Oriora.com

Zer da hau?

Iñaki Gurrutxaga Zubimendi

Goizaldeko hamar eta erdiak ziren —goizaldeko diot, bezperako parranda oroituz— zakurrak, sudurrean hoz-ka eginez, jaikiarazi ninduenean. Gizarteak zibilizazio izateari uzten dion leku bakanenetako batean nengoen: nire zuloan, logelan, alegia. Zakurra oraindik lepo parean nuen, zutitu baldin banintzen ere. Zakurra mestizoa zela jakin banekien; hala adierazi zidaten, bederen. Susmatzen hasia nintzen, ordea, kanguru kamuflatu bat ez ote zen.

Komunerantz jo nuen, nork daki zertara. Bertara iristerako, kolpea jo nuen atearekin; ezetz asmatu zein partetan! Orduantxe esnatu nintzen. Reflex botatzea gogorregi iruditu zitzaidan halako gorputz-atal delikatuan; eta mina uxatu artean lasaiki egongelako sofan esertzea otu zitzaidan. Ez nuen hainbesteko minik izan Barrio Sesamoren azken kapitulua galdu nuenetik. Hori bai, mina joan zitzaidanean, Espiritu Santua Ama Birjina haurdun uztean baino lasaiago eta, batez ere, gusturago aurkitu nintzen.

Sukaldera, Bella Durmiente!

Iritsi nintzen. Esna neramatzan minutuak kontuan hartuz, erreparo handiz ireki nuen edalontziak gorde-tzen genituen armairua. Mickey Mouse-n katilua hartu eta esnez bete nuen. Aspaldian nuen amets bakarra egia bihurtu ote zen jakiteko unea heldu zen: ireki nuen beste armairua eta…

—San Dios! Zer aurkitzen ote die amak All Bran zereal higuingarri hauei?

Baina, jakina, irentsi egin behar.

Hamar minutu ez ziren igaro bizilagun edo, hobe esan, bizietsai nuen atsoak, tinbre joka, porlana zirudien gosaria uztera behartu ninduenean.

—Oye, shavá. No zó la cuatro hora pa’ vení cantando a caza. Ay, zi fuera tu madre, no te pegaría azote ni ná!

—Adizan, belarrimotxa! Mitierratik honantz etorri hintzen, gure lurretan finkatu, gure kontura jan, gure kontura bizi, gure hizkuntza galtzen lagundu eta, gainera, gure arazoetan muturra sartzera al hator? Ba, to, sartuko haiz hi nire bizitzan lehendik sartuta hagoena baino gehiago! Eta alde! ostikoz bidaltzea nahi ez badun. Redios! ondo arrazoi zuen Ebrotik honantz pasa zen lehenari tiro bat joz gero bake santuan biziko ginatekeela esan zuenak.

—Pero, shavá! Qué educació ez…

—Ni educación ni… Beno, alde hemendik!

Banuen gogorik atso-mando-azeri-hezurbeltz hari behar zuena emateko, behar halako bost eman banizkion ere. Jesus! Goizari erremate bikaina eman nion. Ez zuen horrelako jokaldi estrategikorik egin Kasparov-ek bere bizitzan. Jake mate atsoari!

Nahaste hartatik ospa egin eta oihanera, logelara sartu nintzen. Zein jantzi aukeratu? Hori zen une hartan nire auzi partikularra. Armairua ireki nuen eta, nola ez, arropak gainera etorri zitzaizkidan. Hala ere, superheroi guztiek dute beren laguntzailea. Gogoratzen Casablanca filmean Humphrey Bogart-ek eta Ingrid Bergman-ek nola begiratzen zioten elkarri? Horrelaxe begiratzen genion elkarri guk ere: nik zakurrari, zakurrak niri. Haur ginen garaian elkarri genion maitasuna kontsumitzetik kontsumatzera igaro zela konturatu nintzen orduan. Ea, Robin, lagundu iezaiok Batman-i pentsatzen nuen neure golkorako. Baina hura han, kieto, Cibeles baino geldiago. Pentsa dezakezue zein heriotza krudela jasan nezakeen. Egunkarien titularrak: Gazte bat hilda bere armairuko arropek eraso egin ondoren eta, ondoren, hizki txikiagotan: Bere zakurrak ezin izan zion lagundu, ez baitzekien nola erantzun.

Ai, Santa Gertrudis, zergatik niri eta ez beste norbaiti, zakurrari, esate baterako?

Hala ere, nire kalbarioak ez zuen luze jo. Nire lehen oihua entzun bezain laster etorri zen ama. Orduan, eta orduan bakarrik, mugitu zen superheroi laguntzaile (?) alua, handik martxa egiteko. Hi, Robin! Kaka hiretzat! Batmanek ezin duenean helburua lortu, ez zaiok amatxo etortzen muxu bat eman eta laguntzera. Alferrik.

—Ama, Robin baserrira eramango dugu, ikuiluan egon dadin.

—Baina… Robin? Zer diozu?

—Zakurra, arranopola!

—Ba, esan hori, eta ez Rob…

—Beno, gero arte!

Nire paranoiak, burko azpian ez, arropa azpian utzi eta hondartzarantz jo nuen; txirrindua hartu, hankei eragin eta, ohartzerako, han nintzen, espigoi muturrean, amorruaren amorruz begiak bete-bete eginik. Gora arran-tzaleak! Gora itsaso barea! Baina, olatuak zer? Zer axola zion arrantzuntziek herriko ekonomian partaidetza bortitza izateak, lau egun, lau, olaturik gabe generamatzanean?

Lau egun olatu gabe = lau egun surfik egin gabe.

A zer nolako surfrimendua —bai, ez dago gaizki idatzia, surf-rimendua ipintzen du—. Psikologikoki, lurpean nengoen, hondoa jota. Trauma psikologiko aurreratu hartan, burua lehertu beharrean eta gogoan aldamenean bizi zen atsoa izanik, nork esan pozik egon nintekeenik?

—Silosko monje sartuko nauk.

Hori pentsatuz itzuli nintzen etxera. Bazkaritarako prest zeuden guztiak. Atetik aitaren Zer ordu dira hauek? ohiturazkoarekin sartu nintzen; aurrerantz jarraitu nuen amaren Mugitu, spagetiak hoztuko zaizkizu-az lagundurik. Anaiaren Ura bota! lehorrarekin eseri nintzen mahaian, eta bazkaltzen hasi, ondoan eserita nuen zakurraren begirada sotilaren pean. Zakurrak bazekien horrek nire onetatik ateratzen ninduela, eta gozatu egiten zuen horrela, ezin zitekeen bestela. Nire urduritasunean, eta eskua dardarka nuela, plost! erori zitzaidan fideo luzeska galtza gainera, tomate-saltsaz horniturik.

—Makabroi hauek! —esan nuen zakurra ostikada batez handik bidaltzen saiatzen nintzen bitartean—. Redios! Gaur ez baduzue bidaltzen zakurra baserrira, zin egiten dut afaritan jango dudala!

Halako batean, inozo sentitu nintzen: senideek begiratu ere ez ninduten egiten eta zakurra hankartartean isuritako tomate-saltsa miazkatzen hasi zitzaidan. Panorama irrigarria. Hik niri iseka egin didak eta nik hi disekatu egingo haut! esan nion zakurrari begirada sarkor baten bitartez. Lehenengoan ulertu zidan tonto alaenak, eta han joan zen, buztan bat bestearen ondoan sartuta.

Nire piura pixka bat atondu bezain pronto kajatontaren aurrean eseri nintzen. Ezin nezake esan ETB1en jarraitzaile sutsu nintzenik, baina, a zer erremedio!, azken ekaitza izan zenetik kanal hau besterik ez genuen harrapatzen. Ordu bi eta erdiak. Ba filme zozoren bat egongo duk. Baina nire usteak Filesako kontuak baino ustelagoak tokatu zitzaizkidan. Erregearen Gabon-mezua baino zaharragoa eta, dudarik gabe, aspergarriagoa zen Sustraia programa ari zen emititzen. Hainbeste ardi, behi, gazta eta baserri artean Indiana Jones-en arka baino galduago nintzen, eta kalerantz irtetea erabaki nuen, zimaur usaina hartu baino lehen.

Ttipi-ttapa parkera iritsi nintzen, nire lagunak eta ni beti han elkartzen baikinen. Eserlekuan erdi etzanda jarri eta, lo hartzera nindoan unean, Kaixo! lirgindatsu bat entzun nuen. O, ez! pentsatu nuen. Izan ere, bezperan, festan, ezagutu nuen mutil pelma zen. Ez naiz deskribaketan sartuko, denok baitakizue zein mutil motataz ari naizen. Gauza bakarra aipatzeko: pekatu bat egin zuen honen amak ez abortatzea erabaki zuenean.

—A zer festa, e?

—Isildu zaitez, eta ez aipatu txintik niri hortaz, buruko mina areagotzen dit-eta.

—Eta zer esan zian amak mozkorragatik?

—Deus ez. Zergatik? Jakin behar ote zian, bada?

—Ez, baina…

—Zer baina, gero!

—Jode! Ba amak ia akabatu naik ni.

—Baina ez huen-eta alkohol-tantarik probatu!

—Baina zuen mozkorrarena jakin duenean, eta zuekin ibili nintzela ni…

—Eta nork esan dio hori?

—Barka ezak. Ihes egin zidan eta…

—Nola? Ez huen, bada, nire izenik esango?

—Hirea ez diat uste…

—Norena esan duk, bada?

—Gainerantzekoena.

—Hi haiz, hi, astakirtena!

—Jode! Esan diat barkatzeko, hi…

—Alde nire begien bistatik!

—Baina… barka ezak!

—Ospa!

Nire ezinean, berriz etxera itzuli nintzen, etsiturik, ohera sartzekotan. Burua Metallica-ko bateriaren bonboa bezala neukan eta bihotza taupada bizian. Etxeratu bezain pronto valium bat eta bi aspirina hartu nituen. Ohartzerako, lo nengoen.

Esnatzean, mundu guztia ni jateko prest neukan: aita zigarroa erre eta erre —ez zuen horrenbeste ke irentsi nire jaiotzaz geroztik—, ama aurpegia gorrituta, ondoko atsoa ate joka… Giro anti-idiliko hartan ez nuen piperrik ere ulertzen, erabat galdu nintzen. Pentsa zein gorrotatuta sentitzen nintzen, ezen zakurra ere nitaz kupitu baitzen. Redios! Txibatoa! pentsatu nuen. Bai asmatu ere, haren erruz bainengoen kaketan sudurre-raino sartua. Ama hasi zen erasoarekin, bai ondo hasi ere; ez du Aita Santuak, egundo, halako sermoirik bota. Aitak jarraitu zuen, mortero eta obusez ongi hornituta, amak bideratuta utzi zuen erretolika. Hirugarren mundu-gerraren tankera hartu nion hari; ez zen gutxiagorako! Ondoren, aliatu berriari bide eman zioten gurasoek, bizietsaiari. Jesus!

Marmarka hasi zen Extremadurako Faraona, irribarre txikia hortzetan zuelarik. Ni han, koittadu, Santa Agedaren itzala. Gehiegikeriatan berehala sartu zen, ez ninduela nahi zirrozisaren atzaparretan ikusi, eta antzerako astakeriak botaz. Ni han, algarari eutsi ezinda.

Alcoholicos Anonimos-era!

Azkenean amak berreskuratu zuen hitza, nire kalterako. Urtebetean agur esan behar inguruko festa guztiei. Au revoir, bizitza ona!

Ohera joan nintzen berriz, buruari jirabuelta batzuk emateko asmoz. Lehen irudia bezperako txosnako argiarena izan zen; bigarrena, txibato astazakilarena. Irudimenari bere bidean utzi eta panteoi bat ikusi nuen, hitz hauek ageri zirelarik: La Faraona ha muerto, RIP, RIP, hurra! Hori pentsatuz hartu nuen lo, harik eta goizeko bostetan jaiki beharrean izan nintzen arte, tripak nahastuta.

Ezetz asmatu zertara jaiki nintzen!