Patua hain da krudela batzuetan
Urtzi Garmendia Urkizu
…eta han zeunden, Derek Smith. Kanposantuan, zure bizitzaren argi distiratsu izan zen Sandraren hilobiaren aurrean. Zure begiek, ezin eutsirik, malko sorta izugarriak jariatzen zituzten. Mendekatuko zaitut zenioen zure amorru kontrolaezinak menderaturik. Mendekatuko zaitut bai. Zu hiltzen utzi zintuen mediku urdekume hura akabatuko dut zure oroimenez. Oihu hura bota ondoren malko isuria lehortu zenuen besoaz, eta zure penak alkoholetan itotzera abiatu zinen tabernarik gertuenera.
…eta han zeunden, Isaak White. Kale gorriaren errealitate krudelean, zure emazte, kozkorturiko bi mutiko eta bi hilabete eginberri zituen haurtxoarekin. Dirurik eza iritsi zen zuenganaino eta han, zeru goienetan zegoen Jainkoaren izena alperrik hartzen zenuen ahotan, hamar mandamentuetako bat hautsiz. Baina gutxi axola zitzaizkizun mandamentuak. Jainkoa asko maitatuagatik, are eta gehiago maite zenuen zure familia, eta inork ez daki zer ez zenukeen egingo hura pozik ikusteagatik. Kalean eskale gisa ibiltzeko harroegia nauk —zenioen zeure baitan—. Ez nauk eskale gisan kaletik ibiliko. Nahiago diat lapurretan ibili eskale baino. Pentsamentu hura buruan zenuelarik, mediku baten etxe ikusgarria begiztatu zenuen. Bertara joango nauk bihar goizean eta diru pixka bat lapurtuko diat neure familia mantendu ahal izateko.
Zortzi ordu iraganak ziren tabernaz taberna hasi zinenetik. Zure bizitza osoan hartu zenuena baino alkohol gehiago barneratua zenuen jadanik, zortzi orduko tarte hartan. Zure hankek itzelezko pisua zuten eta zure ikusmena ere zeharo lausoturik zegoen. Baina eragozpen haien gainetik zegoen oraindik zure bikotea izandako Sandraren oroimena. Kalean ikusten zenuen edozerk, harekin iragandako unerik goxoenak begien aurretik pasarazten zizkizun. Ezin zenuen haren aurpegia burutik kendu. Edozein gauza eginagatik ere, bere aurpegi apaina zenuen buruan, batera eta bestera. Alde nire burutik —zenion. Baina dena alperrik zen.
Desesperantzazko egoeran aurkitzen zinen, eta, beraz, egoera hura gainditzeko zenuen azken bideari heldu zenion: drogari.
Lanbro baxu eta zuri hark gauaren misterio guztiak ezkutatzen zituen. Zubi bateko zementuzko euskarri handi zein hotz baten kontra zeunden zure familiarekin. Zubi gainetik igarotzen zen autobideari izugarrizko zarata zerion eta loa galarazten zizun. Hotza zen nagusi eta munstro ikusezin, baina, aldi berean, bortitz eta lazgarri haren aurka egiteko, kartoi kaxa batzuk besterik ez zenituzten.
Zure haurrak negarrez ari ziren. Ondotxo zenekien negar haien jatorria gosea zela. Lasai —esan zenien zure haurrei malkoak lehortuz—, bihar jango duzue eta. Bazenekien hura ez zela guztiz egia, baina egoera hark ematen zizun ezintasun sentsazioari aurre egiteko era bakarra zela iruditu zitzaizun.
Kartoi handi bat hartu eta berarekin estali zinen, manta bat bailitzen. Loak hartu zintuen.
Kale nazkagarri eta lirdingatsu haren izkina batean esnatu zinen bat-batean. Izugarrizko buruko mina zenuen ganbaraldean. Dantza-talde batek zure burua tabladutzat hartu zuela zirudien.
Altxa eta ibiltzen hasi zinen. Bazirudien bart gaueko kankartak hanka egin zuela, jadanik aspertuta-edo. Baina inoiz aspertzen ez zen gauza bakarra zure neskalagunaren irudia zen. Mundu osoko pazientzia guztia baino pazientzia gehiago zuela zirudien.
Horrek gauza bat ekarri zizun burura, hots, mediku urdekume hura akabatzea. Baina zure tripetan korapilo itzela muntatzen zen hura pentsatzen zenuen bakoitzean. Ezin diat egin, ezin diat! —zenioen behin eta berriro. Ikusmena alboratu zenuen bat-batean, eta horra hor, xiringa bat. Bai! Hura zenuen irtenbidea. Bitan pentsatu barik, hartu eta piko bat sartu zenuen.
Harrigarria da droga zikin horrek pertsona nola alda dezakeen, minutu batzuk iragan bezain laster akabatuko haut sasimediku hori! oihukatuz medikuaren etxerantz baitzindoazen.
Gaueko lanbro hotz eta lodi hark aldegin zuen ordurako, eta eguzki epel eta gozo batek argitzen zuen eguna. Paradisuzko epeltasun hartan esnatu zinen eta zure emazte eta hiru haurrak lo zeudela begiztatu zenuen.
Altxa, nagiak kendu eta inor esnatu gabe aldentzen hasi zinen. Oso garbi zenuen helburua. Familiari jaten ematea alegia, baita lapurretan egin behar bazenuen ere. Horretarako, aurreko egunean begiz jo zenuen txaleterantz abiatu zinen.
Mediku baten etxea zela ondotxo zenekien. Eta nork izango zuen mediku hark adina diru? Irudimenean bila hasi zinen eta zure familiaren gosea asetzen ikusten zinen lapurreta egin eta gero. Hark ematen zizun motibazioa, animoa.
Etxe ondora iritsi bezain laster, ingurua ikuskatzeari ekin zenion. Oso etxe dotorea zuen medikuak, bere jardintxo eta piszina barne. Hesiz inguratuta zegoen, eta beste erremediorik ezean, hesia gainetik igaro zenuen, beti ere ahalik eta zarata gutxien eginez.
Jardinean zeunden orain. Berriro ere ingurua miatzeari ekin zenion. Minutu pare bat geroago, atzeko atea irekita zegoela antzeman zuen zure ikusmen zorrotzak. Handikantxe sartuko zinen.
Ate hartatik igaro bezain laster, ehizan dabilen tigrea bezain kontuz ematen zenituen pausoak. Ez zenuen txintik ere ateratzen. Itsu batek ere, bere entzumen garatuaz, ez zintuen antzemango. Bat-batean. telefonoz ari zen ahots bat aditu zenuen. Bera zen!
Etxerantz iristen zinen bitartean begirada zorrozten zenuen leiho irekiren bat topatzeko asmotan. Hainbat aldiz begiratu zenituen etxe puska hark zituen leiho ugariak. Baina azkenik ere, topatu zenuen leiho ireki bat. Lehenengo solairuan zegoen eta, beraz, ez zenuen aparteko esfortzurik egin beharko barrura sartzeko.
Etxe ingurura hurbildu zinen. Zure familiaren oroimenak ematen zizun indarrak lagundurik, jauzi dotore bat eman eta leihotik barrena etxera sartu zinen. Bitxi ugari zituen mediku hark, eta denborarik alferrik galdu gabe bitxiok bizkarretik zintzilik zeneraman poltsan sartzen hasi zinen.
Bat-batean, telefonoz ari zen ahots bat aditu zenuen. Ez al zen, ba, kanpoan? —pentsatu zenuen zeurekiko. Hutsegite latza burutu zenuen.
Ipurtaldean zenuen arma erosi berria atera zenuen. Mugimendu azkar batez, kargatu egin zenuen eta kontuz-kontuz, medikuarengana hurbiltzeari ekin zenion. Medikuak telefonoz hizketan ziharduen oraindik ere. Baina laster eskegiko zuelakoan zeunden. Bitartean, bere bururantz apuntatzen jarri zinen.
Ez zuen, ez, askorik tardatu telefonoan eta berehala eskegi zuen. Begiak itxi, eta bitan pentsatu gabe burutu zenuen ekintza.
PAM!
PAM!
Segundo laurden bat ere irauten ez zuen hotsak ikaragarrizko sustoa eragin zizun. Ez zenuen dudarik. Norbaitek pistolaz su egin zuen. Kaka! Mediku horrek harrapatu naik! —ahoskatu zenuen inork ez entzuteko moduan. Hormari erabat itsatsirik zeunden, beldurraren beldurrez. Ez zinen irtetera ausartzen, beste tiroren bat egingo ote zizun edo.
Burua atera zenuen eta begiratzen hasi zinen. Pasilloa hutsik zegoen. Sartu zinen leiho beretik irteteko aukera zenuen. Baina zure jakinminak, gogoak baino indar handiagoa zuen. Horrek bultzatzen zintuen nork tiro egin zuen jakitera.
Pasillotik barrena abiatu zinen.
Tiroa egin bezain pronto, ekintzaren emaitza ikuskatzera abiatu zinen. Bete-betean asmatu zenuen. Lurrean zetzan medikua, odol putzu batean igeri. Horrela ikasiko duk, urdekumea! Ja, ja, ja, ja! —oihukatu zenuen pistola berriro kargatzen zenuen bitartean.
Deabruaren pareko ziren barre maltzurrak entzun zenituen. Hotzikara eta egonezina zabaldu zitzaizun gorputz osora. Izerdi kiskalgarri batez blai eginda zeunden.
Pasilloaren beste izkina batera heldu bezain pronto, burua atera zenuen kontuz-kontuz. Gizon bat ikusi zenuen odol putzu baten erdian, lurrean. Ondoan, beste gizon bat zegoen berari apuntatzen.
PAM!
PAM!
Berriro tirokatu zenuen lurrean zetzan gorpua. Zure aurpegiak satisfazio sentsazio bat irudikatzen zuen, betiere irribarrea galdu gabe. Arma lurrera bota zenuen. Inguruneari so egiten hasi zinen.
Oso koadro ederrak zituen hormetan zintzilikaturik, oso bitxi ederrak eta… Kaka! Norbait zegoan! —oihukatu zenuen larritasunez beterik.
Beldurrak gauza pentsaezinak egitera bultzatzen omen zaitu, eta ez zen gezurra. Instant batean gurutzatu zenituen jardineko atea eta hesia.
Ikusi egin zintuen. Deus batean aldegin zuen etxe hartatik. Baina nor zen? Zergatik egin ote zuen hori? Eroren izan behar zuen derrigor. Izkina hura utzi eta gorpuarengana hurbildu zinen. Pistola hartu eta urrun bota zenuen. Urduritasunak ez zizun pentsatzen uzten eta ez zenekien zer egin.
Begirada altxa eta telefonoa ikusi zenuen. Horra hor soluzioa! Telefonoa hartu eta anbulantzia bat eskatu zenuen.
Nork asmatuko luke horrelako eguna izango zenuenik?
Zure bizitzako korrikaldirik bikainena jo zenuen. Zure bihotzak, etengabeko taupada bidez, gelditzeko agindua ematen zizun behin eta berriz. Kasu egin zenion. Irteerarik gabeko karkara batean zeunden. Ilun zegoen, eta ez zintuen inork ikusten. Drogaren eragina amaitu zen jada, eta hark biltzen zintuen lozorrotik irten zinen. Orduan konturatu zinen egin zenuenaz. Zer egin dut —esan zenion zure buruari, negar egiten zenuen bitartean. Zer egin dut! Barkatu jauna, ez nekien zer egiten nuen.
Baina alperrik zenuen orain damutzea; egina egina dago, eta aldaezina da. Nonbait ezkutatzea beste biderik ez zitzaizun gelditzen.
Zure etxerantz abiatu zinen, pauso bizkorrez, eta beti ere, beherantz begira, lotsaturik-edo.
Ez zen denbora asko joan deia egin zenuenetik, eta han ziren anbulantziak. Polizia eta guzti ekarri zuten. Arrapalada batean, bi gizon sartu ziren kamilla batez. Gero, beste bat botikinarekin eta atzetik bi polizia. Gertatutakoaren txostena egin nahiko zutelakoan edo, haiengana hurbildu zinen. Zera, ni hor nengoen eta… Baina ez zizuten bukatzen utzi. Atxiloturik hago, beltz zikin hori! —aurpegiratu zizun eskuak esposez lotzen zizkizun bitartean.
Beste gizon batek egin zuela esaten zenion behin eta berriz, baina ez zizun kasurik egiten. Autora eramaten zintuen bitartean, besteek pistola poltsa batean sartzen zutela ikusi zenuen. Ezin izan zuten medikuaren alde ezer gehiago egin. Poltsa itxi batean nola ateratzen zuten begiztatu ahal izan zenuen.
Nora naramazue? Nik ez dut ezer egin! —esan zenion polizia bati auto barnean sartu ondoren. Denek ziotek gauza bera. Kartzelara hoa xuxen-xuxenean —erantzun zizun. Zure gorputzean beldur galanta zabaldu zen.
Etxean zeunden, sofan eseririk. Baina ez zeunden lasai; alderantziz, guztiz kokildurik zinen. Eguna telebistari itsa-tsirik igaro zenuen. Albisteak ematen ari ziren momentu hartan. Bat-batean, zerbait ezaguna ikusi zenuen pantailan. Bai! Etxe hura… ezaguna zenuen: krimenaren gertalekua zen!
Huraxe izan zen zoritxarreko sorpresa: komunikabideek zabaldua zuten, jada, hilketaren albistea. Baina ba ote zekiten hilketaren egilea nor zen? Adi-adi entzuten jarri zinen.
—Gaur goizean aurkitu dute, etxe honetan gorpua. Suzko arma batek eragindako bi tiro zituen hildakoak gorputzean. Oraingoz, ez da jakin hiltzailea zein izan den, baina Isaak White izeneko gizon beltza atxiloturik dago. Isaak White etxe barruan aurkitu dute gorpuaren ondoan eta dena ukatu du. Informatzen jarraituko dugu.
Beraz, Isaak White izena zuen etxean ikusi zenuen gizon hark. Gizajoa. Batere errurik gabe atxilotu zuten. Zerbait egin behar zenuen. Errazena, komisaldegira joan eta zure burua entregatzea zen. Baina zure harrokeriak ez zizun uzten.
- Azkenik ere esnatu zinen. Burukomin itzela zenuen. Inguruari so egin eta kartzelan zeundela ohartu zinen. Ez zinen ezertaz oroitzen. Ez zenekien aurreko egunean zer egin zenuen.
Tristura transmititzen zuen leku hark. Ez zegoen oso argiztaturik. Dena zen gris, hotz, triste. Bertan zegoen jendea ikusi zenuen. Denok zeundeten barrote atzean. Denok zenuten tristura aurpegietan. Han zeundeten ia pertsona guztiak beltzak zineten. Aspaldi entzun zenion gizon beltz bati zera: Gizon zuri bat kartzelan baldin badago, oso gaiztoa den seinale. Agian arrazoi zuen.
Bat-batean, zure presondegiko atea zabaldu eta guardia bat sartu zen. Hi, beltza! —esan zizun—, altxa eta mugi hadi. Auzitara joan behar duk. Hildako medikuaren emazteak denuntziatu egin hau eta.
Ohetik altxa eta bultzaka, kanpoan zegoen furgonetara eraman zintuen. Handik, auzitegirako bidea hartu zenuten ondoren.
Auziaren kontuaz zerbait entzun zenuen. Baina ezin zenuen bertara joan, identifikatu egin baitzintzakeen. Baina horrek bost axola. Auzia telebistaz eman behar baitzuten. Antza denez, kontu hark eragin handia izan zuen jendearengan eta audientzia lortzeko era ona zen.
Zure artegatasuna eta ezinegona areagotzen ari zen.
Furgonetaren iluntasunetik eguzkiaren argitasun itsu-garrira irten zinen bat-batean. Zure begiek ez zuten ongi ikusten bat-bateko kontrastearengatik. Baina argitasunera ohitu bezain pronto, kamara eta mikrofonoz inguraturik aurkitu zinen. Etengabeko galdera sorta egiten zizuten denek. Bultzakada artean, eta, beti ere, bi guardiak lagundurik, iritsi zinen auzitegiko gelaraino. Hemen ere, jendetza handia bildu zen, eta, jakina, kamarak ere han zeuden.
Hasi zen emisioa. Kamara eta flashen artean epailearen aurrerantz zihoan gizon baten presentziaz ohartu zinen. Lehen plano bat egin zioten. Bai! Bera zen! Ez zenuen inongo dudarik. Auskalo zer nolako sufrimendua pasatzen ari ote zen inongo errurik gabe. Ezin zenuen jasan, baina ezin zenuen zure burua salatu.
Eserleku ondorantz alderatu zenuen begirada, eta han ikusi zenuen aldi berean adiskide eta etsai zenuen xiringa. Lasaitzeko zenuen era bakarra zen. Eserlekutik altxa, xiringa hartu eta lasaitasunezko ziztada eman zenion zure buruari.
Zure abokatuaren ondoan eserarazi zintuzten. Ez zen, ordea, zure benetako abokatua. Ofiziozko bat zen, ez baitzenuen abokatu partikularra ordaintzeko bezainbeste diru. Baina horrek bost axola. Beregan zenuen ipinita zure konfiantza osoa. Albora begiratu, eta emakume argal eta artega bat ikusi zenuen. Etengabe erretzen ziharduen. Medikuaren emaztea zelakoan zeunden.
Halako batean, epailea sartu eta zutik ipini zineten, gero berriro ere esertzeko. Kirioak dantzan zenituen.
—Isaak White jauna. Jason andereņoak denuntzia jarri du zure aurka bere gizonaren hilketa dela eta.
Halaxe hasi zen epailearen sermoia. Ez zenion garrantzirik eman. Zuk, zeure pentsamenduetan jarraitzen zenuen. Zergatik zuri? Nola azaldu jendeari zuk ez zenuela ezer egin? Desesperantzazko kilika biziak zebiltzan zure gorputzean batera eta bestera. Eta, zer jazo ote zen familiaz? Ongi ote zeuden?
Begirada altxa eta lekuko kontsideratzen zirenen etengabeko joan-etorria besterik ez zenuen ikusten. Bost axola zizun zer zioten. Baina... White jauna deklaratzera deitzen dut —esan zutenean bihotzak buelta eman zizun.
Drogaren eraginpean zeunden, sofan etzanik. Nahiz eta zure begi lausotuek ez zuten ongi ikusten, entzumena garbi zenuen eta epaiketa jarraitzen zenuen. Akusatua egia esango zuela zin egiten ari zela entzun ahal izan zenuen. Zer egin zenuen hilketaren unean White jauna? —galdetu ziotela entzun zenuen. Galdua sentitu zinen. Zer gertatuko litzateke kontaturiko egia epaileak sinestuko balu?
—Medikuaren etxera sartu nintzen leihotik nire familiari jaten emateko zertxobaiten bila. Orduan bi tiro entzun nituen. Ikustera joan eta gizon bat ikusi nuen pistolaz. Berak ere ikusi egin ninduen eta korrika joan zen. Horixe da guztia. Nik ez nuen hil! Benetan!
Epaitegiko jendearen aurpegia ikusirik ez zinen askoz lasaiago geratu. Aurpegi guzti haiek zera esaten zizuten: Oso ipuin polita, baina oraingoan harrapatu haute. Garrantzi gutxiko beste pare bat galderei erantzun ondoren, zure lekura bueltatu zinen.
Pare bat orduko epaiketaren ondoren, epaileak hurrengo egunerako atzerapena agindu zuen. Bi goardia atzetik etorri eta berriro furgonetara eraman zintuzten, presondegira joateko.
Telebista itzali zenuen. Ez zitzaizun Isaaken egoera gustatzen. Pena izugarria ematen zizun. Negar malkoak erortzen zitzaizkizun aurpegian behera.
Presondegi triste hartara iritsi bezain pronto, bisita bat zenuela jakinarazi zizuten. Nor izango ote? Ez zizun axola. Kezkatuegi zeunden horretan pentsatzeko.
Bisiten gelara eraman zintuzten eta kristal baten aurrean eserarazi. Begirada altxa zenuen eta… argi izpi bat sartu zen zure egoera ilunean. Zure emaztea zen. Hainbeste sentsazio zirela eta, guztiz ahaztua zenuen.
Elkarrizketa luze bat izan zenuten. Zure tristura azaldu zenion. Emazteak, animoa eman zizun. Baina zoritxarreko galderak, zure buru barnean asperturik-edo, ihes egin zizun: Zenbat urtetako zigorra eskatu dute?
Emazteak burua jaitsi zuen. Ez zen seinale hona. Goibeltasun sentsazioa transmititu zizun. Azkenean ahoa ireki zuen: Betirako zigorra eskatu dute. Heriotza zigorra hain zuzen ere. Hori esateaz bat, negarrari eman zion eta laster batean aldegin zuen.
Gau hartan ez zenuen batere lorik egin. Mundua gainera bota zizuten bi hitz haiek: heriotza zigorra.
Goizean goiz esnatu zinen. Ohetik jaiki eta bost aspirina hartu zenituen buruko bonboa lasaitzeko. Txandala jantzi eta gosaldu gabe, kalera irten zinen haize fresko pixka bat hartzeko asmoz. Baina lehenik, zure droga maitetik pixka bat hartu zenuen. Pixka bat baino gehiago puxka bat hartu zenuen.
Berriro ere ditxosozko furgonetan sartu zintuzten. Epaitegiaren aurrean irten eta kamara artean, epaitegi barrura sartu zinen. Bidean, Heriotza zigorrik ez zioen pankarta ikusi zenuen. Baina ez zintuen batere lasaitu.
Epaiketak ez zuen ezer berririk eman. Aurreko egunean bezain aspergarri eta zoritxarrekoa zen. Ikusleen artean, zure emaztea zegoen.
Jaunok —bukaera emanez ari zen epailea— nire erabakia aurkezteko ordua ailegatu da. Badakit azkarregi izan daitekeela, baina froga guztiek gizon bakar batetara eramaten naute. Hona hemen nire azken erabakia: Isaak White, burutu zen hilketaren egile kontsideratzen zaitut. Eta horregatik, heriotza zigorrera kondenatzen zaitut —zurrumurru itzela zabaldu zen epaitegian.
Oraingoan bai mundua gainera etorri zitzaizula. Zure ustezko etorkizuna egia bihurtu zen momentu hartan. Negarrari eman zenion. Baina bat-batean…
Atzealdeko atea itzelezko danbateko batek ireki zuen.
Atea ireki zenuen. Epaitegiko jende guztiak burua biratu eta zuri zuzendu zizun begirada. Isaak altxatzen ikusi zenuen. Bera izan zen! Bera! —oihukatzen hasi zen.
—Nor zara eta ze eskubidez sartu zara hona era horretan? —galdetu zizun epaileak.
—Derek Smith naiz eta zera esan behar dizuet: Isaak errugabea da. Nik burutu nuen hilketa. Beraz niri dagokit zigorra jasotzea. Berdin zait heriotza bada ere, merezi baitut.
Berriro ere zurrumurru itzelak hartu zuen epaitegia.
Isaak White, aske utzia izan zen. Jason andreak eta epaileak barkamena eskatu zioten publikoki. Ondoren. lana eman zitzaion familia mantendu ahal izan zezan. Gaur egun, zoriontsu bizi dira etxalde batetan.
Derek Smith, epaiketa amaitu eta handik bi ordutara hil zen gehiegizko kokaina-dosi bat zela eta.
