denak ziren nere beldur.

4

Joxe nuenean jabe
hartzen ninduen xuabe,
lan gogorra izanda?re,
aita joan ta semea dago
zorri alper baten pare,
sentitzen naiz oso grabe,
sega onak alperrik gaude
segalari onik gabe.

5

Geldik egotea nahio
siesta egitera io,
alperrik da, zer arraio!
aitaren antzik ez dauka behintzat,
garbi antzematen zaio,
egin zuen hainbat saio,
beti zerbaiten karraio,
ta hau nekatuta jaio!

6

Ezartzen dudan baldintza,
trasteak erabil bitza
edo akabo bizitza
sardeak faltan botatzen ditu
belar goxo eta helmitza,
ikuilua dago hitsa,
baratza oso murritza,
danak berdintsu gabiltza.

7

Herriko neska lerdenak
txoraturik dauzka denak,
rubiak eta morenak,
txarra behar du nagusi honen
ezkontzaren ondorenak,
pasa behar dituenak,
atsekabe eta penak,
honekin ezkontzen denak.

8

Baietza esan elizan
ta emaztearen gerizan,
sukaldean komeni zan,
ez dut egon nahi ezkontza horren
ondorengoen peskizan,
beti egin duen gisan
bazterrak galdu ez ditzan
haurrik ez dezala izan.

9

Etxe ondoko baztarrak
ia-ia jan ditu larrak,
baditu nere beharrak,
honen semeak baldin badira
aita den bezain baldarrak,
akabo baserri zaharrak,
akabo nere indarrak,
eta akabo belarrak.

10

Aspertu gara txokoan
pipi zaharren mokoan,
beti daukagu kolkoan,
pozik ez baina itxaropentsu
sentitzen gara gaurkoan,
gaur ez bada biharkoan,
norbait berehalakoan
etorriko delakoan.