Eutanasia
Ibai Esoain Arruti
1
Esnatu eta mendi aldera
abiatu nintzen garaiz,
behe-lainoak nire bidea
estaltzen zidan arren, maiz.
Pentsatzen nuen muturreraino
iristeko aina bahaiz.
Harrokerien ondorioak
majo ordaintzen ari naiz.
2
Sehaska baten goxotasunik
ez zuten hango harkaitzek;
gogoan daukat bete-betean
jo nuen harritzar batek
bizkar-hezurra hausi zidala
ta_hil ez nindulako harek
orain laguntzik ez det eskatzen,
mesede bat eskatzen det.
3
Familiaren arretarikan
ezin det kendu ondotik,
penak gordetzen saiatzen dira
sufritu arren gogotik,
ta nire pena beste inor ez
konturatzea oraindik,
zenbat bizitza galtzen ditudan
bat irabazteagatik.
4
Bizitzea ta bizi-irautea
mesedez ondo bereizi;
ni gaixo nago, baina zergatik
izan behar det hain berezi.
Aita ta amak diote: Seme,
gu hil gaitezela baina_ez hi.
Ni bizitzea ez dago gaizki,
baina zuek ere bizi.
5
Oraindik banaiz nik zer nahi dedan
nik erabakitzeko gai;
zuen pozean triste nago ni
ta zuen tristuran alai.
Erlijioa laguntzat daukat,
baina etsaitzat ere bai.
Ni bizitzeko jaio naiz eta
ez det hiltzeko bizi nahi.
6
Bizi naizela baino nahiago
det esatea bizi zan,
bizi naizela sentitzen bainaiz
heriotzaren gerizan.
Inoiz ez dela inor hil behar
esaten dute elizan;
katolikoak zerate, baina
zentzudunak ere izan.
7
Laztandu bati ta musu bati
begira jarria nago,
hortara ohitu gintuzten, baina
nahastuta daude zeharo.
Norbait hiltzera ausartu bedi!
ez det eskatzen gehiago.
Maitasunaren adierazgarri
garbiagorik ez dago.
8
Makina bati eskerrak daukat
bihotz-taupada isila,
sugur-zulotan arnas tutuak,
gorputzean kable pila.
Kendu guztiak, utzi joaten
paradisuaren bila,
ta ni bezala dauden haientzat
eredu izan nadila.
