Oriora.com

Seigarrena

Olatz Elustondo

Io badeça dardoaz ere gorpuzaren erditic
Aynguruyac bano oboro ez larraque gayzquiric
Bana dardoa ematuric çauriere sendoturic
Bere graciaz ezarteyntu elgarrequi vaqueturic.

Etxepare

—Martiiin! Altxa hadi hortik eta hoa aitari laguntzera! Joxemiel goizean goiz jaikita ari duk lanean, eta, honezkero, mokauren bat egiteko gogotan izango duk.

(...)

—Martiiiiiiiiiiiin! Behin esanda nahikoa ez baduk, makilarekin joango nauk laster. Haren hizketaldia konprenierrazagoa egingo zaik noski-eta! Benga! jantzi itzak Anttonen abarkak. Anaia Bilbon duk soldadu joanda, eta harenak libre zeudek. Hireak, ostera, oraindik sutondotik zintzilik zeuzkeat, tarteren bat hartzean emango zieat puntadatxoren bat.

Martin, Martin, Martin... aitonaren ohoretan izendatu omen ninduten honela. Hori esan zidan, behintzat, behinola, amak. Berak nahiago omen zuen Jesus, Simon, Joxe, Joxe Mari, Joxe Angel edo… antzekoren bat. Erlijio kutsuko izenez bataiatu nahi omen ninduen; hartara, jaiotzatik bertatik Jauna babesle izango nuelako edo. Gaur, ordea, hura haudunaldiko apetaren bat zela eta dagoeneko izena gustatzen hasia zaiolakoan nago: goizean goizetik hasten da, behintzat, Martin gora eta Martin behera.

Zera! “Jantzi itzak Anttonen abarkak. Anaia Bilbon duk soldadu joanda (…)” Ai, ama! Ez dakit, ba, ondo nondik nora joan zen alproja hori; beno, nondik joan zen bai, behintzat. Bake ederra ematen du.

Egia esan, ez naiz dirudien bezain bihotz gabea, eta egunez halako falta txikitxoren bat ere sumatzen dut; batez ere, gaur bezala, beheko bizilagun hauei azpiak ateratzera neronek bakarrik joan behar izaten dudanean. Baina gauean… ederra duk bakardadea nork berak bilatzen duenean, zera! Jakina da inori ere ez zaigula gustuko aldamenekoa laassai hankak zabal-zabal eginda dagoela eta gu lo hartu ezinik egotea, edo aingeruren batekin hodei artean zilipurdika gabiltzanean aldamenetik anaia Motako astoak baino ere zurrunga handiagoak eginez sentitzea... Baina orain, ohe guztia niretzako dut, eta goxo-goxo egon ohi naiz: zorioneko intimidadea. Arindu ederra hartu du beheko asto txuri honek, eta ni... hemen! hemen nago ni Quijote handia, Sancho Panza-ren laguntzarik gabe.

Eta salto batean ohetik jaiki eta ohe aldameneko aulkitik galtzak hartu ditu, benetan presaka dabilenaren tankeran; ez du nahi amak piura hartan ikusterik.

Taaarrraaaaaaat! Kaka zaharra!, okerreko zulotik sartu diat hanka. Izan ere, beti presaka. Berriz ere galtzak erantzi eta arretaz aztertu ditu, hainbeste betatxu eta zulo txikiren artean azken nobedadea igerri asmoz. Bi eskuekin galtzei heldu eta ezkerreko begia itxi ondoren eskubikoarekin zati eta txokorik ezkutuenak aztertu ditu. Lan nekeza zaie bere bi begi berde urduriei, baina bi hankalekuen oihalak lotzen dituen joskurari begiratzean... Redios! Hirugarrengo hankari ere tokitxoren bat eskaini berri zioat nire janzkeran. Hau estilo propioa duk! Versachen ere honelakorik..., eta gainera, praktikotasunaren ikuspegitik ere ez zegok batere gaizki. Eta ganora handiegirik gabeko irribarre arin bat ezpainetan duela atera da gelatik.

Sukaldera iristean, Bahuen garaia batekin agurtu du amak, eta hitz gehiagorik gabe, katilukada bat esne, hiru bat eguneko ogi gogortu zati bat eta etxean eginiko gazta atera dizkio mahai gainera.

Martin ele itxurako besaulki luze baten izkinan eseri da, ohikoa duen bezala zurezko mahai zuriaren hanka hankartean duela. Hura da berak lau seme, bi alaba, gurasoak eta aiton-amonek osatzen duten familia hartan duen postua. Eta, orain, bera bakarrik gosaritan dagoen hartan ere —benetan arraroa—, ez da bere inperioaren jabetzaz ohartzen, eta erresumako lekurik marjinalean eserita jarraitzen du: ia aulkitik kanpo eta atetik oso-oso gertu.

—Azkarragoak ere ezagutu dizkiat, Martin! Har ezak esnea zurrutada batean, eta jango dituk ogia eta gazta ikuilura bidean. Gaur martxoko azken bigarren igandea duk, San Jose eguna, eta behiak gobernatu eta Miren eta Isabelek etxekolanak egin bezain laster hamabitarako mezetara joan behar diagu denok batera. Eguerdian etxeratzean, berriz, artoa aletzeari ekin behar zioagu, ni ere zazpigarren hilabetean sartua nagok eta oso erraz nekatzen zaizkidak gerriak beti postura berean, baina zuen gazteon laguntzarekin eta amonaren ahaleginekin berehalako batean gaituk sanjosetara joateko prest. Arratsaldean sega apostua zegok Eizmendiko Juan eta Galardiñeko Pedroren artean. Gainera, gaurko egunez lan egitea Jaungoikoari muzin egitea duk, eta arratsalderako lan guztiak aurreratuta behar ditek egon. Herri kirolak bukatu ondoren, berriz ere ganaduari jaten eman, azpiak atera, eta libre zarete nahi duzuena egiteko. Entzuna diat Aristerrazun erromeriaren bat badela Laja eta Maiz-ekin edo.

Bai ama, gero, libre izango gara nahi duguna egiteko edo zergatik ez, gaur ere libre baina ahal duguna egiteko. Hau da, betikoa: ezer ez. Baina nork jakin, gaurkoa berezia izan zitekek; azken batez, amonak karamelu poltsa hura oparitu zidanean ere ez nian halakorik espero. Eta akaso… gaur hire mutilagun egin nintekeen, Mari Angeles! Hik badakin maite haudanala edo jakin behar hunake, edo agian ez. Egia esan nik sekula ez dinat halakorik aitortu. Baina bai, gaurkoan bai, gaur etxera lagunduko dinat eta guztia esango dinat, edo adierazi ba,i gutxienez…

Martin amak katilu ondoan utzi dion ogi zatiari begira dago, baina ez du ezer ikusten. Momentu batez zoriontsu da: barnean halako kalanbre polit batzuk sentitzen ditu, eta arnasa sakonago hartu eta birikak puztu beharrean aurkitzen da, pilatu zaion zoriontasunak toki zabalagoa eskatuko balio bezala. Indartsu aurkitzen du bere burua; eta irribarre bat marraztu da bere ezpainetan… Zoriona, poza, maitasuna, irrika… Putakumea! Alde egin ezak hortik alu horrek, edo ikusiko duk! Tabernaberriko besamotzari barre eragiteko hautsen kaxaren bat lapurtu, eta etxe aurreko gerezi arbolari lotuta, pixkanaka-pixkanaka egingo dizkiat hirekikoak. Orain putz bat, gero bestea, barreari utzi baino lehen ondorengoa... Edonor erotzeko modukoa izango duk, eta halakoetan ohi duten modura barkatzeko erregutuko zidatek begi errukarri horiek! Hi ez haizela nire une samur horietaz jabetzen eta… Betikoa. Bizidunen mailaketa horretan zakur izaerak emandako zenbait askatasunez baliatzen haiz hire hanka-sartzeak justifikatzeko. Baina gaurkoan ez duk barkamenik lortuko. Nire moda berriaren inaugurazio egunean halako aperturatik muturra sartzea ere… eta gainera halako burutapen gozoak nerabilzkienean! Egia esateko, momentu batean zera pentsarazi didak… baina zer ari nauk !!!?? zakur bat duk, zakur malapartatu bat, eta nire Mari Angeles…

Nire parte nobleenetatik zakurraren lerdeak kendu, eta eskaileretan behera abiatu naiz: ikuilurantz. Majera aurreko atea zabaldu, eta berehala hasi naiz lanean hango sabel goseti haiek asetu nahian. Ikuilatxurrarekin belarra aska ingurura gerturatu, ondoren sartu sardea belarrez osaturiko meta txikiari eta On egin, andereiño! eta iluntzerarte jatetxea itxita geratzen da.

Orain praka garbiak jantzi eta Don Gregorioren aholkuak entzutera! Gure amonak dioenez Elizako ateak zeharkatzen ez dituenak ez du Zerurako giltzarik aurkitzen, eta nik gaur gauean Aingeru batengana hurbildu nahi dut. Lau kredu, hiru Ave Maria eta Gure Aita bat ere errezatuko dizkinat, eta guztiak hiretzako izango ditun. Ondoren, San Pedrori baimena eskatu eta hireganaino joango naun, eta maite hautela ere esango dinat, eta besarkatu egingo haut, eta hik ere nik adina desiratzen naunala esango didan…

Korrika batean etxeraino joan, ukitu propioko gal-tzak bazterrean utzi, eta hiru hanka eta hiru laurdeneko aulkitik geratzen ziren bakarrak jantzi ondoren, sukaldera abiatu da.

Amak armairu txuriko lehen kajoian gordetzen zuen ispilu zaharra atera, eta arraskaren aurrean geratu da Martin zutik, burua arraska aldera makurtuta duela. Ondoren, amak errekako urez beterik zegoen marmitatik katilukada bat ur hartu, eta burua busti dio, Martinek ia mekanikoki aitaren orraze txikiaz ile beltzaran kiribildua atzeranzka orrazten duen bitartean. Beno, ilearen zati bat, zeren beste zati bat bera baino egoskorragoa suertatu da, eta ezin izan du menderatu.

Eta orain bai, orain prest nagon hi hartzeko. Beno, geroxeago izan beharko din, orain mezatara joan behar dinat eta gaurkoan Don Gregorioren esanak zuzen hartu nahi dizkinat. Beraz, burmuineko zatirik gogoangarrienean giltzapetuko haut, eta ez dizkidan gauean lapurtzen dizkidan ilusio horiek lapurtuko, ez didan behin eta berriz kilima txikiak eginez bihotza zulatuko… Momentu batez bada ere, itsu bihurtuko naun eta ez haut ikusi ere egingo, eta behar izanez gero, gor ere bihurtuko naun eta ez dinat hire ahots eztiaren mingostasunik sentituko. Baina, hala ere, berdin izango zion, honek ere ez zidan nire atsekabea arinduko; azken batez, itsua, gorra… bainaun; hire begietatik ikusten dinat, hire belarrietatik entzun eta hire gorputzetik sentitu. Nireak… zentzurik gabeko zentzumenak ditun hi gabe. Baina ez, gaurkoan Don Gregoriori eskainiko zionat momentu batez nire arreta guztia. Zintzo-zintzo entzungo dizkinat haren esanak.

Don Gregorio herriko apaiza da. Nahikoa txikia, eta soinean eraman ohi duen sotana luzeak oraindik eta txikiago egiten du. Burusoila da, eta buruko hiruzpalau ileak albo batera orrazteko joera du. Serioa eta ideologia gogorrekoa, bere sermoietan herriko gazteei sexu kontuez halako errespetua —beldurra gehienetan— sartzeko abilezia aparta duena.

Hamabi. Hamabi kanpaikada. Eliza gainezka dago: Alkate zaharranekoak, Xaustarrak, Poltsaz eta bere familia, Jose Manuel petrikiloa, Arkupetako neska zaharra (garai batean Don Gregorio apaizarekin nolabait lotzen zutena)… eta guretik bederatzi, edo bederatzi eta erdi, amak sabelean daramana kontuan hartzen badugu. Ni izkina-izkinan eseri naiz, etxeko mahaian bezala; eskubialdean ama dudalarik Fermin txikia besotan duela.

Agerian da Don Gregorio gustura dagoela San Jose egun honetan jendearen aldetik izan duen harrerarekin. Ez zegok gaizki, eh, apaiz jauna? Herria daukak hire esanetara, baita nire Mari Angeles ere. Nik ostera, esanetan izatearekin konformatu behar. Hara hor mundu aldebes honen injustizietako bat.

Eta Biblia zaharra atera, eta bi begiak betaurreko gainetik herriarengana zuzenduz sentimendu eta indar osoz ekin dio iganderoko mezuari. Bere komentarioetan oso gogorra izateko fama du, batez ere gaztetxoenei zuzentzerako orduan, eta gaur ere ipini dio bere zigilu pertsonala San Jose honetako deiari:

—Gaur San Jose eguna dugu, herriko patroia, eta festa hauek kristau zintzo eta garbien modura igarotzeko deia luzatzen dizuet hemen aldare gainetik. Bestalde, gogorarazten dizuet hurrengo astean sartzen garela Garizuman eta orduan ezin izango dela festarik egin, ezta haragirik jan ere. A! Eta hamar mandamentuei dagokienez, bada, egunero —baina, batez ere, egun berezi hauetan— aparteko garrantzia duen bat: seigarren mandamentua. Eta, beraz, ez da haragikeriarik egin behar, edo bestela orain hogeiren bat urte Maria Etxebarriari gertatu zitzaiona gertatuko zaizue, neskatxoak: ergeldu, inuzentetu egingo zarete —esan zuen, behatzez herriko zelebreenetako bat markatuz.

Baina ez al dio, bada, Jaungoikoak barkatzen jakin behar dela? Eta beraz, zer eskubiderekin seinala dezake honek Maria gizarajoa herri guztiaren aurrean? Kalamidadea. Haragikeriarik egin eta jatea debekatua.… Nik ez diat behintzat aparteko atzera-pausorik: gure etxean haragia nekez izaten duk, eta neskatan, berriz, ez diagu egiten! Niri ez zidak seigarren mandamentu horrek enbarazu handiegirik egiten. Guretzat ia egunero izaten duk, alde horretatik, Ostiral Santu.

Eta Elizako ateak irekitzearekin batera, etxerantz abiatu da Martin. Behin hara iristean, aldiz, zuzenean ikuilura, martxoko eguzki ahularen argira lehen erdizka utzitako lanak amaitzera. Nahikoa eguraldi freskoa egiten du, baina lanak azkar bukatu nahiak edo Aristerrazura joateko desirak sortzen dion urduritasuna dela medio, laster kendu du gainean zeraman jertse astuna. Eta eginbeharrak bukatzea bestetan baino gutxiago kostatu bazaio ere, ez da, inondik inora, dantzalekura iritsi den lehena izan.

Jende multzo ikaragarria zegoen ordurako tranpaila zaharrean. Tabernako mahai batean neska gazte kuadrila bat. Bai, begi horiek, adats beltzaran hori… ezagutzen dizkiat nik. Eta soinean daraman… Stop! Jertsea. Jertse hori ez duk berea, eta bi trago gehiagorekin egon banintz, belarrimotx horren jertsea dela apostu egingo nikek. Jode! Ondo zorte txarreko habil Martintxo!

—Basokada bat ur, Prantxiska.

—Zer, Martin, sanjosetako ohiturei muzin egiten, ala? —-gazte kuadrilla bat gerturatuko zaio, adarra jotzeko asmoz—. Gaurko egunez sagardoa eta opilak tokatzen zaizkik, motel! Halaxe ziok tradizioak.

Utz nazazue bakean, aluak! Tradizioa, tradizioa… gaur gehien axola zaidana momentu honetan tradizioarekin haustea duk, nik neure bizitzarako egun berri bat bilatzen diat, eta hori, eta hori bakarrik, bihurtuko nikek tradizio! Ulertzen al duzue? –eta inguratu zaizkion herritarrei mespretxuzko begirada bat eginez, bere Mari Angeles-en atzean ipini da, neskaren mugimendu guztiak kontrolatzeko angelu egokiena hartuz—. Kristo! eta barka beza, Jauna, berorrek; baina… ostras! Hori duk, hori, neska puska.

Bat-batean komun aldetik belarrimotxa neskarengana gerturatu da, eta jertsea eta hitz batzuk elkartrukatu dituzte. Mitierratik etorriak Gracias, señorita esan diola ulertu uste du Martinek, eta Mari Angelesek… barre txiki bat opari; ondoren, bere neska-kuadrillarengana itzuli da, hauekin batera korroan sartu eta trikitixa bat dantzatzeari ekiteko. Beraz, bi hauen artean ez zegok ezer ere. Oraindik garaiz habil, Martin: Tempus est ore!

Ole, morena! Aparta haiz benetan. Ez zegon eguzkiaren azpian hi bezalakorik. Eta nik ere neskaren jokaerak animatuta-edo, bere alboan dantzatzeari ekin diot, eta denborarekin agarratu bat eskainiko al zidan galdetzeko bezainbeste balore ere atera dut. Eta berak baietz, Don Gregorio, berak baietz! Ez dut hiru Ave Mariak errezatzeko inolako eragozpenik; baina, egia esan, bekatuaren erdia bakarrik dagokit niri. Nik ez dut ezertara behartu, nahiz eta bereak ere nik aitortzeko prest nagoen. Baina utz ditzadan kontu horiek biharko, bihar egingo ditut Jaungoikoarekiko bakeak, orain bihotzarekikoak egitearekin nahikoa dut eta.

Ia konturatu ere egin gabe etorri zaizkie iluntzeko hamaikak. Pareta zaharretik zintzilik dagoen erlojuak bere orduroko egin beharrari ekin dio eta Mari Angelesek berak etxera joateko ordua duela adierazi dio Martini, batera eta bestera begiratzen duen bitartean.

Hau niretzat galera duk, ezpairik gabe: belarrimotxaren bila ibiliko duk. Zerri alaena! Inguru hauetako mobyletta xahar bakarra duk berea, eta hor ibiltzen duk motoko giltzak patrikatik kanpora dituela zein gonadun engainatuko. Baina zer zeukeat nik eskaintzeko?

Gaur ere jai zeukeat! eta nik ere bi gurpileko neskalaguna bilatu arte itxaron beharko diat bi hankeko emea alboratzeko. Izan ere, nork maite zezakek ondasun bezala bi galtza, aitonak herentzian utzitako abarka parea, eta anaiarekin erdibana duen ohea besterik ez duen bat?

Eta Martin dantzan dabilen jendetzaren aldamenean geratuko da, azkeneko trikitixa bukatu duen korroaren leku berean eta pentsamendu berberekin.

Hau duk komeria! Gure ama umeak egin eta egin, eta gu, ostera, neskarik dastatu ere egin ezinik. Hogeita hamasei urterekin bi alaba eta lau semeren ama duk, eta berriz ere gilbor-handituta zebilek. Gutxienez, denok aurrera ateratzeko lain izango balitek! Baina ez. Beren irrika geuk ordaindu behar, gainera: arreba zaharrena neskame, bestea etxeko lanak egiten, Joxe Antonio morroi… hau ez duk bizimodua. Besterik ezean, maiorazgo egin izan banindiketek… Baina nondik, maizterrak bagara?

Honela dagoela, Mari Angeles hurbildu zaio. Burua makurtuago du eta lehen baino ere lotsatuago dirudi. Begiak halako diz-diz urduri batean nabaritu dizkio Martinek, eta neskak begiz emandako aukerari uko egin gabe, azken dantza bat eskatu dio. Mari Angelesek instant batean luzatu dizkio bi eskuak, eta baita gerria bera ere musika aurrera zihoan heinean. Martinek berehala ulertu du ateak ireki berri zaizkiola, eta etxera laguntzeko eskaria egin dio dantza amaitzearekin bat.

Maite hau, Martin, maite hau. Kolorez aldatu berria zaik semaforo gorria, eta primera sartuta eta mantso-mantso joatea besterik ez duk orain. Ez zioat zentzu gehiegirik bilatzen, baina aholku horixe eman zidan aitak, eta horixe etorri zaidak burura ere. Izan ere, azken finean nik ez zeukeat ez auto ez traktorerik, baina aitak behin eta berriz esan ohi zidak kontuz-kontuz ibiltzeko, beroak begiak lausotzean istripu asko eta asko gertatu ohi dela hemengo sasi eta meta bazterretan eta. Zahartzaroaren kontuak, seguru! Ezin litekek bestela.

Hobe izango diat bai Bideberriko Txominen aholkuei jarraitzea. Hark neskak goxo-goxo tratatu behar direla esan zidan, eta ibilbide luzeetan meta edo zuhaitz ipurdiren batean deskantsatzeko gonbidapena ezinbestekoa dela neskatxaren bat konkistatzekotan.

Eserleku egokia bilatu dugu. Belar moztu berriaren usaina eta atzealdean berriz meta garai bat. Une batean, nire alboan Mari Angeles dudala ahaztu nahi izan dut, nire begirada eta pentsamendua txori babesgabe hartatik urrundu; eta meta aztertzeari ekin diot. Denboraren poderioz azaleko kolorea aldatua du. Goialdean daraman txapelak ere ez digu informazio gehiegirik eskaintzen, eta nik bakarrik bereizi behar izan dizkiot burua eta gorputza. Bai, bai, nik bakarrik asmatu behar izan dut azkenean birraitonak arrazoi zuela, euskara eta belar onduz eginiko meta Euskal Herrian ondo sustraitutako bi gauza zirela, alegia.

Zer egin nezake? Haren begien belar usaina sentitzera ere iritsi naiz, eta haren ezpainak… berriro begiztatuz gero, jan egingo nituzkeela uste dut. Arriskuan hago, neskato, arriskuan. Eta nire urduritasuna nolabait askatzeko, lehen luze-luze eginda nituen hankak kuzkurtu ditut, ustekabean neskak bere belaunetaraino emeki zabaldua zuen gona hura bihurrituz. Redios! Kalamidadea! Hi beti suerteko, Martin!

Eta, normal-normal, gertatuaz jabetu ere egin ez balitz bezala jokatzen saiatu da Martin, beti ere begirada neskarengandik hurrun mantenduz; ez du neska bere urduritasunaz jabetzerik nahi. Baina bere ahaleginak ezerezean geratu dira, zeren neskak ezin ebitatu izan du momentu batean arnasik gabe geratzea; ezustean harrapatu du mugimendu hark. Eta honek ere ez daki zer egin, eta ez da eskua gonara luzatu eta belaunak tapatzen ausartu, jakin bai baitaki honek egoera berezi hura oraindik eta gehiago tentsatuko lukeela, eta Martinek zer esango zain geratzen da. Urduri daude biak, inondik ere.

—Harritzekoa da, baina ateri dago, e? —Martinek isiltasuna zulatuz—. Urteak izango dira sanjoseak euririk gabe ezagutzen ez ditugula.

—Bai, ez da ohikoa; baina gau izartsua dugu gaurkoa.

—Bai, halaxe dugu, ba. Gau izartsua, biharamon eguzkitsua. Eguzki honek berehala onduko ditu orain bi egun zabaldutako belarrak, eta nahikoa lan izango da bihar geurean: metatxorroak egin, lera kargatu, karobi zaharrerako bidean meta egin… Gainera, Antton soldadu joana da eta Joxemiel eta bi arrebak bakarrik gaude aitari laguntzeko moduan. Ama ere ume egiteko dago, eta…

—Ume egiteko? Zu zara, zu, astoa —eta barreari ekin dio—. Gurean animaliak bakarrik egoten dira ume egiteko, emakumeak esperoan egoten dira.

Martinek ere barreari eman dio. Berak ez du bereizketa horretan alde handiegirik sumatzen, baina neskarekin barre egiteak konfiantza ematen dio. Orain lasaiago dago, gauzak mendean izango balitu bezala, eta Mari Angelesengana gerturatu eta musu eman dio masailean. Maria Angeles gorritu egin da, baina ez du desatseginezko imintziorik egin.

Bat eta huts, Martin. Partidua mendean duk. Lotsatia duk, baina gustuko hau! Ez zegok arazorik. Berriro ere begiak jaso eta… belar usaina. Bistan da irrikaz jaso duela mutilak eskainitako musua, baina bi begi berdeak aztoraturik aurkitu dizkio.

—Zuek ere izango duzue, bada, lanik! Hainbeste ardi hazi, horiek jaitsi, gazta egiteko esnea fermentatu arte itxaron… —Martinek normaltasun kutsu bat eman nahi dio egoerari.

—Bai, baina gurean alde horretatik nahikoa ondo konpontzen gara, anai-arreba asko gara, eta…

—Etxean entzuna dut bai gure aldean asko zaretela —eta hanka bat luzatu eta neskarengandik gertuen duen eskua belar gainean jarri du. Neskak hamalau anai-arreba direla kontatzen dio. Eta ia konturatu ere egin gabe, muin eman dio neskatxari ezpainetan, ez daki zer indarrek eraginda eskua belaunen gainean jartzen dion une berean.

Irrika. Desioa. Amaren esanak. Hotzikara… Kontzientzia. Erabat nahasirik du burua Mari Angelesek. Berak ere halako intziri eme eta sendo bat sumatzen du bere barrenean, eta mutilaren jokoa jarraitu nahi luke. Baina bera ez da bekataria, ez du infernura joan nahi: neska garbiak, pentsamendu zikinik gabeak, amaren esanekoak, kristau zintzoak… Gogoan ditu, oraindik, lehen bestelako garrantzirik gabe jaso dituen, baina orain barrena erretzen dioten herriko apaizaren hitzak, eta, egia esan, momentu honetan bera ez da patroi horren barnean sartzen. Baina bera ez da emagaldu bat. Ez, bera ezin liteke horrelako ezer izan. Bera neska garbia da, errespetagarria; eta ez du nahi Maria Etxebarria zigortu zuen bezala, Jaungoikoak bera ere zigortzerik. Ave Maria Purisima! Eta eskubiko eskua aurpegira zuzenduz, aitaren egin du.

Martinek bere neska hain aztoratuta ikustean, eskua belaunetik kendu eta beste musu bat eman dio, oraingoa esku gainean. Ulertzen duela erakutsi nahi dio. Ostras! Partidua estutzen ari zaidak. Berdinketa, eta berak sakea.

—Seigarrena, Martin!

Ez luke leporik jokatuko, baina askotan entzun izan dio Maria Angelesen anaia Bernardori, neskatxaren batek etxean zenbat anai-arreba diren galdetzean, bera hamabi apostuluetatik zortzigarrena dela erantzuten. Edo oraindik eta pikardia handiagoz, zortzigarrena den aldetik edozein emakumerentzat ere izugarrizko pago-txa dela azaltzen: izan ere, familian duen zortzigarren postu horrek agerian uzten omen du gizon biribila, aparta dela.

Eta horrela emakume guztiekin. Bernardori ez dio axolik ile horia, beltzarana, azal txurikoa, garaia, baxua, argala, betea edo gizena izan, eta gaur batari esaten diona bihar besteari esango dio, benetan lehenengoa balitz bezala eta munduko naturaltasun guztiarekin.

Eta bere uste —ia ziurtasun— haren arabera, Bernardo zortzigarrena balitz, eta neskak orain esan dionaren arabera, seigarrena, horrek esan nahi du Maria Angelesek dirudien baino urte gehiago behar dituela izan.

—Kontxo, ez nuen uste zu Bernardo baino zaharragoa zinenik; zeren hura zortzigarrena duzue, ezta? —esan dio Martinek, aurreko elkarrizketaren haria gogoratuz. Eta Maria Angelesi begiratu dio erantzunaren zain.

Baina ez du erantzunik jaso. Bada zerbait arraroa. Ez du bere maitearen etsipen aurpegia ulertzen, eta banan-banan aztertu ditu berak esaniko hitzak, zerbaitek mindu ote zezakeen pentsatuz. Baina ezer arrarorik ez. Jarraian neskaren hitzak neurtu ditu, beharbada gaizki ulertuko zituelakoan: SEI-GA-RRE-NA. Seigarrena?… Letxes! Don Gregorio.