Itxaropenari
Iusei Alguacil
Itxaropen, itxaropen.
Gaur,
ilunpetan, noraezean,
zure bila nabil.
Gaur zure ikutua,
zure bultzada behar dut.
Aurrera jarraitzeko.
Jarraitzeko...
Gau ilunak harrapatua bainau
bere zurrunbilo zitalean,
bere ekaitza bortitzean.
Negu gorria iritsia baita,
deabruz jantzia,
ene bizitzara;
eta maitasunak eskaini ohi duen estalki berorik gabe
inguratu nau
bere izotzezko beso artean.
Bakarrik nago eta ez dut argirik ikusten
amaierarik gabeko zulo honetan.
Ez dago ihesbiderik
kontzientziaren mamuek pasiatzen duten
kaosaren labirinto honetan.
Zalantzaren munstroak ditut jarraiki,
eta ezin ditut uxatu;
ene sorbalda nekatuetan sumatzen ditut,
erruaren pisu astunaz jantziriko erraldoiak bailiran.
Zalantzak...
nire aurka murgildu dira
atsedenik gabeko guda makur batean.
Beraien gatibu egin naute,
eta kateak apurtzea…
kateak apurtzea utopia bat litzateke.
Ez naute bakean uzten.
Bakea...
non zaude? nora joan zara?
Haizeak eraman zaitu urrun nigandik.
Patu krudelak aldendu nigandik.
Malenkoniaren pauso nekezak dira
oraintxe hain gertu entzuten ditudan horiek.
Badator tristura,
ahaztura.
Badator amaiera,
gure azkena.
Egun zoriontsuen bukaera da…
Arrenkurak isurtzen duen listu kutsatuzko uholdea.
Desioaren lehortea.
Bakardadearen izurritea.
Basamortu isolatu batean galtzen den
amorruz beteriko garraisiaren oihartzuna.
Ene arimak jada hartua du
damuaren kalerantzako bidea;
eta hantxe eginen du bere kabia,
oinazearen auzokide bihurtuz.
Zu etorri zain, itxaropen.
Zu itzuli zain...
Konpromisoaren itzal gogaikarria
izan da gure arerio.
Beldurra bilakatu da
maitasunaren erreinuaren errege.
Nigarra,
beste garai batean distiratsuak ziren
begi eder horien jabe.
Arrazoiak garaitu baitio azkenean sentimenari.
Zirrara erahila izan baita
ohituraren atzapar sendoetan.
Porrota jasan behar dugu, maitia,
monotoniaren porrota.
Rutinaren hilobi madarikatuan,
aspermenaren putzu beltzean
eroriko gara,
eta bere zipriztinez zikindu,
bertan itoko garelarik.
Heriotzaren kiratsa darion zingiran.
Eta bihar,
gure begiradak berriro topatzean.
bihar ez gara gure begien distiraz itsutuko.
Bihar ez da irribarrerik marraztuko,
ezinaren poderioz isuritako malko garratz bat baizik,
gure aurpegi goibeletan behera.
Bihar ez dira ene belaunak dardaraz okertuko
zure ezpain gorriak nireetan jauzten badira,
jauzten badira...
Bihar ez da ene azal lehortua
zure laztan goxoez lizunduko.
Eta biluzten zarenean...
biluzten zarenean
ene desioa ez da zure sexu xamurrean urtuko.
Bihar ez didazu maite nauzula esango.
Gure eztarriak
gorrotoaren arantza pozoinduaz urratuak izan dira.
Gezurrek zauri itsusia egin dute gure bihotzetan,
aitzakien zauria.
Eta odola dario etengabe...
Gaixo dago gure maitasuna, maite.
Zoriona lapurtu digute,
jarraitzeko gogoa.
Noraezean gaude,
eta borrokarako gogorik ez;
indarrik ez.
Nekeak menperatu gaitu.
Eta bihartik aurrera oroitzapenez elikatuko gara,
oroitzapenez besterik ez.
Gaur, itxaropen,
gaur nire alboan nahi zintuzket.
Gaur zure presentzia galdatzen dut,
oihukatzen dut!
kantu desesperatu honen bidez.
Zatoz nigana, itxaropen;
zatoz nigana eta eutsi nazazu zutik, arren!
Emaiozu indarra
itxaltzear dagoen ene bihotzeko su honi.
Emaiozu berriro bizia.
Itzuli iezaguzu grina,
itzuli iezaguzu ilusioa,
irribarrea,
maitasuna.
Agertu zaitez nire aurrean parez-pare, itxaropen,
heriotzak betirako ene arima besarkatu baino lehen.
