Oriora.com

Bi egongela

Ińigo Fernandez

Eta desordena handitzeko, gauza bakoitzaren gainean, sakabanatuta, mundu modernoaren gauza desordenatuenak: egunkariak eta egunkariak.

G. K. Chesterton.

Eztabaida beroan ez erretzearren, elkar musukatzcari ekin zioten. Telebista itzali eta ohera jo zuten, egongela nahaste-borraste hartan utziz. Aldizkari, denbora-pasa eta egunkari guztiak nahas-mahas barreiaturik zeuden lurrean, lehentxeago bikotea elkarri egunkari tiraka ibili izan balitz bezala. Isiltasuna lipar motzerako jabetu zen egongelaz.

—Ken hadi gainetik azkar! —hautsi zuen isiltasuna Euskadi Información-ek.

—Niri hika egitea ere! —erantzun zion Diario Yasco-k azalean zituen telesdurak lisatuz— ederra arrunkeria gero!

—Euskaraz ere badaki eta, alajaina! —Ironia nabarmenarekin jarraitu zuen: —mesedez, kenduko al zara nire gainetik egunkari txit lodia; gehiegi pisatzen duzu niretzat.

—Ez da nire zama zu mintzen zaituena. Nire orri anitzen kalitatea dela-eta zande jeloskor; horrek egiten dizu min, inbidiak, eta ez beste ezerk.

—Jeloskorra, ni? Ni esku zorrotzagotan erortzen naiz goizero, eta, gainera, zein kalitatetaz ari zara? Orain ehun urte janzten zenuen bera daramazu soinean. Zaharkiturik zaude!

—Urrea barrendik doa, adiskide, ez zaitez urrea daraman zakuaren azalari begira geratu. Okerragoa da zu bezalakoena, emakume zatarrenen modura itsusikeria makilajearekin estali beharra. Eskaintzen duzun edukinen txirotasuna diseinuaz mozorrotu eta zure balioa hanpatzen saiatzen zara…

Katu baten miaua entzun zen kalean eta Diario Vasco, hitz egiterakoan oso bereak dituen keinuak geldituta, isildu egin zen. Euskadi Información, ausartagoa dela frogatzeko, egongelako mahaitxoaren hanketako batean bizkarra berrnatuz, lurrean eseri zen, egiten ari zen paper soinuek ikaratzen ez zutelako keinuarekin. Orduan, Diario Vasco eskuinaldean eseri zitzaion, besaulkipean.

—Euskadi Inforrnación, ez zaitez haserretu.

—Nik Egin izena dut, errespetu bat —moztu zion.

—Beno, bai, ez zara orain betikoarekin hasiko. Ez zintudan mindu nahi; itxura baino, edukia garrantzitsuagoa dela adierazi nahi nuen. Zu argalegia zara aukeran, baina atalak ondo zainduak dituzu. Esate baterako, kiroletan…

—Aizu, —haria moztu zion berriz— ez zaitez orain ni lausengatzen hasi. Hori da hori, zure akatsik handiena, txintxoegia zara, ofizialistegia, eta esan beharrik ez dago egunkari onenak kritikoak izan behar dutela, boterearentzat muga bat… —Euskadi Informaciónek atsegin hartu zuen defentsatik erasora igo zelako.

—Horrek galtzen zaitu, gazte; gizon egiten zarenean hitz egingo dugu berriz. Ikusi, zure beti aurka joan behar horrek askotan irteerarik gabeko kalezulotara eramaten zaitu eta, gainera, onartu behar duzu gauzak ez daudela horren gaizki jada.

—Konformistegia zara; errealitatearen alde batzutaz ez duzu ohartu nahi. Zure jabeek nahi dutena bakarrik ikusten duzu.

Diario Vasco, aurreko patxada galduta, estutzen hasi zen. Hala ere, arnasa sakon hartu eta, bere heldutasuna erakusteko, lasaitasuna eskatu zuen.

—Goazen pixka bat baretzera, bai? —esan zion gorbata tinkatuz—. Ni ez naiz inoren morroi, nire sinesmenen morroi ez bada behintzat. Bestalde, hankak lurrean izan behar direla uste dut.

—Idealistatzat jotzen al nauzu? —eta gazteek ohi duten indarraz erantsi zuen: —Zergatik? diru freskora edota politikarien balaku eta faboreetara makurtu beharrean, gizarte zuzenago baten alde ko jokatzeagatik?

—Baina, baina, Eusk... Egin, —erabat artega, bere onetik irtenda— nork esan dizu zuri gizarte demokratikoago bat nahi ez dugunik?

—Demokratikoagoa, —nazka aurpegiz eta silaba bakoitza azpimarratuz.

—Noiz irakurri duzu horrelakorik nire orrietan?

—Demokrazia hitza gehiegi erabiltzen duzu, errepikapenaren errepikapenaz demokrazia batean bizi garela sinestarazi nahi izango baginduzu bezala.

—Egin, onartu ezazu trantsizio garaitik hona asko aurreratu dela.

—Benetako trantsizioa iristear dago; oraintxe etorriko da, gainera… —Oraingoan bai pentsatu zuen berekiko, eta amets batetik esnatu izan balitz bezala erantsi zuen: —Zuk trantsizioa deitzen duzuneko hartan baten pastela lauzpabosten artean banatu zenuten eta…

—Et! Et! Et! Nik ez zaitut iraindu, —ihardetsi zuen zenuten hura zela medio.

—Beharbada, horrela izango da, baina zaila egiten zait konplizea denarekin solasaldia mantentzea.

Armairuko apal batetik oso baldarrak eta nagiak diren entziklopediaren liburukietako batek, mesedez, tonua jaisteko eta bakean lo egiten uzteko eskatu zien gazteleraz. Hiztegiak ere, beti bezala, loak hartuak zituen. Denbora-pasak eta Karkara erdian zeuden, ezkerraldean Euskadi Información zegoen, eta Diario Vasco eskuinaldean.

—Egin al diezazuket galdera bat? —ordurako lasai Euskadi Información.

—Jakina, bota ezazu, adiskide, —erantzun zion Diario Vascok adeitasunez.

—Zergatik daramazu lepoko edo gorbata gorri hori?

Diario V ascok solas lagunaren eztabaidarako grina igarrita eta hark gero esan behar ziona aurreikusiz, zera esan zion ironikoki:

—Badakizu, goizero zezen-plazan izaten naiz eta hango odol zorrotadatxo bat…

—Kabroia —esan zuen barrez Euskadi Informaciónek, eta biak algaraka hasi ziren—. Ez, orain serioski. Zu elizgizona zara, tradizionalista, monarkikoa… Nola hartu dezakezu amasa? —berriz barre egin zuten biek—. Zure kontraesanen bat agerian utzi nahiko nizuke. Esate baterako, abortua hilketa delako gaitzesten duzue, eta gero zuen elizak heriotza-zigorra onartzen du Estatu Batuetan.

Diario Vascok harridura keinurik azaldu gabe jarraitzen zituen hitzak.

—Eta gero, gaınera, eutanasiaren aurkakoak, sufrimendua luzatzcaren aldekoak zarete.

—Azkarra, argia zara oso, eta ziur erantzunak nik baino hobeto ezagutzen dituzula. Hala ere, utzidazu horrela erantzuten: zuek ekologistak, berdeak, naturaren aldekoak izanda, nola liteke eutanasia eta abortua bezalako neurri artifizialen defendatzaileak izatea?

Elkarrizketan eroso, luze jardun zuten. Zuen errebeldia ez al zuen Jainkoak ekarri? Zuen dogmak inposatzea ez al da zuen apaltasunaren aurkakoa? Zuen ortodoxia ez al da kontraesan garbiena?

Egunkariek berriketan egin zuten gau osoa, eta berdin jerraituko zuketen harik eta goizaldean, komun aldetik zetorren soinua entzun ez balute. Isiltzeko keinua egin zioten elkarri. Eguna argitzen hasia zen, eta bazekiten denbora gehiegi ez zutela. Tximinia ikusia zuten eta biak beldur ziren hura ez ote zen euren infernua izango. Euskadi Informaciónek ez zuen gelditzen zitzaion bizitza apurra heriotzaren beldurrez alferrik galdu nahi, eta azken unerarte, etxeko nagusiak egongela txukuntzera azaldu arte, hizketan jarraitzea erabaki zuen:

—Ezberdintasun nagusia guk ideiak eraberritzen ditugula da; sinesmenak berritu, birziklatu egiten ditugula. Zuen ideiak denborak erretzen dítu, eta noizbait errauts bilakatuko dira. Guk, bitartean, gure ideiak defendituko ditugu zure lagunen aurrean, eta erreko dizkidate orriak, erreko dizkidate hitzak, baina nire ametsek iraunen dute zutik… —Bat-batean isildu eta hildakoen itxurak egin zituzten, egongelara pausoak zetozela sumatu baitzuten.

Etxeko emakumeak musika jarri zuen, egongela egunsentiarekin ezezik, musika doinuekin ere argitu zedin; geroago, egoogela txukuntzeari lotu zitzaion.

Aldizkari eta denbora-pasak txukun jartzearekin batera, bi egunkariak jaso zituen. Metxeroa hartu, tximiniaren atetxoa ireki eta Diario Vascoren orri batekin sua piztu zuen. Ondoren, balkoira atera eta birziklatzeko zeuden boste paperekin jarri zuen Euskadi Información.

Irakurleren batek esango du: Jakina, ideologia kontua da; berea zen Euskadi Información. eta horre gatik bota du emakumeak Di ario Vasco infernura. Intolerantzia dago hor. Tximinia daukan irakurle jakitunak, berriz, Diario Vascok hobe hartzen duela su, eta arrazoi praktiko horretaz kanpo, besterik ez dagoela ziurtatuko du. Irakurle onena, aldiz, nik ipuina bukatu zain dago, emaitza epaitzeko seguru asko. Eta Urliak hitz gutxiago eta ekintza gehiago nahi ditu. Amaitu dezagun, bada, ipuin hau.

Oraindik ohean zetzan gizona jaiki, tximini aurrera joan eta emakumeari horrela mintzatu zitzaion:

—Maitea, zergatik ez diozu bizitza barkatzen Diario Vascori? Atzo telebista zela-eta hasi ginen eztabaidan, baina ez duzu telebista tximinira bota.

Emakumeak, beti bezala eztabaidan eror ez zitezen, Telebista oparitu ezazu gaur bertan esan, balkoiko kaxatik Euskadi Información guztiak hartu eta sutara bota zituen. Gero, telebista hartu, balkoira eraman, eta birziklatzeko zeuden beste paperen gainera bota zuen. Egongelara itzuli, telebista zegoeneko lekura begira zeuden besaulkiak tximini begira jarri eta gizona gerritik heldu zuen.

Aurreko gauean elkarri ideiak tiraka aritu zireneko lekuan egon arren, beste egongela batean zeuden jada. Eguneko lehen printzek, musikak eta tximiniko suak ezohiko bakea piztu zuten goiz hartan. Bikoteak tximiniari so egiten zion, suarekin hiruki bitxia marraztuz.