Zutabea
Xabier Sukia Etxeberria
1
Bizitzaren zoritxarra
tristurak egin dit parra,
isiltasun deiadarra,
barrua jan didan harra;
ni naiz baserri erdi-erdian
dagon zutabe zaharra;
garai batean jende mordo bat
bazebilen tarra-tarra;
somatzen nuen aitona eta
amonaren irrifarra,
seme-alaben jolasa eta
iloben ume-negarra,
ta orain, berriz, bakardadea
da nire lagun bakarra.
2
Etsipenaren barruti
bihurtu ninteke aurki,
nahiz kolpe gogorrak jaurti
hartzen nituen samurki;
ostikoren bat eman behar bazen
ez ziren nire erruki,
euren azala sentitzen nuen
goxoki eta leunki;
haiek niretzat guztia ziren
hori dudan ez eduki,
ta ni haientzat ez nintzen ezer
nahiz eta sarritan uki.
Ni haiengatik gertu nengoen
haiek nigandik urruti.
3
Haurrak ziren neure jabe,
haiena nintzen goi ta behe.
Ni nintzen haien titare,
zer egin haiek ni gabe?
Ni hartzen ninduten nahiz eta egon
beste hiru-lau zutabe,
soka-saltoko soka eransten
zidaten baina xuabe,
gero korroan ni inguratuz
triliri eta tralare,
sentitzen nintzen haien jostailu
gustukoenaren pare;
orain gustura hartuko nuke
haien ostiko bat ere.
4
Amona ez zen gelditzen,
egun osoan ari zen
bere erratza astintzen
ta neure hautsak garbitzen;
gainean neuzkan labezomorro
euli ta eltxoak hiltzen,
erratz-kirtenaz sabai kontrako
armiarma-sareak biltzen.
Nahiz ta bihotzak ni mintzerikan
ez zion inoiz agintzen,
bizi zenean ez zidan uzten
inoiz bakean bizitzen,
baina amona hil zen unean
ni ere hil egin nintzen.
5
Aitona Axentxio, aldiz,
sarri gorriak ikusiz,
azkenik hil zen minbiziz.
Ai, hemen egongo balitz!
Abarkak ere janzten zituen
beti nire kontra jarriz,
nire hormigoia berotzen zuen
bere ipurdi ta gerriz.
Hil aurretikan nire ondora
etorri zen pauso larriz,
negar-malkotan hormigoi hotza
laztandu zidan bi aldiz;
ez dakit nola, antzeman nion
ez zela itzuliko berriz.
6
Denak baserritik irten,
zergatik zail da jakiten;
besteren batzuk noizbaiten
ea etortzen zaizkiten.
Hainbat bizitza babestu ondoren
nirea kolpetik eten.
Zergatik niri? galdetu arren
inork ez dit erantzuten.
Bakardadezko itsaso hontan
itotzen utzi ninduten.
Urte dezente badaramatzat
isiltasuna entzuten;
orain badakit gizonek negar
zergatik egiten duten.
