Lau ordu
Mikel Dorronsoro
Kanpandorreko ezkilak bat-batean iratzarri nau gustura nengoen lozorrotik. Bat, bi, hiru… Zortzigarren kanpai hotsarekin ohetik jauzi egin eta leihora igo naiz. Neguko arrastiri honek ere,kristalaren beste aldean dauden lore, karrika eta mundu guztia kolpatu eta bustitzen dituen euria darabilki. Inularrarekin batera, hotz jauna arrandiro dabil kaleetan; bestela,Txomin botikariak ez luke eramango gaur daraman berokia.Laster ditugu elurrak. Ohera begiratu eta hor dago Mari, barrea aurpegian; ez da esnatu; zertarako esnatu horrelako giroarekin? Ez du ezer handirik galtzen.
Etxeko ate pisutsuak horma oro dardarka jarri ditu; Beñat izango da. Atzo esan zuenez, Arbelbidetarren baserrira joatekoa zen; amona Bixenta, Mariren lagun minak, biriketako infekzio batek jota aste batzu zeramatzala ohean, eta bisita egin eta orain bueltatuko zen. Ni, berriro ohe gainean eseri, eta Mariren aurpegi zimurtuan, bere ametsa dezifratu nahian jarri naiz. Egurrezko zoluan, oin hotsek salatzen dute Beñat; zurubia igo eta hona dator.Txito txikia bezala blai zegoenez, sutondora hurbildu da; sendagaien poltsa lurrean laga, berokla eta txapela esegitokian zintzilikatu eta urdindutako adatsak lehortu ditu, ohe ondoan dagoen mahaitxoko argi-ontziak gorri kolorea ematen dion trapu batez; giroa eta gorputza berotzeko egur botzu bota sutara, eta, esku ahurrak igurtziz, ohe ingurura hurbildu da. Marirengana bentzitu eta bekokian muxu eman dio, egunero lez, esna zedin. Gaur,hala ere, ez ditu begiak zabaldu.
—Mari,Mari! —hots egin dio arduraturik; besotik helduz,astindu bat eman dio; Mari ez da mugitu.Alkandora mahukak ukalondora igo urduritasun larriz, esku ahurra lepoan ipini,baina ez dio pultsurik hartzen; burua sudur parera jaitsi, ea arnasa hartzen duen; arnas arrastoa ez du entzuten,ordea. Esku ezkerrak ez du bihotzaren musika sinple ta bizigarria entzun bular ahulean. Hatz lodiarekin eskuineko begia zabaldu dio; betseina handitua dauka; etsipenak jota, ohartu da bere nahigabeaz. Mari agortu, ahitu egin da. Eskua hartu, eta hasperenarekin bat, malkoak isurtzen hasi da begi lausotuetatik.Lur gainean, belauniko, burua emazte hilaren ondoan erortzen utzi du. Ez nuen Beñat sekula negarrez ikusi; bazuen berarekin bat zetorren tristura-goibeltasun arrasto hori, baina ez nuen sekula negarrez ikusi.
Denbora luzez, isiltasun burrunbatsua jabetu da logelaz, zakurraren zaunka bezain beldurgarria da isilune hori niretzat. Bakarrik eta babesik gabe sentitzen naiz. Mamu haize eta giro hori eteteko asmoz, aurreko ezkerreko zangoaz burugaina laztandu diot. Poliki-poliki jaso du burua, eta Mariren zain urdinez beteriko esku txuri azal mehea askatu gabe, eskuin esku zaharkitua pasa du nire buru-bizkar iletsutik. Begi gorri hezetuak zuzendu ditu niregana; barre behartuak, Marirekin bakarrik egon nahi duela azaldu dit. Ohe gaina utzi, eta tximini ondoko besaulkian etzan naiz. Mariren esku zaintsu bizigabea laztanduz, ohe ertzean eseri eta mintzoan hasi zaio:
—Poloniatik etorri zinen Parisera, zure orkestrarekin kontzertu batzuk eskaintzera eta han ikusi zintudan lehenbizikotz; zuk eta zure biolontxeloak horditu ninduzuen udazkeneko arrats hartan; biolontxeloa hanka artean zenuela, belaunbaru eta zangoak erakutsiz, hain lirain, hain gazte, hain single, eder bezain misteriotsu… Ikasketak burutzera eraman ninduen patuak Parisera. Amaren heriotzaren nahigabeak ere, Paris zuen ihesbide, eta zu aurkitu zintudan, itsaso nahasian baporeak faroa bezala. Asko eman didazu; baita kendu ere...
Begiradak Mari utzi eta leihora egin du. Euria, heriotzaz oharturik, bortitzago eraunsten du leihoko kristala; Beñat ez da konturatzen, ordea; begiak hor ditu iltzatuak, baina elkarrekin pasatako urteei ari da begira. Besaulkitik salto egitean atera dudan zaratak logelara ekarri du Beñat.
—Amaren heriotza upielako inarrosa izan zen niretzat. Ez nengoen prest aitarekin horrelako astindu bat jasotzeko eta aldegin egin nuen.Gero, zu azaldu zinen; bizitzan, heriotza eta patu gogaikarria baino kolore argi eta biziagoak zeudela erakutsi zenidan, eta elkarrekin topa genitzakeelakoan abiatu ginen. Urte haiek, amets gozoetan bezalakoak izan zirela ezin dezaket uka; baina biok bakarrik gozatzea gurekoia zela eta,bion maitasana irudikatuko zuenaren bila abiatu ginen zalantza barik. Luzaroko barealdiak ekaitza omen dakar berarekin... Haurrak zuen etortzeko gura, itxuraz, gurea baino handiagoa zen. Seigarren hilabetean harrapatu zintuen bakarrik, gaur bezala.
Urduritasuna eta ezintasuna somatzen zaizkio Beñati.Tximiniko egurren txinparta hori-urdin-gorriei so eginez ari da hizketan, egoera hura dakusan arren.
—Iritsi nintzenean, zure oihuak entzuten nituen ataritik eta sukaldera eraman ninduten; han zinen, Mari,sofritzen, zolu gorrituan etzana, bizia ematen, bizi berri bat ekartzeko. Ez zen nahikoa izan jasandakoa, eta nik, berriro ere, bakarrik utzi zintudan...Egundaino ez dugu horri buruz hitzik egin, baina bagenekien handik aurrera gauzak ez zirela ordurarte bezala izango. Sekula ez zenidan leporatu oinaze hartan bakarrik utzi izana. Biok badakigu zerbait gehiago egin nezakeela, aitzitik; zure haurdunaldia zela eta kontsulta edo bisitak ekidin nitzakeen, erantzukizuna hartu etxeko lanetan edota zerbitzari bat ekarri... Baina ez. Zenbat ume ekarri ditut mundura? Eta nirea? Ez dut inongo barkamenik, nahiz eta zuk barkatu.
Barru guztia hustu dion zinguriarekin,negar batean lehertu da. Bihotzeko zaztadak sortzen dizkion malkoak,ohatzeko izara zurira jauzi dira. Sua, astiro-astiro ahitzen doa; jada ez du berotzen lehen bezala; ohe gainean, burusi artean goxoago egongo naizelakoan, Mariren alboan etzan naiz. Beñat berriz, ohea utzi eta leihora joan da.Lurrundutako kristala ezker eskuaz garbitu, eta kalera jarri da begira. Hormaren kontra sustengatu du eskuin sorbalda, eskuak poltsikotan sartu dituelarik; burua ezker-eskubi hasi da, norbaiti, edo bere buruari, ezezka ariko balitz lez. Beñat dema gogorrean aurkitzen dela esan dezaket; zerbaitek ziurtasunez esaten dit hala dela, eta zerbait hori ez dabil inoiz oker.
—Ez pentsa handik aurrera izan zenituen amorante eta ohe kontuen berri izan ez nuenik; gainera, ez dakit nola egiten zenuen, ez dakit nondik atera zenuen errezeta, baina hain eder eta gazte mantentzen zinen; urteek ez zuten zuretzat misteriorik. Aurrekoari helduz, badakit istoritxo haien zergatia, baina orain ez zait bidezkoa iruditzen une haiek berritzea. Dena dela, jakin ezazu Pierre luremailearekin mandioan izan zenituen abenturen berri izan nuela, edota Txomin botikari txatxuarekin izandakoa, botika atzeko gelan. Zure infideltasunak aitatzearekin, ez da nire asmoa, nireen berri argitzea, ez baitira inoiz izan. Hauek aipatzearen zioa, eta hona iritsi nabi nuen, ulertzen nizula esatea besterik ez zen; urteen eraginkortasun trebearekin, elkarren arteko lera, urritzen joan zen; eta ez orkestrako piano jole harena bezala.Hura ere, zurekin ez balitz ez nuke ezagutuko. Musika piezak eskaintzen zituen, keinuei lehentasuna ematen zielarik. Gero, ordea, musika piezak ez zetozen bat keinuekin, eta musika utzi eta keinu kontzertuak ematen hasi zen; kontzertu haiek zoragarriak ziren, behin elkarrekin ikusi eta gozatu genuen bezala; bere dohai onena erakusten zuelarik: musikarekiko lera. Guri indargetzen joan zitzaigun berbera, berak soberan zuen. Pasioa. Gurea, ordea, hustu egin zen.
Buelta eman, sutondora hurreratu eta logelan geratzen den azken egur sorta bota du sutara. Ez dakit zergatik, baina bestetan baino denbora geihago behar izan du suak indartzeko. Onartu,oraindik ez, baina hausnartzen ari da Mari joan egin zaiola betirako. Egurrak suaren erdian kokatu ditu azken ezpalarekin, gero ezpal hori ere botaz; ohe aurreraino etorri, eta gerri parera heltzen zaizkion zutabetxoak heldu ditu, ohea hormaren kontra bultzatzen duenaren gisan.
—Hau da etsipena nirea. Sarritan itaundu izan nizun ea zer egingo zenuen ni hiltzean, horrela kausituko zela ziur bainintzen. Zuk, barre goxo-maltzur batekin erantzuten zenidan; orain, ni naiz bakarrik geratu dena, eta barre egiteko gogoa, berriz, joan egin zait, zu bezala. Noizbait irakurri nuen bizitza, buruaren bidez, komedia hutsa zela, eta bihotzaren bidez,berriz, tragedia hutsa; nik beste bat erantsiko nioke; bizitza zu gabe, Mari, hutsa da. Bizitza puta honetan aurrera begirarazten ninduena, zu zinen; orain, ordea, ez zara hemen…
Besaulkira abiatu da, esertzeko asmoz. Esertzera dihoala, tximini gaineko zurezko gurutzea ikusi du. Besaulkia bertaratu, igo eta gurutzea eskegi du paretatik; jaitsi eta sutara bota du bortizki. Guregana itzuli da.
—Zergatik egin dudan galdetuko zenidan. Fedea eduki behar zela zenion maiz. Begira zer egin dizun fedea eta miresmena eskaini zenizkion horrek, baldin bada. Entzun, Mari; Jainkoari eman diezaiokegun gauza bakarra barkamena da; barkamena bere existentzia ezagatik. Gainera, egurrezkoa zen.
Sutondora hurreratu eta eseri egin da. Ni, aharrausika hasi naiz, eta lo kuluxka-txo bat egitea erabaki dut. Karrikan gora noa eta Jeanen denda aurrean esne botila mordoa daude eta egarri naiz. Mahaitxoko kaxoi hotsak esnatu nau; orri bat eta axota bat atera ditu Beñatek bertatik; besaulkira joan,honi buelta eman argi gehiago izateko eta izkiriatzeari ekin dio. Ohetik jaitsi eta besaulkiaren gibeletik gora igo naiz. Axota bizkor dabilki; irakurzen jakingo banu, sikera. Bukatu duela dirudi; jada ez du idazten eta irakurtzen ari da. Emazte hilari so egin eta leitzen hasi zaio.
—Zure bizitzaren unetxo bat eman zenidan. Joanak joan, etorriak etorri, gure bizitzako une hartan, izandaho taupadetan, maite ninduzulakoan nago. Ez omen da desiratzen ezagutzen ez dena; ez nago prest zu ez zauden mundu batean egoteko. Bost axola nireaz beste egiteak; nireaz beste, defentsa propioan, kasu honetan bezala. Iluntasun beltzaren ondoren, egunsentia omen. Naturaren legea, beti lez,beteko delakoan.
Orri idatzia besaulki gainean utzi du. Sendagaien esku poltsa ireki, eta kristalezko botila txiki bat atera du; ez da gauero hartzen duena, botilatxo hark paper urdina bait du itsatsia; honek, berriz, papertxo gorria dauka. Ohe ertzera etorri, biluztu eta ohean sartu da. Ohe gainera igo, eta bikote etzanaren hanka artean etzan naiz. Oheko bizkarraren kontra, eserita jarri da Beñat; buru-bizkarretan laz-tan goxo bat eman eta, hortzak erakutsi gabe, benetako barrea oparitu dit.
—Batzutan xuxur, bestetan lari, gaur xuxurlari. Agur katutxo.
Mari begiratu du,bere adats zuri-urdinduak eskuarekin orraztuz, muxu txiki bat eman ezpain lehortuetan, eta botilari tragoa eman dio, mahaitxoan utziz. Putz egin, eta argi-ontzia itzali du. Kanpai hotsak; bat, bi, hiru… Hamabiak dira.
