Azken mintzoa
Iñaki Gurrutxaga Zubimendi
1
Garai batean, jolas ta jauzi,
zahartzaroa zen arrotza,
baina gutxika etorria zait
espero ez nun morrontza:
orain ohean sarturik nago,
ez daukat ondo bihotza,
gorputza daukat hain hotza
ezen dirudi izotza…
Bizitza eta heriotzaren
artean hain da alde motza,
heriotzak du bere bizitza
ta bizitzak heriotza.
2
Garai batean ibiltzen nintzen
lagunekin bat musean,
moila aldera ihes eginda,
batelekin jolasean,
ta orain, berriz, nekez aritu
nintekeenez solasean,
nire arima haizean
joan baietz arratsean,
ezertxo egin ezaren pena
eramango dut hiltzean;
bizitza ez da hutsa besterik
aprobetxatu ezean.
3
Garai batean nahiko lan egin
karga-mandoen antzeko,
dirua ere majo egin dut
bateko eta besteko,
beti aurreztu eta aurreztu,
bankari baten pareko,
baina orain peto-peto,
hil behar dut laster, seko;
diru guztia alfer-alferrik,
hori nork ez du usteko?
Asperturikan bizi izan den
dirudun bat izateko.
4
Garai batean festarik festa
neska kontuan na(g)usia,
baina ordutik gaur egunarte
a zer nolako jauzia!
Mundu guztia ikus dezaket
nire gainera jausia,
goragale ta nausia,
gorputza daukat hautsia,
gertu dakusat azken hasperen
eta ta aharrausia;
ez da justua bizitzarekin
jasaten dugun auzia.
5
Garai batean gerran borroka
Francorekin dema latza,
arrats guztiek iduri zuten
bizitzan azken arratsa;
ta sargentoen mintzo zakarra:
Pero, soldados, qué pasa?
mejor quedaos en casa!
Compañia mas escasa!
Espainiarrek hartu ta eraman
ez banindute, ze lasa!
Jo eta bertan txikitu behar
nire herri ta arraza.
6
Garai batean hainbat errezo
fraile xahar bat bezala,
errosario eta hiletak,
kredo eta diosala.
Ederki asko nekien zer zen
aldarearen itzala,
orain hori zait hutsala,
zimurtu baitzait azala,
orain badakit hainbeste meza
inorentzat on ez zala,
baina, halere, gure Jainkoak
etsaitik libra nazala.
7
Garai batean bihotza taup-taup,
itzaltzera doa jada.
Ez da erreza izan niretzat
azkenaldiko bolada;
laztu da nire arima gozo
babesten zuen izara,
ez nau laztandu nahi, hara!
ezin ninduke anpara;
nahiz eta gaizki nagoen ez dut
heriotzaren ikara,
lore hazi bat ez baita ezer
inoiz loratzen ez bada.
