Oriora.com
Hemen zaude:   Sarrera »  Udala. Bulego nagusiak »  Euskara Zerbitzua »  Euskaraz Gazte literatur lehiaketa »  1996 »  Santiren borda

Santiren borda

Itziar Urretabizkaia

Ezin dut lorik hartu. Dagoeneko mila jira-bira eman ditut gorputzaren jarrera aldatuz erosoago egoteko, baina ezin. Nire inguruan lagunen lo arnasa nabari dezaket, denak baketsu. Buelta erdia eman eta zakuaren kremailera ene bizkar biluzia zulatu nahirik dabilenean, hotz zirrara batek astindu nau. Giroa ere hozten hasia da eta uste dut hobe izango dela jertse bat janztea. Nekez bilatu dut linterna txikia, bai, txikia baina aldi berean potentea, izeba Arantxak oparitu zidan mendira gentozela jakin zuenean. Hau piztu orduko nire lagunei so geratu naiz, goiz erori dira denak loaren atzaparretan eta ez da harritzekoa, gogorra izan baita gaurkoa. Bi orduz baino gehiago ibili gara oinez maldan gora gure bizkar gaixoek motxila zamatsuen azpian laguntza erregutzen zuten bitartean. Eta eguzkiak ere ez digu gehiegi lagundu, irrifar zitalarekin bere bisitaren aztarnak utziz gure gorputz nekatuetan. Jertsea hartzea lortu dut eta soinean jarri ondoren zakuan sartu naiz berriro ere. Baina zergatik ezin nau loak hartu? hotzarengatik ez da izango behintzat. Agian urduri nagoelako, edo bestela lurraren gogortasunarengatik, baina ez, nik uste leku hau dela. Leku madarikatu hau eta honen inguruan dabilen istorioa.

Orain hamar bat urte Santi izeneko gizon bat bizi omen zen borda honetan bertan. Betidanik maite izan zituen mendia eta natura baina emakume batetaz maitemintzean hasi zitzaizkion arazoak. Berarekin ezkontzeko eskatu zion eta neskak baietz erantzun ondoren, igande batean ezkontzekotan geratu ziren. Egun hartan Santi oso dotore iritsi zen elizara, kolore ilunez jantzita goitik beheraino; bere aurpegiko poza ez balitz, hileta batetara zihoala esan zitekeen. Baina poz hori piskanaka urduritasun bihurtzen hasi zen, bizitza osorako leialtasuna hitz emango zion emakumea ez baitzen inondik ere azaltzen. Eta, azkenik, gainean zeraman urduritasuna tristura bihurtu zitzaion herriko batek bere emaztegaia postariarekin Australiara aldegina zela jakinarazi zionean. Honen ondoren, hain etsita geratu zen Santi ezen beste pertsonekin gehiago harremanik ez zuela edukiko agindu zion bere buruari. Horretarako, bere mendiko bordara itzuli zen, gizakienganako konfidantza guztia galduz.

Gau batez, ohean zegoela, izugarrizko haizea hasi zuen. Borda ondoko zuhaitzak bortizki astintzen zituen eta haien adarrak leihoko beiren aurka borrokatzen zuten etxebarruko babesera sartu nahian bezala. Mendian zeramatzan urteak kontutan harturik, inoiz ez zuen Santik horrelako haize-boladarik sentitzeko aukerarik izan. Bat-batean, norbaitek atea jo zuen. Bi kolpe bakarrik izan ziren baina nahikoak Santi urduri jartzeko. Eskupeta hartu eta, belarria ateari itsatsita, galdetu zuen:

—Nor da? —baina galdera honek ez zuen erantzunik izan.

Orduan piskanaka atea ireki eta zuriz jantzitako emakume eder bat azaldu zitzaion, ezkonberria ziurrenik.

—Barkatu, ikusi al duzu nire gizona? —eta Santik bi aldiz pentsatu gabe tiro bat bota zion ero bat bailitzan. Ez zitzaion gustatzen jendeak bere amodio frustratuaz parre egin zezan eta hura ez zen lehen aldia. Zergatik egin behar zion horrela parre jendeak? Ba ez! Hori ez zen berriro gertatuko. Emakume maltzur hura hartu eta etxean non gorde pentsatzen ari zen artean berriro ere atea jo zuten.

—Nor da?

—Jauna, ireki atea mesedez!

Beldurrez, atearen zirrikitutik begiratu zuen, doi-doi ikus zezakeen ateaz bestalde zegoenaren aurpegia. Mutil gazte dotore bat zen, urduri zirudien.

—Asko sentitzen dut ordu hauetan esnatu izana, baina ez zenuen nire emaztea ikusiko, ezta? Gaur ezkondu gara, ikusten duzunez, eta mendira bueltatxo bat ematera gentozelarik, bistatik galdu dut. Ez zen, bada, hemendik pasako?

Bapatean, Santik buruaren pisua nola bikoizten zen somatu zezakeen eta jadanik odola ez zitzaion aurpegira iristen.

—Ez —lehor batez erantzun zion.

—Beno, barkatu berriro. Gabon.

Bost tona inguru pisatzen zituen buru hartatik ‘Zorte on!’ edo antzekoren bat esatea ere pasa zitzaion, baina isilik geratu zen, bazekien alferrik zela. Berea izan zen hoben guztia eta beragatik bakarrik pertsona errugabe bat hilik zegoen eta egindakoak ez zuen beste bueltarik. Lehenbailehen handik atera beharra zegoen emakume hura. Gorputz mardul hura bizkarrean hartuta, bordan zeukan palarik handiena hartu eta kanpora atera zen, gauaren illunera. Ezin zuen oso urrutira joan, gizona ere handik bueltaka baitzebilen. Bordaren atzealdea zela lekurik onena pentsatu eta ia bukaerarik gabeko zuloa egiteari ekin zion. Pare bat ordu igaro ziren gorpua bertara jaurti eta estaltzen hasterako. Hain zen ederra! Makina bat burutazio izan zituen baina hobe zen gauzak zeuden bezalaxe uztea. Ez zuen berehalakoan ahaztuko gau hura!

Hurrengo hilabeteak oso gaizki pasa zituen Santik. Polizia handik ibili zen bueltaka etengabe galderak egiten eta beren zakurtzarrak muturra leku guztietan sartu nahian. Baina bere zorionerako ez zuten ezer aurkitu.

Urte bat pasatu zen, urte bat hain zuzen haizea berriro hasi zuen gau hartan. Piskanaka indartuz zihoan haizea eta borda ondoko zuhaitzetako adarrak beiren aurka borrokatzen hasi ziren berriz ere. Santiri ezaguna egin zitzaion… berriz ere haize hura… egun madarikatu hura gogorarazi zion eta horrekin batera tripek buelta eman zioten. Bat-batean, atea jo zuten. Soinu ezagunegia egin zitzaion hura ere tamalez. Dena berdin gertatzen ari zen!

Zoritxarreko gau hartan gertatutakoak bizi behar al zituen berriro? Beldurrak astindu ederra eman zion gorputzari eta oherantz abiatu zen erdi hilda. Bitartean atea irekitzen ari zen piskanaka eta garbi zegoen norbaitek eusten ziola, bestela haizeak berehalakoan irekiko baitzuen. Santi dardarka zegoen, aurpegia zurbil, ez zen erreakzionatzeko gauza izan aterantz begiratu eta aurrez-aurre orduan urtebete ustekabean hil zuen emakumea ikusi zuenean. Haizeak soineko txuri izandakoaren oihalak mugimendu finez dantzan jartzen zituen. Emakumeak begi zorrotzez begiratu zuen Santi denbora luze batean, bazirudien bere beldur aurpegia ikustea gustatzen zitzaiola eta bazekien bere itxurarekin hori lortzea ez zela zaila izango: ezpainak zaharkitu eta pitzatuta zituen, begiak horituta eta azala zulatua. Azalean zituen zulo horietako batzuetan arrak ikus zitezkeen oraindik gorputzean geratzen zen haragiarekin tripa betetzen. Halako batean, emakumeak besoa altxatu eta behatza Santirengana zuzendu zuen. Mugimendu hura nahikoa izan zen Santiren bizitzarekin amaitzeko. Santiren bihotzak taupadak emateari utzi zion. Orduan, irrifarre txiki bat nabaritu zen emakumearen ezpainetan eta, honekin batera, beheko ezpainaren zati bat erori zen lurrera. Baina argi zegoen ez zitzaiola importa, buelta eman eta atea itxiz desagertu baitzen.

Baina gaurko gau honetan, alperrik ditut lo hartzeko ahaleginak. Ez naiz ausartzen begiak ixten zerbait gertatuko zaidan beldurrez. Gainera, haizea dabil… Lagunak esnatuko nituzke baina denak kakati bat naizela esaten hasiko lirateke eta ez dut hortik pasa nahi.Noiz iritsiko ote da egunsentia? Haizea gero eta indar gehiagoz dabil eta zuhaitzen adarrak soma ditzaket borda honetako beiren aurka. Ene, egia izango ote da istorioa? Ai ama! Amatxo maitea, atea jo dutela! Zer egingo dut orain? Niri ez, mesedez, igandero mezatara joango naizela hitz ematen dut eta ez dut gehiago gezurrik esango! Korrika gerturatu naiz atea dagoen lekura eta krisketa itxi dut, hor baldin badago ez da hona sartuko, ez horixe! Minutu batzuk egon naiz ateari bultzaka hankarekin, buruarekin, eskuehin, malkoak begietatik isurtzen zaizkidan bitartean baina ez dut kontrako indarrik jaso. Lehiotik begiratu dut eta han ikusi dut urrutian, ilargiaren argipean korrika, haizeak bere soineko txuria astintzen duelarik basorantz abiatzen. Momentu batez ikusi egin nauela iruditu zait baina hobe horretan ez pentsatzea. Beno, ziur nago lagunei hau kontatuz gero, erotzat hartuko nautela. Egokiagoa izango da esperientzia hau niretzat bakarrik gordetzea, bestela, nork sinestuko luke horrelako istorio bat? Orain zakuan sartuko naiz eta lo egingo dut. Oraingoan bai… loak hartuko nau…