Olatuak arroka lehertu nahi zuen, bain...
Jose Inazio Alguacil
Xamuelen espresiotik ez zen oraindik harridurazko keinua desagertu; beti bezala, oraingo honetan ere asko kostatzen ari zitzaion notizia berriaz guztiz jabetzea, eta horixe nabari zen bere hitzetan:
—Nire begiekin ikusi dudan bezala ikusi izan ez banu, ez nuke sinetsiko. Ez nuen uste Oto horrelakorik egiteko gai zenik.— -Oto zeritzan horrek zerbait larria egin berri zuela agertzen zuen Xamuelen txundidurazko aurpegiak. Egia esan, aukera hori erabat bartertuta nuen nire imaginaziotik.
Abelen egoera bestelakoa zen. Xamuelen egoerarekin alderatuz, ez zegoen parekotasun izpirik. Izan ere, Abelek ez zuen inongo berririk ikusten Otoren portaeran; ez, behintzat, berri azpimarragarririk.
—Ba horrek bi gauza adierazten ditu: batetik, oso gutxi ezagutzen duzula Oto; eta, bestetik, oso imaginazio gutxi daukazula. Niri ez zait hainbesterainokoa iruditzen Otok bere neska jipoitzea. Ez dut esaten ondo dagoenik; baina bai, behintzat, espero genezakeela.
Abeli dena ondo iruditzen zitzaion. Ondo baino gehiago, dena normala iruditzen zitzaion. Bizitzako gertaera guztiak onartu egiten zituen, besterik gabe; bere senean inongo estimulorik josoko ez balu bezala, gertaera krudelenaren berri izanda ere. Berak esan ohi zuenez, gauzak gertatu egiten dira eta kitto. Gauza batzuk, noski, beste batzuk baino gehiago eragingo zioten, baina ez luzaroan; berehala ahazten zituen, edo gutxienez itxura hori ematen saiatzen zen bera. Abeli inporta zitzaiona bere burua soilik omen zen. Besteena horixe omen zen: besteena; eta berak ez zuen zertan sartu beharrik besteen gauzatan. Besteekiko erakusten zuen urruntasun horrek autonomia gehiago ematen zion bere bizitzari, independentzia gehiago, eta hori asko atsegin zuen Abelek. Libre izatea ahal zuen neurri handienean, berari zuzenki ez zegozkion arazoetatik kanpo geratuz. Noski, oso zaila da norbaiti zer dagokion eta zer ez bereiztea eta muga finkatzea, bakoitzak irizpide ezberdinak erabiliko dituelako erabaki horretan; baina Abelen kasuan ez zegoen zailtasun handirik: berak ez zuen ia ezeren gain erantzukizunik hartzen, ezinbestekoa zenean bakarrik.
Xamuel, berriz, Abelen bestaldeko punta zen. Abeli ezer ez zegokion bezala, Xamueli dena zegokion. Beti zegoen prest besteetaz gauzak jakiteko. Abelek besteen bizitzatan gehiegi sartzen zela aurpegiratu ohi zion sarritan, baina horrela erantzuten zion beti Xamuelek:
—Ni ez naiz kuxkuxero bat, hori esan nabi baduzu; nire inguruko pertsonataz arduratzen naiz bakarrik. Nire bizitzaren zati garrantzitsu bat diren heinean, ezinbesteko zati bat direla ez esateagatik, beren gauzak interesatzen zaizkit. Eta, gainera, horrela badakit nola jokatu behar dudan batarekin ala bestearekin uneoro: aldarte txarrean badago, tentuz; triste badago, goxotasunez; humoretsu badago, orduan alaikiro; eta horrela egoera ezberdin guztietan.
Abelek ez zion ezer erantzuten, Xamuel benetan kuxkuxero huts bat zela pentsatzen jarraitzen zuen arren. Bestalde, izaera faltsu bat zuela eta horrelakoak ere leporatu ziezaizkiokeen; inongo gezurrik esan gabe, gainera. Baina hori ere ez zitzaion gehiegi axola Abeli; nahikoa egiten zuela uste zuen Xamueli besteen bizitzak pakean uzteko aholkatuz.
Bien bitartean, Xamuelek bere horretan jarraitzen zuen:
- Ba, egia esatea nabi baduzu, Abel, nik ez nuen espero Otok bere neska jipoitzeko ausardia izango zuenik. Basakeria hori justifikaezina da; ez dago munduan ekintza hori ahalbideratzen duen arrazoirik. Eta are gutxiago bost minutu beranduago iristeagatik. Gainera, zihur nago kabroi matxista horrentzat apaindu nahian atzeratu dela. Ez dago horretarako eskubiderik.
Xamuelek arnasa hartzeko beta bilatu zuen. Abeli hitz egiteko aukera ematen zion era berean, bainak hark ez zion aukera horri probetxurik ateratzeko asmo handirik azaltzen. Egiazki, Abelek uko egiten zion gehienetan adierazpen askatasuna erabiltzeari. Eta, egia esan ere, Xamuelek gustukoa zuen Abelen mututasun hori, horrek bere pentsamenduak modu zabalean adierazteko parada eskeintzen baitzion. Eta Xamuelentzat oso garrantzitsua zen bere ideiak kanporatzea:
—Ikusitakoa ikusi eta gero, honako ondorio hau dotorkit burura: arazoa ez da soilik Oto oso gutxi ezagutzen dudala, baizik eta oso gutxi ezagutzen dudala giza-natura orokorrean. Nik uste nuen —orain arte, noski— pertsona batek beti modu berean edo, gutxienez, antzeko moduan jokatzen zuela egoera jakin batzuen aurrean. Pertsona baten erreakzioa halakoa izan bazen zirkunstantzia batzuetan, erreakzio hori beti berdina izaten jarraituko duela zirkunstantzia horiek errepikatzen diren momentuan. Alegia, estimulo bakoitzaren aurrean modu ezberdinean erantzun dezakeela batak ala besteak, baina erantzuteko modu hori beti berdina izango dela pertsona bakoitzean. Ez dakit ondo ulertzen didazun.
Abelek bazekien zer esan nahi zuen Xamuelek hizlari on bat izateko bere ahalegin horietan, baina ez Xamuel trebea zelako azalpenak emateko orduan. Behin baino gehiagotan gustura esango lioke ez zekiela gauzak adierazten, nahastu egiten zela kontzeptuak azaltzerakoan, baina segituan konturatzen zen ez zuela merezi, horixe baitzen Xamuelen saltsa. Hitz egiten uzten ziotenean gozatzen zuen benetan Xamuelek, esaten zituenak bota litezkeen barrabaskeria handienak baziren ere. Gainera, Abeli barregurea ematen zion Xamuelen solasean aritzeko moduak, zientifko ospetsu bat bailitzan hitz egiteko obitura zeukan eta. Beraz, jaramon gehiegi egin gabe, jarraitzeko keinua egiten zion, dena ondo ulertzen zuela adieraziz eta bere atentzio osoa eskainiko balio bezala.
—Baina gaur konturatu naiz nire teoria horrek ez duela ezertarako balio. Otoren jarrera horrek bertan behera utzi ditu nire burutazio guztiak. Gizakiaren portaera guztiz misteriotsua da. Egongo da, agian, mekanismoren bot gure burmuinetan, orokorrean modu sistematiko batean jokatzera bultzatzen gaituena. Modu sistematiko eta erregular horretan jardutera eramaten gaituen beste arrazoiren bat ere egonen da, seguruenik, eta horietako bat izan liteke gizartearen eraginez jasaten ditugun rolak; hau da, modu batean aritzeko ohitura hartzen dugu, eta azkenean beti berdin aritzen gara, ez daukagulako aldatzeko gaitasunik. Baina hori beste kupeleko ardoa da, eta horretaz geroxeago hitz egin genezake. Orain interesatzen zaidan gaia beste bat da: agian, aurreikusi dezakegu halako edo bestelako jarrera bat izango dugula egoera batean ala bestean, baina ezingo dugu sekula ziurtatu hori beti horrela izango denik. Badago gure ulermenetik ihes egiten duen zerbait, gorengo indarren bat edo halakoren bat, eta horixe da batzuetan gure erreakzioetan eraboteko ezusteak eragiten dituen arrazoia. Otorena gogoratu basterik ez daukagu horretaz konturatzeko. Zer izan liteke, bestela?
Elkarrizketaren pisu guztia Abelengain erori zen. Oraingo honetan erantzun beharra zeukan, galdera zuzena izan baitzen. Ez zuen ihesbiderik. Baina Abel aspertzen hasia zegoen solasaldi horretaz. Bost minutu baino gehiago ez zituzten egin Otoz eta gainontzekoaz hizketan, baina berak nahikoa eta gehiegi ere bazuen horrekin. Hortaz, Xamuel pixka bat zirikatzeko garaia iritsi zela pentsatu zuen, ordurako nahiko harro baitzebilen Xamuel bere azalpenetan. Abelek oso gustukoa zuen Xamuel xaxatzea, eta bazekien Xamueli min egiten ziola berarekin sartzeak:
—Arrazoia daukazu, bai, baina ez dezazula pentsa sekulako aurkikuntza antropologiko bat egin berri duzunik. Hori gauza jakina zen, lebendik ere. Argi dago pertsona bat normalean modu berdin xamar batean arituko dela baldintza batzuen ala besteen menpean, baina horrek ez du esan nahi noizean behin portaera hori bestelakoa izango ez denik egoera berdinaren aurrean—. Eta nahi zuen lekura iritsi zen, azkenean, Abel. Burlazko tonu arin batek bildu zuen bere ahotsa.
—Dena den, Xamuel, ez zaitut zu imaginatzen patxadazko erreakzio bat izaten notizia baten aurrean, notizia hori edozein tankeratakoa izanda ere. Beti omen dago erregela orokorra apurtzen duen salbuespenen bat eta, zu izango zara, antza denez, zure teoria berri horren salbuespena; erregela orokorra baieztatzera dotorren salbuespena, alegia.
Xamuelen erreakzioa, espero zitekeen bezala, berehala iritsi zen:
—Zer esan nabi duzu horrekin, edozer gauzagatik asaldatzen naizela, akaso?
—Hain zuzen ere. Onartu ezazu horrela dela. Edozein huskeriagatik jartzen zaizkizu kirioak dantzan. Bestela, ez al duzu gogoratzen nola jarri zinen, duela pare bat egun, fakultadeko zerbitzaileak ez zigulako On egin esan bazkaria mahaira ekarri zigunean? Egunero On egin esaten digula eta, derrigorrez, beti gogoratu behar al du, ba? Nik dakidala, behintzat, On egin hori ez da sartzen menuaren prezioan.
Xamuel jadanik ernegatuta zegoen. Baina Abelek oraindik ez zuen amaitu bere irainarekin. Laket izaten zuen arantza barruraino sartzea, min egin arte. Bihotzean ziztada eman eta odola atera arte. Eta Xamuel bere lagunik onena bazen ere, ez zitzaion inporta:
—Edo ez al duzu gogoratzen ere nola jarri zinen bokatarekin batera Fanta bat dohainik ematen zutela kontatu zizuten hartan? Bazirudien zure esistentzia Fanta batera mugatzen zela, Fanta hori oxigenoa izango balitz bezala.
Xamuel lehertzear zegoen. Arrapaladan berotzen zitzaion burua, eta are azkarrago bere aurkako isekak jasaten zituenean. Eta txiki-txikitatik Xamuel eta Abel lagunak ziren arren, haserretzen zen guztietan bezala, bere hitzetan urduritasunaren arrastoa ageri zen oraingo honetan ere, bere aurrean zuen zirikatzaile krudel hura ezezagun bat izango balitz bezala:
—Zer? Hasi al gara bazterrak nazkatzen? Zerri bat zara, Abel, eta ez duzu inoiz ikasiko behar den bezala portatzen. Uste dut hori baino begirune gehixeago merezi dudala zure aldetik. Gertatzen dena da zuk ez duzula sekula santan sentsibilitaterik izan. Ez duzu inoiz poza edo tristura adierazi. Gauza guztien aurrean inpartzialtasun osoz jokatzen duzu; subjetibotasunik gabeko pertsona bat zara, eta ezaugarri horrek sentimendua zer den ez dakien robot bat bihurtzen zaitu. Itxura hori eman nahi duzu kanpora begira, harkaitz mugiezin bot zaren itxura; baina ni ziur nago dagoeneko barruakjanda dituzula zure sentipenak espresatzen ez duzulako ikasi zure bizitza osoan. Ziur nago, baita ere, sarritan, bakarrik zaudenean, amorru bizian negar egiten duzula sentimendu horiek jendeari adierazteko gai ez zarelako. Eta, seguruenik, jeloskortu egiten zara nirekin, nik ez dudalako nire sentsibilitatea azalean emateko inongo arazorik. Eta horrek min ematen dizu, onartu nahi ez baduzu ere. Eskertu egin behar zenidake zure ondoan dagoen pertsona bakarra ni izateagatik. Ez al zara konturatzen inork ez duela zuregana hurreratu ere egin nahi?
Xamuelek erdi-erdian asmatu zuen. Esan berri zuena egia borobila zen, baina Abel ez zen bigundu; ixilik geratu zen, Xamuelen arnasestuaren itzalean. Eta eztabaida horrela bukatu zen. Beti amaitzen ziren horrela Abel eta Xamuelen arteko eraso dialektikoak. Pozoinaz bustiriko hitzak gurutzatzen zizkioten elkarri, txit mingarriak ziren hitzak, baina hurrengo egunean dena ahaztuta zeukaten biek. Batak bihotzbera zelako eta ezin zuelako luzaroan haserre egon bere lagun onenarekin; berehala egoskortzen zen bezala, berehala adiskidetzen zen, baita ere. Eta besteak, berriz, haserretu ere ez zelako egiten apenas. Hurrengo egunean, Xamuelek barkamena eskatuko zion Abeli, eta Abelek irribarre lotsati batez erantzungo zion. Abelek ez zion barkamena eskatuko Xamueli, baina hori ez zitzaion inporta Xamueli, nahikoa baitzuen irribarrearekin.
Bien arteko liskar horietan, Xamuelek fede txarrez jokatzen zuen. Neurri batean, haserre zegoelako, eta haserre zegoenean bere buruaren domeinua galdu eta ez zekielako esaten zuenak zenbateko ahalmen eritzailea zuen Abelengan; baina beste neurri handi batean, fede txarrez hitz egiten zuen, Abelen sekretua deskubritu nahi zuelako. Abelen gogortasunaren sekretua edo arrazoia, alegia.
Elkarri mokoka ari ziren horietan, Xamuelek min egin nahi zion Abeli, baina ez Abel gorroto zuelako, baizik eta bere kilimak non zeuden aurkitu nahi zuelako. Izan ere, betidanik, edo Xamuelek Abel ezagutzen zuenetik behintzat, Abel arroka bat bezain sendoa ageri zen jendearen aurrean; baina Xamuelek uste zuen zerbait egon beharra zuela, Abeli bere sentimenduak kanporatzeko gai izango zen zerbait. Ez baitzen posible pertsona bot sentimenturik espresatu gabe bizitzea. Eta horixe zen aspalditik Xamuelen helburua: arroka mila zatitan lehertuko zuen zerbait hori topatzea.
Xamuelen ustez, Abelengan urruntasun eta ixtura hori eragin zuen zerbait egon zen bere haurtzaroan; *Traumaren bat edo… berak esan ohi zuen bezala. Baina sendotasun hori sortu zuen zerbait egon zen bezala, egon behar zuen, baita ere, biguintasuna edo ahultasuna eragin ziezaiokeen zerbait. Xamuelek bazekien pertsona batzuk besteak baino sentiberagoak direla. Baina, berak zioen bezala: Munduan ez dago gezurrezko pertsonarik; pertsona, pertsona den heinean, benetazkoa baita. Eta benetazkoa izatea sentimenduak edukitzearekin bat datorrenez, Abelek ere izango ditu bere sentimenduak, beste guztiok gureak ditugun bezala.* Berak asmaturiko silogismo antzeko horiek erabiltzea oso gustukoa zuen Xamuelek. Egia esan, berak asmaturiko burutazio guztiak zituen gustukoak Xamuelek, burutazio horiek egiatzat hartzen zituelarik. Harro sentitzen zen bere ideietaz, eta harrotasun hori zela eta kanporatzen zituen bere ideia horiek irakasle aditu baten modura.
Kontua da Xamuelek urteak zeramatzala Abel zirikatzen, berak ere Akilesen orpo propio bat izango zuelakoan hor nonbait. Eta aurkezten zitzaizkion aukera guztiak aprobetxatzen saiatzen zen Xamuel. Askotan ahalegintzen zen bien arteko solasaldiak bere helburu horretara bideratzera, Abelen ahultasuna non zegoen aurkitzeko. Elkarrizketak manipulatu egiten zituen azken finean, eta baita ere hitzezko labankada makurrak bota behin baino gehiagotan; manipulazio eta eraso horiek, noski, fede txarrez egiten zituen, baina Xamuelen asmoa ez zen gaiztoa, inondik ere. Abel bere lagunik onena zen, eta, ondorioz, beregana hurbildu nahi zuen; horrela, bere penak eta bere pozak elkarbanatu ahal izango zituzten.
Ahalegin horietan, Xamuelek bazuen konbentzimendu bat: Abelen familian zegoen gakoa. Abelek gutxi hitz egiten zuen, baina bere familiaz ez zuen sekula deus esaten. Bazirudien ez zuela familiarik, baina bazeukan bere sendia, bai. Xamuelek kontu ugari zekizkien Abelen guraso eta arrebari buruzkoak, baina ez Abelek berak kontatzen zizkiolako, baizik eta herrian aipatzen ziren marmarrengatik. Gauza jakina da herri txikietan ez dagoela sekretu bat gordetzerik, eta Xamuel eta Abel bizi ziren herri txikia ez zen salbuespen bat zentzu horretan. Kuxkuxinga kirolik ospetsuena zen han ere; nola ez?
Kontuak kontu, Xamuelek usain txarra hartzen zion Abelen familiari, eta ziur zegoen hortxe aurkitu behar zuela bere kezka guztien giltza. Abelen izaera itxi eta hotz horrek zerikusi zuzena izan behar zuen bere familiarekin.
Bazekien, jendeak kalean esaten zuenagatik, aita mozkor galanta zuela eta gauero, etxeratzerakoan, kristoren iskanbilak sortarazten zituela bere auzokideekin; eta, gero, behin etxean sartuta, kanpotik ere sekulako garraisiak eta irainak entzuten omen zituzten inguruan lo egin ezinik bizi zirenek. Oso gaizki omen zegoen lanetik bota zutenetik, bizitza teknologikozientifiko berri honen behar informatiko- digitaletara ez zelako egokitzen, antza, enpresako nagusiak arrazoitu zion bezala.
Herrian oso zabalduak zeuden beste esamesen artean zegoen, baita ere, bere amarena; alegia, kanpoko amorante bat izango ote zuen, eta bustin ikastaroaren aitzakiz joaten zela Donostiara bere maitalearekin elkartzera .
Sendiarteko erlazio gatazkatsu horien fruitu zen Abelen arreba gaztea, atzeratua bera. 19 urte bazituen ere, 6 urteko ume baten adimena besterik ez zuen. Horrela, ez dago esan beharrik egoera horrek sortaraz zitzakeen arazoak. Astakeria bat litzateke neskatoa bakarrik uztea, eta horregatik hartzen zuen Abelek bere gain arreba atzeratua zaintzeko ardura; izan ere, aita ez zegoen lan horietarako, eta amari ere gehiago interesatzen zitzaizkion Donostiako bustin ikastaroak. Hori zela eta, Abel beti ibiltzen zen bere arrebaren atzetik. Dena den, oso neska bihurria zen, eta askotan ihes egiten zion Abeli bere bistatik. Eta beste askotan ere, gauez batez ere, etxetik aldegiten zuen, Abel lo sakonean harrapatzen zuenean; horretarako oso argia baitzen neskatila. Abelen arrebari gauez paseatzea gustatzen zitzaion, eta, batez ere, hondartza aldean ibiltzea atsegin zuen. Batek baino gehiagok palazioko palmondo azpian eserita ikusia zuen aldizka.
Eta arazo guzti horien erdian Abel zegoen. Xamuelek askotan galdetzen zion Abeli bere familiako kideengatik, zeharka bazen ere eta beti elkarrizketak galdetzeko aukera aproposa ematen zion heinean. Hori bai, familiari buruz galdetzen zion bakoitzean kontu handiz ibiltzen zen, hanka non jarri bi alditan pentsatuz. Izan ere, errespetu handia zor zioten elkarri betidanik; agian horixe zen harreman arraro horren konexio puntua: elkarrenganako erakusten zuten errespetua. Denetaz hitz egin zezaketen eta edozer gauza esan zezaketen, baina beti errespetua galdu gabe. Eta begirune horren adierazle zen, besteak boste, elkarrekin zuka hitz egitearena; txikitatik elkar ezagutzen bazuten ere, inork ez zituen sekula beraen artean hikaz berba egiten entzungo. Hainbesteraino iristen zen bien arteko errespetua.
Dena den, Xamuelek Abelen familiaren gorabeheratan sartzeko abagadunea izaten zuenean, Abel beti oso lasai aritzen zen. Erantzun iheskorrak ematen zizkion Xamueli, eta berehala beste gai batera pasatzen zen, besterik gabe. Are gehiago, askotan mesprezuzko puntu batekin ere hitz egiten zuen bere gurasoez, maiteko ez balitu bezala.
Eta Xamuel ondorio horretara iritsi zen udazken bateko arrats batean, barrako puntako faroaren azpian eserita zeudela biak. Haizeak iparretik jotzen zuen gogoz, baina gustura hartzen zuten haize fin hori beren aurpegietan, udak utzitako beroa oraindik nabaria baitzen artean. Beren begien aurrean itsaso zabala zuten bare-bare, eta eguneko azken eguzki printzek ezkutatzeari uko egin nahi ziotela zirudien, denboraren aurkako borroka utopiko batean. Barra erraldoi hura jarri zuten arte, benetan paraje bukolikoa gertatzen zen barra txikiaren foro azpitik gozatu zitekeena.
Ba, arrats hartan konturatu zen Xamuel Abeli bost axola zitzaizkiola bere gurasoak, eta baita ere ezin izango ziola inoiz bere arrebaren konturik atera ahotik; Xamuelek bazekien Abelek arreba maite zuela, baina bazekien, baita ere, ez zuela inoiz onartuko hori horrela zenik, eta horixe zen egun hartan deskubritu zuena. Hala ere, Xamuelek ez zuen gogoratzen arrats hori deskubrimendu harengatik; ez, behintzat, horregatik bakarrik. Izan ere, arrats hartan Xamuelek bere bizitzako esperientzia politenetako bat bizi izan zuen. Ia beti bezala, Xamuel bera zen hitz egiten ari zena:
—Pinochetena izugarria iruditzen zait. Eta ezin dut sinetsi nola oraindik bere aldeko jendea egon litekeen, egin dituenak egin dituela jakinda.
Abeli, beti bezala, aspergarria iruditzen zitzaion kasu hori ere; gainera, egunkari eta telebistan ez zegoen beste gertakizunik, eta horrek amorru bizian jartzen zuen: Pinachet gora eta behera. Baina erantzun bat eman beharrean aurkitzen zen, Xamueli bere teoria berriren bat azaltzeko aukera ematearren, sikiera:
—Ba, dena ez delako beltza edo txuria, Xamuel. Denek zu bezala pentsatuko balute, mundu honetan ez legoke saltsarik. Ez al zenuen zuk zeuk esaten, bada, aurreko batean, pluraltasun ideologikoa gizakiaren aberastasun intelektualaren sinboloa zela? Eta ez al zenuen esaten pluraltasun idelogikorik ez balego, gizakia oraindik kobazuloetan bizitzen egongo zela, eta horregatik ezinbestekoa zela munduan iritzi anitz egotea gizakiaren garapenerako?
—Barkaidazu, Abel, baina kasu honetan kolore bakar batentzat dago lekua. Ezin da onartu besterik. Argi baitago Pinochet faxista hori hilketa, tortura, genozidio eta beste hainbat basakeriaren erantzule dela. Errudun bat egon behar du, eta hori Pinochet da, ezpairik gabe; bere gobernupean gauzatu baitziren delitu krudel eta mesprezagarri guzti horiek. Eta zerri horrek larrutik ordaindu beharko du urteetan zehar sortutako min guztia.
Xamuel harro sentitzen zen bere esaldietaz. Beteta zegoen. Segurtasun osoz mintzatu zen, arrazoia zuela zalantzan jarri gabe. Berak zioen guztia egia zela uste izaten zuen.
Abeli, berriz, ez zitzaion batere gustatzen jendea horrela mintzatzea. Higuina sortarazten zion norbaitek mesprezuz hitz egitea beste norbaitetaz, beste norbait hori munduko gizakirik gaiztoena eta zerriena izanda ere. Gainera, Xamuelek esandakoak are eta nazka gehiago ematen zion, esan zuena hain konbentzionala izateagatik. Iritzi konbentzionalak gorroto zituen, eta Xamuelek gertakizun horrekiko azaldu zuen ikuspegia erabat konbentzionala iruditu zitzaion Abeli. Dena den, gorroto hori ez zen isladatu bere hitzetan, baina ezin izan zuen ekidin ironia apur bat.
—Bai, noski, teleberri eta egunkari guztiek diotena. Errazena kondenatzea baita, barkamena eman beharrean. Justizia egingo al da, ba, 80 urte baino gehiagoko agure zahar eta gaixo bat kartzelaratzean? Ba, hori justizia bada, nik ez dut justizian sinesten. Nahiago dut mendekua; mendekua, gutxienez, benetazko zerbait da, gizakiaren barruko grin ezkutuen adierazpena. Baina ez justizia, botereak sortutako hitz potolo hori, hiritarren segurtasuna eta eskubideak babesteko sortua. Justizia gezur handi bat da: itxura asko, baina edukin gutxi; justizia asmakizun hutsa da. Mendekua, berriz, betidanik esistitu izan den instinto bat da, gizakia gizaki denetik; jatea edo larrutan egitea bezala, mendekua ere gizakiak asetzeko beharra sentitzen duen instinto irrazional bat da. Jendeak mendekua bilatu nahi duela esango balu, orduan ulertuko nuke Pinochetekin egiten ari direna; baina ez ditzatela beren buruak engainatu justizia nahi dutela esanez. Benetan bilatzen ari direna mendekua baita. Mendekua ez da izango, agian, pertsonaren duintasuna eta borondote onaren adierazle edo ikur egokiena, baina justizia ere ez. Borondote onaren adierazle garbiena barkamena da, baina munduko putakume handienari barkatzea erronka latza da gizartearentzat gaur egun; erronka larregia. Ez daukagu barkamena emateko gaitasunik, gaitasuna izateko aurretik nahia eduki behar dugulako, eta barkatzeko nahia edo borondotea urria da garai hauetan. Jesukristorengan sinesten duen hainbat eta hainbat Pinocheten exekuzioaren zain egongo dela ziur nago, eta horiexei esango nieke nik ea zergatik ez duten Itun Berria ondo interpretatzen kasu honetan. Baina ez: kasu honetarako ez dira kontuan hartzen Itun Berriaren mezuak; ez dakigu beste masaila jartzen, ez dakigu barkatzen, eta horrek Pinocheten maila berean ezartzen gaitu. Ez gara bera baino hobeak.
Abelek iritzi konbentzionalak gorroto zituen bezala, Xamuelek iritzi alternatiboak gorroto zituen. Abelek gutxitan hitz egiten zuen, eta hitz egiten zuenean, gehienetan ikuspegi erradikalak azaltzeko izaten zen. Xamuelek uste zuen Abelek ez zuela benetako sinesmenik azaltzen zituen ideia iraultzaile horietan; atentzioa deitzeagatik bakarcik minizatzen zela modu subertsibo horretan, alegia. Xamuel haserre zegoen, eta Abelen jokaera faltsu hori agerian utzi nahi zuen. Guzti hori aurpegiratzeko prest zegoela, ordea, Abelek jarraitu egin zuen, lehentxeago zerbait esatea ahaztu balitzaio bezala:
—Hala ere, tiro batez kolpatu eta beste mundura bidaltzen badute ere, niri hor konpon. Pinochet oso urruti geratzen zaigu, orain horretaz arduratren hasteko. Badaukagu hemen ere nahiko arazo, bakoitzak berearekin. Guzti honetaz ateratzen dudan ondorio garbi bakarra zera da: Giza- eskubideen deklarazio unibertsalaren 50. urteurrena ospatzeko propaganda aproposa eskaini duela dohainik Pinochetek. Hori, behintzat, eskertu beharko genioke.
Xamuelen asmo guztiak bertan behera erori ziren. Abelek erabateko buelta eman zion bere ekitaldiari, beregan hain ohizkoa zen indiferentzia hori erabiliz. Azkenean, zerbaiten edo norbaiten aldeko joera hartu zuela bazirudienean, esaldi batekin hankaz gora uzten zituen aurretik esaniko guztiak, ezertan sinetsiko ez balu bezala. Ez zitzaion inporta bat ala bestea izatea; beltza ala txuria, edo beste edozein kolore izatea.
Eztabaida bukatutzat jo zuen Abelek ironiaz kargaturiko azken esaldi horrekin, eta tentsioz beteriko ixilunea nagusitu zen orduan barrako foro azpian. Baina Xamuel ez zen gustura geratu; haserre zegoen oraindik, eta bere zeta hori askatu beharra zuen. Nola edo hala lasaitu egin behar zuen. Beretzat oraindik ez zen bukatu eztabaida; urrutirago iritsi nahi zuen, eta Abelek ate bat itxi bazion ere, berak beste bat irekiz jarraituko zuen. Momentu huraxe aprobetxatuko zuen elkarrizketa bere baratzera eramateko, parada egokia zuen eta horretarako. Oraingo honetan ez zitzaion inporta bere asmoak agerian uztea, benetan haserre zegoen eta; oraingo honetan ez zion erreparatuko Abelenganako errespetua mantentzeari, beti bezala, eta zuzenean erasotuko zion. Intentzio txarrez jantziriko galdera batekin moztu zuen Xamuelek foro azpiko ixilunea:
—Ondo da. Zuretzat dena urruti geratzen dela dirudienez, hitz egin dezagun gerturago geratzen zaizun zerbaitetaz... Ea... Zer moduz dabil zure arreba? Ez dut aspaldian ikusi eta... zuk ere ez duzu jadanik kalera ateratzen, ezta?
Abelen aurpegian ez zen sorpresa izpirik somatzen. Sorpresa baino gehiago, arrenkurazko begirada latz bat azaldu beharko zen bere espresioan, Xamuelen aipamena oso krudela izan baitzen. Abelek ondo zekien zergatik egin zion galdera hori
Xamuelek; baina, hala ere, ez zuen haserrerik erakutsi bere erantzunean:
—Egia da, bai. Azken bolada honetan ez du etxetik irten ere egin nahi.
Xamuelek sekulako aukera zuen. Bazekien esatera zihoana ez zegoela batere ondo, baina Abelen bihotzera iritsi nabi zuen, eta bere lematariko bat honako hauxe zen: Helburua ona bada, bidearen nolakoak ez dio axola. Horrela, bada, bere lagunik onena galtzeko arriskua hartu zuen bere gain:
—Egia esan, guztiz normala eta logikoa iruditzen zait; batez ere, kontuan izanik abuztuko gau hartan mutil horiekin gertatu zitzaiona.—Xamueli jarraitzeko zalantzak sortu zitzaizkion orduan, ondotxo baitzekien egitera zihoana egin zitekeen gauzarik itxusiena zela; baina, azkenean, aurrera joatea erabaki zuen. Jada ez zegoen atzera botatzerik. Eta benetan haserre zegoen Abelen izaera zen bezalakoa izateagatik.— Palazioko palmondoan bortxatu zuten putakume horietaz ari naiz. Herriko jendea behar zuen izan, herriko jendeak soilik daki-eta zure arreba sarritan ibiltzen dela gauez, bakarrik, paraje horietan. Horrelako esperientzia jasangaitz baten ondoren, guztiz ulerkorra da inor ikusi nahi ez izatea. Benetan zaila gertatu behar zaio orain jendeaz fidatzea. Gainera, jakin ere ez dakigu zenbateko mina eta kaltea eragingo ote zuen pasadizu horrek zure arrebaren senean; bere egoera mentalagatik, diotsut.
Beste ixilune bat. Giroa benetan kargaturik zegoen. Esanarekin batera, Xamuel jadanik damutzen hasia zen. Esan berri zuenaren krudelkeriaz jabetzen hasi zen. Hori ez zitzaion lagun bati egiten. Bere buruak higuina ematen zion. Asaldatzen zenean, gauzak bi aldiz pentsatu gabe botatzen zituen, bera oso espresiboa eta sentibera izaki. Eta gauzak bitan pentsatu gabe esaten zirenean, batzutan hanka sartzen zen. Eta, zalantza izpirik gabe, oraingo honetan horixe gertatu zen: hanka sartu zuen. Kabroi bat zela pentsatu zuen bere barrurako.
Baina inpresio hori ilusio batekin nahasi zitzaion segituan, Abelen aurpegia aldatu egin zela konturatu zenean. Harrapatu diat, esan zion bere buruari. Eta egia zen: Abelen aurpegia zeharo eraldatu zen. Bere begirada ez zen berdina; ez zen besteetan bezalakoa. Xamuelek Abelen begiek modu berezi batean dizdira egiten zutela ikusi zuen; haserrearen poderioz, negar egitera zihoala iruditu zitzaion. Lehertzear zegoen. Azkenean, Abelen ahulezia non zegoen aurkitu zuen! Baina Abelen erantzuna sinesgaitza izan zen, orduan:
—Bai, motel. Ez dakigu nola hartuko zuen bortxaketaren istorio hura. Edozein modutan eragin ziezaiokeen. —Eta orduan Abelek Xamuelek inolaz espero ez zezakeena gaineratu zuen—. -Pentsa ezazu gustatu izan balitzaio. Orain herriko mutil guztien atzetik ibiliko litzateke kuleroak airean dituela.
Eta hori esatearekin batera, Abelek sekulako barre-algara bota zuen. Eta horren ondoren, beste ixilune bat jabetu zen faro azpiko egoeraz. Oraingo hau luzeagoa izan zen, baina tentsioa ez zen desagertu.
Xamuel txundituta zegoen. Minutu bat lebenago uste zuen Abelek urteetan zehar gordetako sekretua deskubritu zuela, baina usteak erdia ustel geratu zitzaizkion. Dena den, ez zuen pentsatzen bere saiaera hutsalean, baizik eta Abelen erreakzioan: bere arreba atzeratuaren bortxaketaren kontura txisteak eglnez!
Xamuel konturatu zen ez zuela batere ondo jokatu. Ez zen lehiala izan. Zer gertatuko litzateke, deskuidoan, Abel lehertu izan balitz? Xamuelek batzutan teoria ederrak ere ateratzen zituen, eta horien artean honako hau otu zitzaion dramaz beteriko momentu hartan: pertsona bat mintzera iristen bazara, orduan lortzen duzun gauza bakarra pertsona horrek gutxiago maitatzea da. Eta hori ez zuen Abelekin gertatzerik nahi. Beren arteko harremana pikutara botatzear egon zela sentitu zuen. Ziur zegoen Abeli min egin ziola bere hankasartzeak, baina Abelek maisutasun miresgarri batez gainditu zuen egoera. Xamuelek bazekien Abelek egoera jasanezin horretatik alde egiteko erabili zuela txistea, eta ez sentimendurik gabeko pertsona bat zelako. Gogortasun txalogarria erakutsi zuen Abelek ateraldi horrekin, eta Xamueli duhintasuna zer den erakutsi zion, lekzio ahaztezin bat emanez. Eta Xamuel guzti horretaz konturatu zen: Abelek bere arreba asko maite zuen, baina Xamuelekin ez haserretzeagatik gorroto guztia irentsi eta gizon batek bezala jokatu zuen. Barkatu egin zion Xamueli bere errakuntza larria. Besteen sentimenduekin jolastea errakuntza handia baita, eta Xamuel behin eta berriz aritu izan zen Abelen sentimenduekin jolasean.
Xamuelek bere buruaz nazka sentitzen zuen. Munduko izakirik gaiztoena eta maltzurrena zela sentitu zuen. Abelen begirunerik ez zuela merezi pentsatu zuen. Negar batean lehertu zen Abelen sorbaldan.
Eta, orduan, Abelek momentu horretan esan litekeen gauzarik politena esan zion Xamueli, goxo-goxo:
—Xamuel, baina ez al zara konturatzen zu eta ni elkarrekin egotera kondenatuta gaudela? Ezin gaitu ezerk banandu. Ez dago munduan bananduko gaituen ezer. Betirako lagunak izateko jaioak gara, destinoak horrela izatea nahi izan du eta. Eta alferrikakoa da destinocren nahien aurka borroka egitea.
Aurrerantzean, Xamuel udazkeneko arrats hartaz oroituko zen bakoitzean, eta sarritan oroituko zen, gauza bakarra botako zuen faltan: Abeli ere malkoak ez erori izana, berari bezala. Baina hori gehiegi eskatzea zen, Abel oso gogorra baitzen. Apurtezina. Zirrikiturik gabea. Hala ere, Xamuelek, oso erromantikoa izaki, beti imaginatzen zuen udazkeneko arrats hartan, barrako faro azpian eserita (artean paraje bukolikoa zenean), Abeli malko batek ihes egiten ziola begi batetik behera, ezpainen artean izkutatuz.
Xamuel ura bezalakoa zen, ahula eta hauskorra. Abel, berriz, harkaitza bezalakoa, sendoa eta apurtezina. Zeharo ezberdinak ziren biak, eta hainbat kontutan ez ziren ados jartzen. Xamuel eutanasiaren alde zegoen, eta Abel ez. Xamuel abortoaren alde zegoen, eta Abel aurka. Xamuelek bidaiak egitea eta jende eta kultura berriak ezagutzea zuen gustuko, baina Abelek ez. Xamuelek marxismoan sinesten zuen; Abel, berriz, ideologikoki ez zen inorekin identifikatzen, oso eszeptikoa zen. Batak pentsatzen zuena ez zuen pentsatzen basteak, eta alderantziz. Bien artean gatazka eta konfrontazica irteten zen garaile ia beti.
Xamuel zen Abelengana hurbiltzeko ahalegin gehien egiten zituena. Abel ez zen Xamuelen laguntasuna mantentzeaz gehiegi arduratzen. Xamuel zen bien arteko erlazioa bizirik mantentzen saiatzen zena. Baina Abelengana hurreratzeko borroka horretan, behin eta berriz maskor baten kontra jotzen zuten bere asmo on guztiek. Itsasoko ura harrotzen denean olatu bilakatzen den bezala, Xamuel ere olatu baten indarrarekin abiatzen zen Abelen bihotzera iristeko asmoz; baina Abel harkaitza zen, eta olatuak ezin du harkaitza lehertu. Olatua beti jausten da arroken kontra indar handiz; baina, azkenean, olatua bera izaten da apurtzen dena, harkaitzak zutik jarraitzen duelarik. Eta berdin gertatzen zen Xamuel eta Abelekin.
Dena den, nork imaginatu dezake itsasertzeko olatua menditik behera abailtzen diren arroketatik urrun? Nor ausartu liteke olatua eta harkaitza lagunak ez direla esatera? Nori otuko zaio etsaiak direla esatea?
Abel eta Xamuel. Biak elkarrekin zeudenean, gehienetan, ekaitza izango zen. Baina batzutan, ekaitza baretu egiten zen, eta orduan konturatzen ziren biak batak ezin zuela bestea gertu izan gabe bizi. Elkarren beharra zutela konturatzen ziren barealdietan. Udazkeneko arrats bero eta haizetsu hartan bezala, barrako foro azpian eserita zeudela, maitasunezko besarkada batean murgildurik.
