Oriora.com

G' day, mate

Urko Esnaola

1

«Gure semea Australian
erotu zaigu agian,
sanguitxak eta tia bakarrik
hartzen dan tokian.
Hobeto hago herrian,
hoberik ez duk ludian.
Gazte jendiak ez daki gauza
onak zeintzu dian.»

2

Abioiaren barruan
inglesa entzuten nuan,
baina oraindik ez dakit ziur
zer esaten zuan;
atera Aireportuan,
pakete pila eskuan,
baina pakete handiena ni
nintzan seguru han.

3

Beraz, taxi bat gelditu:
«Txofer, neri ondo aitu!»
baina hark ezin ulertu ta nik
ezin entenditu.
Mapa hartu eta «Beitu,
leku hau nahi dut aurkitu,
ta iristeko zuk biderikan
motzena jarraitu.»

4

Iritsi naiz azkenikan,
bide luzeenetikan,
kolegioan denak nor nintzan
ikusi nahirikan;
galderak denengandikan,
ni hantxe beldurturikan,
inglesa edo txinoa ote zen
asmatu ezinikan

5

Hasi kalea pasatzen,
zebra bidearen ertzen,
lasai nengoen auto denak noiz
pasa itxaroten;
ta kotxe guztiak hantxen,
non hasten diren gelditzen,
beldurtu nintzen neraman pinta
raroa ote zen.

6

Ohartu naiz berehala
hau beti gertatzen dala,
ta esan didate edonon hala
beharko zuala.
Legea ikasi dut hala,
zin dagit ez nekiala
zebra bidetan kotxek gelditu
egiten dirala.

7

Neskak mutilekin arau
horrek ezin harritu nau,
denak mutilak bagina nahiko
gaizki legoke hau.
Urrungo intxaurrak hamalau,
gerturatu orduko lau,
suerte pixka bat baldin badago
igual hogeitalau.

8

Australiako tipoa,
ustez izugarrizkoa,
ile horia, gorputz liraina,
desmaiatzekoa.
Rubia dago nahikoa,
normalean botekoa,
edo, hobeto esatekotan,
botellinekoa.

9

Esan nahi dudana, pentsa,
ez da horren aldrebesa,
azaldu nahi dut gizakiaren
berezko pereza.
Jendeak onartu beza
maite degula erreza,
hor bezelaxe hemen rubia
onena zerbeza.

10

Neska batek esan dit «Hi»
Beraz, honekin ere jai,
baina hizketan jarraitu nahi du
nerekin nolanahi.
Ta gero esan dit «Good bye»
Hori esan nahi zuen, bai.
Eskutik heltzen hasi naiz eta
hark alde noranahi.

11

Ingles zaila ulertzeko
ta sandwichak bazkaltzeko,
kontrako aldetik joan beharra
dago gidatzeko…
Hau motxean esateko,
dena aldrebes antzeko,
eta, halere, gogorikan ez
alde egiteko.