Izua itzal
Aitor Errasti Uranga
BAT
Bere menbrete ofizial eta guzti, Armiarma Nagusiak pertsonalki sinatutako orri hura irakurtzen ari nintzenarekin bat, ezpainetan neukan kerik gabeko zigarroa lurrera erori zitzaidan. Fax madarikatu hark erditu zuen paper pusketa haren hoztasunetik, izua hezur eta muskulu guztietara hedatu zitzaidan hatzetatik abiatuz, eta begi-ninia ere dardaraz hasi zitzaidan. Momentu hartan ez nengoen ez bizirik ez hilik; sinpleki, ez nengoen: ez nintzen ezer inorentzat. Izuak ninduen bere amaraun itsaskorretan harrapatu. Nireak egin du izan ziren nire garuneko erreka ildo nahasietan sena topatu zuten lehen hitzak. Hasiera batean, nobelen programaziorako proiek-tuan ez sartu nahi izanari leporatu nion Armiarma Nagusiaren gutun haren zergatia, baina berehala ohartu nintzen ez zuela zentzu gehiegirik bigarren mailako idazle frakasatu batekin hainbeste ardura hartzeak.
Mezu hura jaso nuenetik ez ziren bi minututik gora igaro izango Izuarengandik nola hala ihes eginez, nire etxearen aurrean ireki berri zuten hanburgesa-denda atzera utziz, ziztu bizian aldegin nuenerako. Doi-doi izan nuen maleta egiteko astirik ere: ordenagailuaren disketeak, alkandora bat eta kreditu-txartela hartu nituen soilik. Sukaldeko argiak pizturik utzi nituen eta garajeko atetik kaleratu nintzen, laser-sistema desaktibatu eta presaka abiatuz geltokirantz. Zorte pixka batekin hogeita lau ordu izango nituen estatutik aldegiteko. Autobusa hartu nuen. Autobusa geltokira heltzear zegoela, Armiarmen Armadako borrero alu haiek ikusi nituen ate nagusiaren inguruan. Kakazaharra! Autobusetik jaitsi nintzen estaziora heldu aurretik eta beheko aldeko pasagunetik igarotzea deliberatu nuen. Izua izkina guztietan. Nire maleta autobusean geratu zen, ez neukan alkandoratan erreparatzeko astirik.Tren bat ateratzen ari zen. Azken bagoira igo nintzen presa bizian. Tren-txartelik gabe galdua nintzenez, komunean sartu eta atea kisketaz itxi nuen. Iturria ireki eta aurpegia freskatu nuen ur hotzez. Izerditan nengoen. Ispiluan ez nuen, jada, nire burua ezagutzen. Izua zen, nitaz jabeturik oro, ezpain eta betazal, sudur eta kopeta, matrailezur eta lepo eraldatu zizkidana. Amildegi sakonak Beldurraren erreinuan.
Norbait ate joka. Armiarmen Armada ote zen? Badaezpada, komuneko leihoa ireki eta kanporantz jo nuen. Trenaren abiada nahiko handia zen eta neure buruari galdetu nion ea zer ote zen egokiago: jauzia trenaren aurkako norabidean egitea edo trenaren aldekoan. Atzerantz salto egiten banuen, abiadura gutxitzea lortuko nuen nire gorputza abiadurari kontrajarriz; baina, bestalde, oreka galtzea handiagoa izango zen, ziur aski; beraz, betiko metodo klasikoa erabili nuen, XX. mendeko western inozo haietan ikusi nuen lez, aurrerantz jauzi eginez. Sasi batzuen artean erori nintzen.
Autobidera atera bezain pronto, inguruko herrixkarantz abiatzea erabaki nuen. Euria hasten zuen. Eskerrak euri azidoa ez zen, ez neraman-eta soinean gobernuak banatu berri zuen azidoaren aurkako jaka. Ordu laurden baten buruan heldu nintzen inguruko herri batera. Kreditu-txartela atera eta dirua ateratzen saiatu nin-tzen. Ondoko dendan, Electric Chair telebista-programa arrakastatsua ikusten ari zen espaloietako jendea. Zenbakia tekleatu eta… kakazaharra! dagoeneko nire kontu korrontea blokeatua zuten. Inozokeria galanta egin nuen: orain Armiarmen Armadak nire kokapenaren berri zehatza izango zuen. Izua gerturatzen ari zen astiro biriketara. Egoera nik uste baino larriagoa zen. Ez neukan irtenbide bat baino: estolderiatan behera jaistea, alegia. Ondoko eskaparateetan, jendeak apustuak egiten zituen; beltzari deskarga handiagoa eman beharko ziotela zioten gehienek. Mila laurehuni beltzaren alde.
Estolderia zen hiri osoko lekurik seguruena. Bertara ez ziren usu borreroak sartzen, ezin baitzuten eguratseko aire erradiaktiborik gabe luzaro iraun. Pospolo bat izeki eta inguruak begiztatu nituen. Deus ez, arratoiren bat bakarrik, gobernuaren arratoi esterminazio kanpainatik ihes. Gau hura behintzat han igaro beharko nuen, arratoien laguntasunean.
BI
Aste bete daramat estolderiatan bueltaka, batera eta bestera. Ez dut deus ere jan nire patrikan neramatzan azukrerik gabeko txikleak salbu eta ezingo dut horrela luzaro iraun. Arratsalde honetan bertan, estolderia METROarekin lotzen duen zulo bat aurkitu dut. Nork daki; behar bada, Armiarmen Armadako borreroak ez dira esaten duten bezain maltzur eta kupidagabeak izango heriotza-zigorrera kondenatu dituztenekin. Ausaz, aste bete igaro ostean, hilda egongo naizelakoan utzi diote nire bilaketari. Gainera, ze axola ote zaie batek ihes egin izana? agian aurretik ere norbaitek lortu du ihes egitea… Arriskatu beharra daukat. Gauera arte itxarongo dut, badaezpada.
Entzun izan dudanez, heriotza-zigorrari muzin egin diotenak oso gutxi izan dira hirian. Bat edo bi… hiru gehienera jota. Ihes egiten saiatzen direnen garunak Armiarma Nagusiak hanburgesatarako erabiltzen dituela dioenik ere bada, nahiz hau ez duten gobernariek inoiz onartu, ez ukatu. Halako diktadore ankerrik!
Zazpietako metroa pasa ostean atera naiz ezkutaleku izan dudan estolderiatik; trenbidea pasa eta bestaldeko andenera heldu naiz. Ahalik eta azkarren metrotik atera eta metro gaineko zubi batera heldu naiz. Bertatik ikusten ditut urruneko garabi automatikoak eta ur likitsak geldoki itsasoratuz. Herdoil koloreko hiriak altuera honetatik badu aintzinako txatarreria haien kutsu xarmant eta naif bat. Nire azpian metroko pasabidea. Libro ote naiz? Atzealdean norbait sumatu dut. Biratu eta Armiarmen Armadako borrero bat ikusi dut. Bere burdinazko karetaren pean somatu dut irribarre mespretxati bat. Bultzadatxo bat sentitu dut.
Konturatu gabe, metroko harritzarren artean odoldurik aurkitu dut nire burua. Gorputzeko hezur guztiak puskaturik ditudala iruditu zait. Hala ere, andenera hel ninteke oraindik. Banoa… iristen ari naiz, narrasti bat bezala, andenerantz. Ai, hau oinazea! Animo motel, gertu haiz! Hanketan mina, ai, animo, aurrera, ez etsi, gutxiago falta zaik, benga, benga, tira hor… iristen ari naiz, banoa, banoa, iritsi naiz ia, ai, eskua andenean. Ziztu bat. Zazpiak eta laurdenetako trena.
Han geratu da nire eskua zintzilik andenean, odol hari batez loturik trenbideko gorputzarekin. Eskua zen itxuraz nire gorputzeko zati bizidun bakarra; hatzak oraindik mugitzen zirela zirudien.
Esku hura da, eta ez beste, istorio hau idazteko gai izan dena andeneko harri grisen gainean.
HIRU (EPILOGOA)
Esku erauziarengandik urruti, gotorlekuan ongi babesturik, Armiarma Nagusiak, telefono beltza eskegi ostean, whiskya zerbitu zion bere buruari. Eta nolaz eta aste hartan jasotako laurogeita hamargarren deia zen hura, lerro diagonal batez seinalatu zituen azken lau marrak. Ondo egindako lanaren ondoren sentitzen den atseginak bete zuen bere barrena eta zigarroa umontzian amatatu ostean, telebista piztu zuen. Lehenengo katean, suizidentzako manual berri bat iragartzen zuten, hirugarrenean emakumeak alkilerrean. Beste kate batean, Electric Chair programaren atal bat ari ziren errepika-tzen. Aspergarria, zinez. Ikusita zeukan. Beltzari zazpi mila volt-etako deskarga eman behar izan zioten; programako errekorra hautsi zuen. Telebista itzali eta gepardo-larruz estaliriko aulkia atzerantz bota zuen apur bat, gerrialdeaz mugimendu bat egin eta begiak itxiz, bere buruari estima gehiegi dionaren antzera, Vous irez loin, mon fils! Vous irez loin! xuxurlatu zuen irribarre inozoa soinetik erantsi gabe, frantsesa jakingo balu bezala.
Gida-liburua eskuratu zuen ondoren, keinu alfer batez. Antikitie denda batean erositako Habano berri bat izeki zuenarekin bat, bere hatza lerratu zuen zazpi zenbakiaz bukatzen ziren telefono zenbakien bila, bere hurrengo zazpi biktimak aukeratu asmoz. Izen horien artean zegoen zeurea ere. Izua hartzen ari da hiria, hartzen ari da, galipotazko lorratza balitz lez, kale oro. Portuko garabiek zazpi itzal luzatzen dituzte herdoilaren gainera. Zure kalean, metroko irteeraren aurrean, hanburgesa-denda berri bat ireki dute. Hilabete honetako zazpigarrena.
Ozono pitzatuaren azpian, gorri biziz argiturik zegoen orain upel herdoilduz betetako itsasoa—zazpi itsasoetako bat— infernuko zazpigarren pertza balitz bezala.
