Oriora.com

Azkenean egi

Eli Urdangarin

Jakin nahiak susperturik
aldendu zitzaidan
adiskide bat.

Bere bizitzaren limitea,
itsasoaren AMAIERA
ezagutzea zen,
ITSASOAren lerro bukaezina.

Bere begira jartzean
gure begien zehaztasunak
MUGA bat aurkitzen duela dirudi,
baina EZ!
ez dago mugarik.

Nire adiskidearen nahiak
betetzen zihoazen
txalupa ttipia
dar﷓dar eginez,
urgain grixaskaren gainean
olatuxka zalapartatsuak sortuz,
han hasi zen aldentzen
arraunen konpasean.

Egunero﷓egunero
iristen zitzaizkidan
berak bidalitako
beirazko botilak,
itsasoaren LILURA
deskribatuz honela zioten:

Harrotasunaren jabea,
haserraldiaren bidea,
itsas haizearen
ikuituak,
olatuen tontor
zuriskak,
nabarmentzen ditu.

Itsasontzien popaldeak,
batzuetan zuri
besteetan orlegi.

Gure eguzkia,
gorputzik gabeko
arima beroa;
beroaren semea,
semearen etxeratzea
guztiz azkarra,
itsasotik begiratuz
lurretik lasaia.

Zerua. aldiz,
gertu,
baina ezin ikuitu,
zeruaren EDERRENA
ILUNTZEA da,
bat-bateko
itzal beltzarana
goiaren nagusi
ilargi eta izarren zaindari.

Itsasoan, aldiz,
bizimodu berria,
ikusgarria.
Baliorik ematen
ez diogun
benetako altxorra.

Ahantzezinezko orduak
beldurrez eta penez
egin ondoren,
arnasa sendo hartuz,
«Aurrera txalupatxo»
oihukatzen dut
ozeanoko txoko honetatik.

Egunak
aurrera eta aurrera
nire hondartzan,
beirazko botilen
zipristinik ere EZ.

EZ,
EZ,
EZ DA POSIBLE
pentsatzen ari naizena,
nire bihotzaren nahigabeak
pentsarazten ari zaidana.

Buruaren zalantzak,
urduritasunaren urratsak,
eskuen dantzak,
izerdiaren tantak,
EZ!
EZIN DA IZAN.

Lehen egunak, orain urteak
BAI, azkenean BAI
EZ nuen nahi,
baina BAI,
joan egin zait;
jakinahia gainditu nahi
izan zuen ene adiskidea.

42 urtetan,
itsasoan ibilitako mariñelak
zioen bezala:

Oraindik inork ez daki
non dagoen itsasoaren
AMAIERA,
zergatik ote?
hara joan dena
itzuli ez delako, agian…

Bai, mariñel jauna,
azkenean arrazoi,
azkenean egi,
azkenean, beti bezala,
ITSASOA NAGUSI.