Errebelde baten egunkaria
Iñaki Gurrutxaga
07:28. Barajasko aeroportua
—Nire aurrealdeko, ezkerraldeko eta eskuinaldeko eserlekuak lehenengo A klasekoak dira; nire atzealdekoak lehenengo B klasekoak. Zuen eserlekuen aurrean duzuen jaka laranja salbabidasa da, ez erabili beharrezkoa ez baldin bada. Ezer nahi baduzue, zuengandik hurbilen dagoen azafatari eska iezaiozue. Mila esker eta bidaia on.
Ez dakit zergatik, hegaldi guztietan, azalpenak ematen dituen azafatak sudurrarekin soilik dakien hitz egiten. Ai, Isabel! politikariaren bizitza gogorra dun, ulertzeko zaila, baina aurre egin behar zaion. Animo neska! Badakin, dena ondo zoan eta hi ere bai. Pro eta kontra asko ditun bizitzan pasa beharrekoak. Txarretik pixka bat ez dun gaizki etortzen, espabilatzeko. Gainera, noizean behin gaur bezalako txango politak tokatzen ditun. Costa Vasca, nirea haiz!
—Barkatu, Isabel anderea, baina ez dakit non eseri beharko dugun.
Kontra gehiegi bata bestearen atzetik, aukeran. Hara zer jendilajea munduan zehar solte dabilena. Bizkarzainak ere gero eta leloagoak ditun; Pepe, horren adibide. Hau dun hau miseria, Isabel! Konpainiaz aldatu beharko dinagu.
—Eta zergatik ez gara esertzen nahi dugun lekuan, eta kito? Besteek bezainbeste eskubide izango dugu, bada, guk nahi dugun lekuan jartzeko?
—Baina hori ez da posible, andrea. Pentsatzeko luxua baimendu diot nire burnari eta hara zer konklusiotara iritsi naizen: aurrealdean ezin dugu eseri, gu kontserbadoreak gara, eta ezin dugu aurrera jo, hori progresisten lana baita; ezkerraldean esertzea ausartegia litzateke, komunistekin lotu gaitzakete; eta eskuinaldean… orain aste batzuk bai, agian. Baina gogoratu, anderea, orain erdikoak garela, de centro. Beraz, ez zaigu pasilloan eserita joatea beste biderik geratzen.
Pazientzia handia behar din ministra batek. Hau dun demonio kaikua hau! Eta, geinera, irribarrea atera zaion bere tesi doktorala azaldu didanean; harro, mutila! Zaplastekorik ez, Ixa; etxean bakarrik, eta orain publikoan hago. Erreprimitu hadi. Lasai, makilajeak tapatuko ditin gorritasanak. Baxu hitz egin ezan.
—Hara, Pepe, kendu hadi nire begien bistatik eta eser hadi horko eserleku horretan, faborez, eta joan hadi ixilik Hondarribiraino, Jainkoaren izenean!
Hondarribi. Aeroportua. Ailegaera. Ni. Ministra. Prentsa. Jendea. Agerpen publikoa.
Pepe. Lotsa.
—Are gehiago, Hondarribira iritsitakoan ere ez ezak ireki ahorik, entzun? Gaur debekatu egiten diat hitz egitea.
—Hegazkina aireratzera doa. Lotu itzazue gerrikoak eta egon zaitezte geldi zeuen lekuetan, mesedez. Eskerrik asko.
Segi berean. Beno, iritsi dun hauteskundeetan agindutakoa betetzen hasteko ordua. Mundua aldatzera goaz.
—Azafata! Azafata!
—Zer nabi duzu, anderea?
—Emaiozu Bis Baporub hau bozgorailutik hitz egin duen emakumeari. Berak jakingo du zertarako den.
09:16. Hondarribiako aeroportua
—Ez, Pepek, nire bizkarzainak, gidatuko du autoa; biok bakarrik joango gara. Badakizu, inor ez da eroso sentitzen ezezagunen ondoan.
—Andrea, badakizue Oriorako bidea, ez da?
Jesus, hau dun gizona, eta gainerantzekoa kontu hutsa dun. Lastima ezkondua izatea bera ere, bestela… Hire estatusarekin ziur txunditurik geratuko litzatekeela. Baina nora begira dago Pepe? Hi lanez lepo gizon puska honi begira, eta beste babo honek oraindik ez din kapazidaderik izan galderari erantzuteko.
—Pepe, badakizu, ez da?
—Bai, andrea. Orain sei bat urte izana naiz familiarekin hemen inguruan, eta nire etxea balitz bezala ezagutzen dut.
Eskerrak zerbait ikasi zinan mundura atera zenean, lehen behintzat. Pertsona nola alda litekeen harrigarria dun gero. Hobe dinagu lehenbailehen abiatu, bestela hau hemen hegazkinak kontatzen geratuko dun eta.
10:01 Irungo muga
Nahi dutena esango dinate baskongadetako biztanleek, baina hemen oraindik polizia nazionalak adinako kontrolik ez din inork egiten. Hau dun segurtasuna! Hau dun indarra duguna! Gainera, ezagutu egiten gaitizten eta arazorik gabe igaro gaitun kontroletik. Denei geratu eta karnetak eta historiak eskatzen zizkienan eta guri ez, hiri ez. Kategoria handia ministra izatea.
Beno, azkenean iritsi gaitun hainbeste denboran anuntziatu duten peaje famatura. Handia dun hau ere, inondik ere, baina ez din besteek baino kategoria gehiago. Ea hau ere debalde pasatzen dugun. Ba, berdin zion. Bestela ere Pepek ordainduko din.
—Bonjur, mesié!
—Ez; barkatu, baina ez dut baskuenzerik hitz egiten.
—Kes ke bu dí?
—Zenbat da?
—Pasaport, sibuplé.
—Barkatu, baina zenbat den galdetu dizut.
—Pasaport, sibuplé!
—Zer duk, Pepe? Ez al diok ordaindu behar, ala?
Alferrik dun mutil honekin.
—Ez dit garbi esaten zenbat den, anderea. Euskaraz bakarrik daki hitz egiten gizon honek, andrea.
—Ez naiz harritzen, buzo urdin eta kolore bereko txapel ridikulo horrekin lan egiten duenak… Erakutsiok kartera, ea ulertzen duen.
—Horrela, andrea?
—Sobornó encimé? Le gendarmerie le paré!
Zer nahi du urdinezko tipo honek? Zer dira esku-burdin horiek? Tuntuna! Hauek gendarmeak ditun! Baina zer egiten din polizia frantsesak Orio inguruan? Kontrbandoa agian? Eta zergatik detenitu nahi gaitizten gu? Hau dun galdera pila, hau dun nahasmena! Buila egitea beste erremediorik ez dun geratzen, Isabel.
—Sarjento, polizia espainiarra, Jose Mari, lagundu!
—Zer gertatzen da hemen, ministra andrea? Zer dela eta dituzu eskuak loturik? Gure poliziak ez du, bada, zerikusirik izango honetan? Lasai, polizia nazionaleko sarjentu naizen aldetik nik lagunduko zaitut.
11:33 Orioko malekoi berria
Azkenean, iritsi gaitun iritsi beharreko lekura. Hainbeste denbora frantsesezko galderei erantzuten eta eskuak loturik eman beharra ere, bizkarzain ergel batek Oriorako bidea ez zekielako! A zer lotsa. Eskerrak prentsak ez duen ezer jakin. Eskerrak herriak ez duen ezer jakingo.
Kontxo, kontxo, hau al da ditxosozko Orioko malekoia, hainbesteko fama on eta txar hartu duena? Horretan nire antza du, baina ederrean… Kuriosoa da baina… Ez dakit, ez dakit… Beno, ni nirera. Ea non dagoen telebista, non dagoen fotografo koadrilla…
—Barkatu, ministra andrea; galdera bati erantzungo al zenioke?
-Jaki…
—Ongi! Ea, Manuel, hasi grabatzen! Bost, lau… Egun on ikusentzuleok Orion gaude, bertako malekoi berriaren inaugurazioan, Costa Vasca proiektuaren lehen harrietako bat ipini baitute gaurkoan. Inauguraziora hainbat pertsonaia ospetsu inguratu da, eta haietako bat, Garraio eta Turismo saileko ministra bertan dugu, eta hau aprobetxatuz galdera botzuk egingo dizkiogu. Egun on, ministra andrea!
—Bai, egun on zeuri ere.
—Ikusten da Costa Vasca proiektua aurrera doala. Zer derizkiozu proiektu honi, zer moduz doa?
—Bai, oso ondo. Oso pozik gaude, oso polita da, turismo asko erakarriko du eta ekonomia altzatzen lagunduko du bide batez.
Ongi, Ixa. Manten ezan irribarre inozo hori bukaera arte. Sorpresaz harrapatu hau, baina badakin erantzuten. Ez din galdetuko atzerapenaren arrazoia, animo.
—Eta beste galdera bat ere egin nahi genizuke: zer dela eta hain berandu gaur, beti hain puntuala izanik?
—Eeee… Bai, Iberiaren greba… badakizu, gobernuak ez du egiten berek nahi…
Zertan ari haiz, Ixa! Gobernua hi haiz? Alde egin ezan joku horretatik!
—Bai, e ta Co sta Vas ca, be raz ,oso e rronka gogorra da, baina Gobe rnuaren a ldetik gogoz e k ingo diogu lan horri.
—Mila esker ministrari, eta besterik ez, beraz. Oriotik Patricia Echeverria, Informativos Telecinco.
Eskerrak, Isabel. Hi haiz hi jeinua. Hori dun galderari batere nabarmendu gabe ospa egitea. Orain, badakin, gora Costa Vasca eta gora txakolina. Penak itotzera, ona dun eta. Bazkal ordura arte kazetariak sahiestu eta jan eta edan gogotik, hori ere, gauza gehienak bezala, ondo egiten dun eta. Pepe ez zagon inguruan eta lasai ibil haiteke.
13:56. Itsas ondo jatetxearen aurrealdea
Jesus, hau dun jatetxearen itxura! Horrelako beste pare batekin, herri honek turistak nahi adina erakarriko ditin. Ze klasea, ze elegantzia, ze leku ederra pribilegiatuontzat, ze…
—Ardoa edanda mozkortzen naaaiz, pipa erreta txoratzen naaaiz…
Baina zer egiten du mozkor kuadrilla horrek nik bazkaldu behar dudan jatetxean, ardotan igeri eta kanta vasco- folklorikoak kantatzen? Hau ez, hau ez nuen espero.
—Barka, diputatu jauna, baina zer egiten dute hauek hemen?
—Bada, ministra andrea, hau Euskal Herriko ohitura zahar bat da, gaur eguneko gazteek jarraitzen ez dutena, baina euskaldun finek ahal dutenetan berreskuratzen dutena. Nolabait esatearren, pilota, txapela eta bakailuarekin batera, bera da euskal ezaugarri nagusietarikoa.
—A bai, e? Kultura berezia zuena inondik ere, jo, jo, jo! Eta nola deitzen diozue hain ohitura bitxiari?
—Txikiteoa, ministra andrea, txikiteoa.
Txikiteoa, beraz. Beno, Ixa, hasi beharko dun Joxe Mari zaharrari kultura esportazioaren kontua azaltzen. Esperanzak lagunduko din, noski, ez al din, bada, berak kulturarik gehien? Zerbaitegatik izango dun kultura ministra. Gainera, abizen euskalduna din. Egokiena bera dun presidenteagana txikiteo kontuak azaltzera joateko. Ez dinat uste inportako zaionik.
—Diputatu jauna, galdera bat egin nahi nizuke. Zergatik guk ere ez dugu kultura pixka bat gehiago ezagutzen, betiko protokoloak aldatu behar badira ere?
—Gustatu litzaidake niri ere, ez pentsa… Baina bazkaldu egin behar dugu, zoritxarrez.
16:17. Orioko zubi historikoa
—Beno, joan zaigu gaurko eguna ere. Zer, Pepe, zer moduz pasa duzu zuk?
— …
—Pepe, galdera bat egin dizut.
— …
—Pepe, ez nazazu larritu. Pepe… Pepe! Esaidazu zerbait!
—Eskerrik asko, anderea.
—Katuak jan al dizu mingaina edo? Larritu egin nauzu, adizu!
—Ez al da berorri gogoratzen nola esan didan gaur hitzik ere ez egiteko? Aginduak betetzen soilik ari nintzen, andrea.
—Pepe, esateko modu bat zen soilik, ez al duzu ulertu? esateko modu bat. Ondo hitz egingo bazenu gutxienez…
Zer gertatzen ote dun hemen? Istripuren bat ziur. Gazteren bat, ziurrago. Izan ere, gaur egungo gidariak ez ditun batere kabalak Gu bai txofer bikainak. Baina hik zer egiten dun hemen, Ixa? Ministra haiz, gogoratzen? Aurrera joan eta pasako haiz, seguru!
—Pepe, jo ezazu aurrera, bestela ilaran jarrita pasako dugu arratsaldea eta.
—Baina andrea, semafo…
—Agindu bat da, entzun! Ni konponduko naiz gero poliziekin, lasai. Dena dago kontrolpean.
—Berorrek nahi duen bezala.
Pepe honek oraindik ez din ikasiko ministra batek zenbat erraztasun ditin errepidean. Goazen aurrera! Orain bai, autoa ibiltzen ari dun, ez joan den ordu erdian bezala. Gainontzeko gidariak gera daitezela hor; hi ministra haiz, eta berak ez. Berriz ere begiratuko diten orain bezalako aurpegi arraroz. Bidea libre! Ez! Nora zatorren beste auto hori!
—Pepe, zertan ari haiz! Jo ezak bozina! Egin ezak marru! Apartatu hadi! Autoa jango diagu!
23:34 Madrilgo Primero de Octubre ospitalea
—Pepe, akabatu egingo haut lehenago medikuek akabatzen ez bahaute. Ai, Ixabel, Ixabel, nahiago parakaidista izan ministra baino!
*Irakurleari oharra: errealitatearetiko edozein antzekotasun kasualitate hutsa dela uste baduzu, arrazoi duzu. Hau da malekoiaren inaugurazioko benetalo istorioa.
