Oriora.com

Ur beltzak

Iñigo Fernandez

Muy pronto la noche viene,
Mas sin razón
Para aquel que solo tiene
Que contar su corazón.

Cae del cielo ceniciento
Lluvia sin razón de ser.
Hasta por mi pensamiento
Siento a la lluvia caer.

FERNANDO PESSOA

Autobusez etxeruntz itzultzen
liburuan barrena bidaiatzen irakurlea.
Nonahiruntz doela ere
iluntasunak jarraitzen du,
begiak txikitu arte eusten daki
hala ere, ilunabarrak harrapatu du
ia oharkabean, paragrafo baten erdian
gure irakurleak ez dauka argirik
bidaia berpizteko argi-indarrik,
iluntzen ari den autobusean.

Liburua itxita
leihotik begira jertzen da
haria galduta
tristura apur batez gaztea.

Iluntzearekin batera
euria hasi da
edo alderantziz,
gaua euri-tantekin batera erortzen
gaua euri-anpuluei esker gauzatzen,
ari da, ari da;
tanta bakoitzak gau puskatxo bat dakar
tanta bakoitzak ur beltza dakar.

Gaua euritan ari da
dama beltz bat negarrez bezala,
eta gaztea jada
bere altzoan dago.
Gaua hitsa izango da
dama beltz bat negarrez bezala,
mundua tanta tanta
goibelez bustita baitago.

Autobuseko eserlekura paisaia kateak datoz
trenez aurkako zentzuan joango balira bezala.
Paisaiak, ur beltzekoak, zoragarriak,
leiho laukiaren bestaldetik
argazkiak bailiran irakurtzen ditu gazteak.
Marko bitxi horretanpaisaiek
aintzinekoak ematen dute, urrutiagokoak,
eta malenkoniaz bustitzen dute irakurlea.

Gaua egin da erabat
kanpoa ilun dago, eta
gazteak bere aurpegia dakusa
leiho ispilu bihurtuan.
Bestaldeko bere begiei ura dariela ohartzean
laguntzat daraman liburura doazkio eskuak,
nahiz eta ilunpetan izan
ezin irakurri ahalez izan,
gazteak liburua ireki eta bertan galtzen
ditu begiak eta gogoa,
paperezko bi paretatxoen artean
burua sarturik,
ostroka bailitzan,
mundutik kanpo
arriskutik kanpo,
sentituz irakurlea.