Ene aitona
Elisabet Urdangarin Zumeta
Biziari azken arnasa eman diozu,
inguruan
EZ DUT INOR,
bakarrik nago.
Urduri, atsekabeturik,
haurtzaro latza suertatu zitzaidan
une hain onean ez jaioa,
gorrotatua,
abandonatua.
Baina iritsi zen egun hura,
topo egin genuena,
nire aitonatzat hartu zintudan,
MAITASUNA
zer zen erakutsi,
nola sentituarazi,
besteei maitatzen ikasi,
hori dena zenidan irakatsi;
baina berriz ere bakarrik,
EZ DUT INOR.
Gorputzaren desoreka sentitu nuen
nere odolean
zure gorpua
hilkutxan ikusi nuenean,
han zegoen sakon-sakonean
aurpegia guztiz xuria, indarge, xurgatua,
bere bizia iluntasunean murgildua,
lanbro beltz batek inguratua.
Jadanik eguzkiaren argia itzalia,
isiltasuna erabat nagusia.
DAMU DUT bere jakintasuna ez ezagutzea
DAMU DUT eduki dudan bitartean
bere akatsak ez onartzea.
Ene aitona, ene bihotzeko xaharra,
zurekin doaz nere indar eta negarrak,
amaierarik gabeko ametsetan galdua.
Aldarean
zure gurutzea,
kanpai hotsen oihartzun xumea,
eliza erabat betea,
apaizaren hitz leunak
minberatzen zuten ene bihotza,
herriko jende goibelak,
saminez, ematen zuen laguntza.
Barruan
zeneraman bizia,
umorearen grazia,
harizpe batean moldatu zituen;
Lehen ametsak,
lehen malkoak.
Zergatik bera?
Zergatik orain?
Bere bihotzeko erlojuari
harea amaitu al zaio?
Lehenago gazte zinena
orain puxka bat zahartzen hasi,
ispiluan ikusiz
urteak aurrera ihesi,
orain negu,
lehen udaberri.
Zahartzaroak ez du barkatzen;
PAUSOA moteltzen,
HITZAK trabatzen,
GORPUTZA baldartzen,
PENTSAMENDUAK nahasten,
INDARRAK ahultzen,
urteen zama, bizkarrean kargatzen.
Bai, bakarrik nago
EZ DUT INOR,
baina, nere barruan
zaitut jator,
beti izango zara ene laguntzailea,
nere bizitzaren gunea;
iritsi da agurraren unea.
Ilunpean etsita,
malkoz bustita,
begiak itxita,
irripar batean ezin bizi eta.
Hilobiaren ingurunea,
lorez josia,
hilobiaren haitz xuriak
hitz goxoz eta ilunez idatzia.
AGUR AITONA,
AGUR BETIRAKO,
GOGORRA DA ONARTZEA
EZ ZAITUDALA GEHIAGO IKUSIKO
BAINA BIZI NAIZEN BITARTEAN
EZ ZAITUT AHAZTUKO.
