Eguzki faltsurik ez!
Maider Goenaga Mujika
Argi txuri luzeska faltsuak izan ditut azken urteetan begien aurrean, bai goizean, eguerdian nahiz arratsaldean. Gauean ez; gauean, nolabait, indarra galtzen dute eta, beste guztiok bezalaxe, isiltasun osoan lo egiten dute. Argi hau dut urte hauetan iluntasunaren kontraste bakarra, eta egunak eta gauak noiz hasi eta noiz amaitzen diren jakiteko modu bakarra. Nire bizitza sabaian itsatsita dauden argi zurizko bonbilla horien menpe egon izan da orain arte. Inoiz betirako itzaltzeko esperantzarik izan ez duten argi madarikatu hauek beti ordu jakinean itzaltzen dira: denak momentu eta segundo berean. Sekula ez da bat bakarra ere geratuko itzali gabe eta sekula ez da, ezta ere, bat bakarra ere geratuko piztu gabe hurrengo goizean.
Mutil koskorra nintzen oraindik. Ile beltzarana eta, nire altuerarako, argal samarra. Hala esaten zidaten, behintzat, bai sendagileak eta baita amonak ere.
Gogoko nuen herriko ikastola, baita bertako irakasle eta ikasleak, nire lagunak eta nire herria; eta, batez ere, ttiki-ttikitatik zaindu ninduen nire amona.
Zazpi urte nituen orduan. Harritzekoa izan arren, ez nuen sekulan nire gurasoengan erreparatu; egia esan, egunero gosaltzen ematen, zaintzen, barre eragiten eta oheratzen ninduen gizaki maitagarri hura bainuen ondoan gurasotzat.
Sekulan erreparatu ez nuena zera izan zen: nire amonaren adina; nahiz eta hark behin eta berriz esan zidan urte asko zeramatzala bizkar gainean, inoiz ez nuen agure-tzat edo zahartzat jo.
Gauzak horrela, errealitateari uko egiteak zoritxarreko geroa ekarri zidan.
16 urte eskas nituela sartu ninduten hemen. Kontuak artera, beraz!
Urte asko daramatzat gelatik jantokira, jantokitik jolaslekura, jolaslekutik komunetara… Bestaldean, berriz, ametsezko mundu orlegi, urdin, ilun-argi, hotz-bero… bat zain dudala jakinda.
Zazpitik hamar urte bitarteko hiru urte haiek hiri handi batean kokatzen zen gorroto eta saminez betetako fraile-etxe hartan igaro nituen, fraile egoskor eta zakar haien menpean eta nire egoera berean zeuden hainbat mutikoren artean. Jasan ezinak izan ziren hiru urte haiek eta —ohitura nuen bezala, bizitzatik desagertu nahian— ihes egin nuen infernu hartatik.
Hiru urte haietan heldutasun-puntu bat hartu arren, oso gaztea nintzen oraindik, eta hiri handi hura guztiz arrotza zen niretzat. Hala ere, ez nuen heldutasun gehiagoren beharrik izan janari-denda handietan behar adina janari lapurtzeko. Baina gutxi iraun zuen horrek eta legearen aurkako gauza franko egiten hasi nintzen, gustua hartzeraino. Hura dena urtebetean gertatu zen.
Sei urte pasa nituen gaizkile egoera hartan, auzo ezberdinak ezagutuz eta baita, gazte jator eta aldrebesak ere.
Baina, hura dena amaitu da. Hemendik ordu laurden batera edo, agian, hamar minutura, kitto! Ez naiz gehiago ordu luzez horma zikin hauei begira egongo, ezta jantokira joango, ez jolastokira, eta ez komunetara; ez ditut eskailera hotz horiek lerrokaturik jaitsi eta igoko.
Atzo argiak itzali baino hamar bat minutu lehenago etorri zitzaizkidan bi zaindari, nagusiarengana eramateko. Nagusiaren gelara sartzen nintzen bigarren aldia zen hura. Lehenengoa, ekarri ninduten egunean izan zen eta, orduan ere, bi zaindariek besoetatik helduta sartu ninduten eta horrela eduki ninduten aldegingo ote nuen beldurrez, nagusia, harro-harro, lepoa luzatuta mintzatzen zitzaidan bitartean. Hitz garbi eta mugatuak ziren harenak.
Atzo gaueko bigarren sartu aldian, ohi bezala, bi zaindariek besapetik helduta sartu eta aulkian eserita utzi ninduten. Zaindariak nire ondotik urrundu eta atearen bi aldetan geldi geratu ziren. Nagusia hizketan hasi zitzaidan orduan. Zerbait arraroa nabaritu nion hitz egiterakoan, zera, pertsona arrunt bati hizketan ari balitzaio bezala, eta ez gaizkile bati; baina, hori bai, hitz garbi eta mugatuz mintzatu zen.
Ez nion hitz bakarrik ere ulertu botatako erretolika luze hartan, baina ohartu nintzen bai, azkeneko hitzaren esanahiaz. Berak hain azkar ahoskatu zuen, hain segundo gutxitan, hain axolagabeki, eta nik nire barnean astiro-astiro nioen gero eta ozenago: behin-betiko askatasuna!
Txikitako ohiturei jarraituz, hiri arrotza atzean utzi eta nire aberrira itzuli naiz. Goxotasunez hartu nau, maitekiro-maitekiro, eta benetako iluntzearen argi kolorea ikusi ahal izan dut, eta nola iluntzen doan pixkanaka-pixkanaka, dena ilun-ilun geratu arte. Benetako iluntasuna, aurpegi zuridun ilargia erdian duela eta, haren inguruan, ņirņirka dabiltzan izarrez inguratua.
Bihar goizean berriz joango da argitzen ekialdetik irtengo den eguzki bero eta borobila. Begietan min emango dit begiratzean. Hala eta guztiz ere, begiak itxiko ditut eta bere izpi epel goxoez aurpegia fereka diezaidan utziko diot, bere beroa gorputz osoan zirrara arraro moduan sentituz eta aspaldi galdutako bizi-poza berreskuratuz.
Paisaiari udazkeneko urre kolore atsegin bat emanez, egun osoa egongo da hor goian ni zaintzen eta ni bero mantentzen. Ez dit argia soilik emango, bere eginbeharra egunero beteko du inor baino zintzoago eta ez du inoiz hutsik egingo, ez udan, ez udazkenean; neguan ere, nahiz eta gutxitan ikusi, hor izango dugu laino artean eta noizean behin erakutsiko dit bere aurpegi borobila, eta udaberrian ere indarrez beteta irtengo da, zuhaitzei eta loreei bere beroaz laguntza ematen. Nahiz eta iluntzean bere arrosa koloreko mantua jantzi eta poliki-poliki mendebaldetik ezkutatu, ziur egongo naiz biharamunean irtengo dela eta ez dudala denbora gehiagoz eguzkia ordezkatuko duen argi faltsurik izango.
