Oriora.com

Mirenen izena

Zigor Etxaniz

Berri txarrak ironiaz beterik datozela pentsatzen du Karlosek, irrino gazi batez aurpegia goibeltzen zaiola, hobe barre egitea negar egitea baino, jendez beteriko leku batean konturatu behar bakarrik geratu dela, hobe barre egitea, ironiak berriaren zama beltza leuntzea, bestela zailago izango litzateke oinez jarraitzea, eta errazago etsipenean erortzea, edo negarrean, aurpegi anitz ikusten ditu alde batetik bestera, bakoitza bere bide jakinean, bakoitzak berri onez eta txarrez eta ironiaz betetako bizitza oso baten zama bizkarrean daramala, ez dute ez barrerik ez negarrik egiten, kon-tzentrazio osoz dabiltza gora eta behera aireportuaren areto nagusian, txartelak seilatzera edo maletak jasotzera, batzuk eguneroko bizitzaren monotoniatik ihes eta beste batzuk horretara itzuliz, mota guztietako jende geldiezina bere aurretik pasatzen, horietako batek begiratu egin dio, aurpegira lehen eta eskuetara gero, emakume lodi batek, bere albotik igarotzean ziztu bizian, agian harritu egin da hainbeste mugimenduen artean zeharo geldirik dagoen gizon bat ikustean, edo beharbada gizonaren irribarre arraroak harritu du, barre egin nahi ez duen barre mota horietako bat zeukan aurpegian, eta jendeari begira zegoen lelo baten gisa, eskuen artean telefono txiki bat zuela, telefonora jaitsi du begirada Karlosek, ahaztu egin zaio itzaltzea, hortxe dauzka oraindik Mirenen zenbakia eta izena, agertu eta desagertu egiten dira aldizka, deia eskegi ez duela gogoraraziz, badaki txorakeria bat dela ez eskegitzea, baina gogor egiten zaio telefonoa itzaltzea, horixe da Mirenekin geratzen zaion azken lotura, azken deia, nahiz eta jada hariaren beste aldean inor ez dagoela jakin, seguruasko armairutik hartutako jaka ari da janzten, gehien maite duen jaka urdina, polita joan nahi duenean eramaten duen jaka bakeroa, jantzi ondoren harrapatuta geratzen zaion ilea ateratzen du jakaren lepoaldearen azpitik, emakumezkoek hain lirain egiten duten mugimendu horrekin, eta gelatik irten baino lehen ispiluaren aurrean gelditzen da, hogeita hamairu urteko aurpegiari so, gaztea da oraindik baina zimurrek tokia irabazten ari dira egunetik egunera, izango duen azken aukeraren aurrean dagoela pentsatzen du Mirenek agian, edo beharbada ispiluari berari so dago, gehiago ikusteko asmorik ez duen ispiluari, urte askotan esnatu da ispiluaren barnean ageri den gelan, ohe bikoitzaren goxoan, eta oheari begiratzean akaso malko bat irristatuko da bere masailera, pentsatzen du Karlosek, edo agian ez, agian ez dago malkorik, ezta ispiluaren aurreko geldiketarik, agian bere jaka jantzi du, ilea egokitu du eta egongelara doa goizean prestatu duen maletaren bila, utzitako gainontzeko gauzak beste batean hartuko ditu, oraingoan behar-beharrezkoa dena baino ez du hartu, zein gutxi den pertsona batek beharrezkoa duena, zein gutxi beste batetik aldentzeko behar duena, zenbat eta gutxiago eraman orduan eta gutxiago oroitzapenak, badoa maletarekin atearen bila, telefonoaren aldamenetik pasatzen da, agertu eta desagertu egiten dira aldizka Mirenen izena eta zenbakia Karlosen telefonoan, oraindik hitz egin nahian dabilen telefonoan, oraindik deika agertu eta desagertu, desagertu egin den Mireni, ez daki zenbat denbora daraman telefonoari begira hainbeste jendearen erdian, itzali egiten du eta irteerarantz doa esku batean maleta eta bestean telefonoa hartuta, bakarrik geratu denarentzat bakardadea izango da egokiena, errazago pentsatuko du, ez daki zertaz, baina lasaiago, ilaran ikusten dituen taxietako baten atzealdean, eroso eserita, telefonoaren deia jada isilik patrikan gordea, helbidea eman dio taxistari ia eseri baino lehen, presa balu bezala, Miren oraindik etxean aurkitzeko itxaropena balu bezala, damuturik, esan dituen hitzak ezabatu nahirik, buruan ditu bueltaka telefonotik irtendako hitz lodi zizelatuak, beste askotan izandako haserre baten antzera hasitako hitzak, ordea, pixkanaka bide berria eraikiz joan direnak, ordurarte ezagutu gabeko bide iluna, amesgaiztoetan baino begiztatu ez den bide beldurgarria, baina esandakoak ezin ditugu isildu, behin esanez gero hor geratzen da betirako esandakoa, alferrik da damutzea, inork ez ditu ahaztuko, gogoan izango ditu betirako, gogoan begiratzen digun bakoi-tzean, gurekin gurutzatzen den bakoitzean, gure izena besteen ahotan aditzen duen bakoitzean, beharbada barkatuko ditu, barkatzekorik badago, baina ez ahaztuko, esandakoak ezin ditugu mututu, pentsatuko du agian Mirenek telefonoari so dagoela atearen beste aldetik, etxetik kanpo jada baina oraindik atea itxi ez duela, giltza zerrailan dago azken bultzadaren zain, badaki esandakoak ondo pentsatuak zituela aspalditik, baina ez da berdina gauzak pentsatzea edo esatea, eta esan ondoren burua lasaituko zitzaiola uste zuen, baina ez da horrela, bueltaka diraute bere buruan oraindik Karlosen isilune harrituak eta galdera etsiak, jasangaitzak, erantzunen eske behin eta berriro, mina sortuz behin eta berriro tupustean telefonoa eskegi dion arte, Karlos oraindik hitz egiten ari zela, ezin zuen gehiago jasan, negarra irteteko zorian eta ahotsa ordurako dardarka Karlosen galdera erantzunezinak erantzun nahian, ez ditugu beti behar ditugun erantzunak izaten, batzuetan ezin dira inon aurkitu, ez daudelako, holakoetan hobe izaten da galderarik ez egitea, batek beti daki ze galdera egin daitekeen eta zein ez, holakoetan hobe telefonoa ziplo eskegitzea, oraindik erdi irekia daukan atetik ikusten ari den telefono beltza, hobe moztea nahiz eta senarra izan hariaren beste aldean dagoena, astebeteko bidaiatik etorri berria, nahiz eta aireportutik deitu emaztearen ahotsa entzuteko irrikan, lurra ukitu bezain pronto etxera deitzen, senar txintxoen modura, nahiz eta ustegabean harrapatu emaztearen aitormenak, seguruasko ez zuen ezer susmatzen gizagaixoak, gizonezkoak ez dira oso argiak izaten gauza horietarako, emakumezkoak ez bezala, ez dituzte umore aldaketa txikiak ikusten, usain desberdin salatzaileak nabaritzen, alatutako kontzientziak eragindako laztan inflazioaz ez dira konturatzen, gizonezkoak ez dira onak gauza horiek ikusteko, pentsatzen du Karlosek taxiaren atzealdean, atzera begira pasa ditu azken minutuak, bere bizitzan izandakoa aztertzen, seinaleen bila, telefonotik irten den aitormenaren jatorrien bila, urtebete lehenago, urtebete esan du Mirenek, hamabi hilabete bestea ezagutu zuela, denbora gehiegi ezer ez antzemateko, gehiegi, engainatuta bizitzeko, iruzurrean murgilduta bizi-tzeko, urtebete pentsamendu okerrekin, ostutako urtebetea, denbora horretan egindako gauza guztiek ez dute orain ezertarako balio, emazteak maite zaituela uste duzula egiten dituzun gauzak, planak, ezagutzen duzun jende guztiari egindako iruzurra, ez dio besterik esan, ez dio izenik eman, izena izan da eskatu dion lehenengo gauza, beste bat dagoela jakiten dugunean izena behar diogu jarri, ezin dugu gorrotoa inora zuzendu izenik ez badago, izena jakitean gainontzekoa ere jakin ahal izango bagenu bezala, adina, itxura, lanbidea, jaioterria, elkar ezagututako lekua, ahotsa, amodioa egiteko modua, baina ez dio ezer esan, edonor izan daiteke, pen-tsatzen dute taxiaren leihotik begiratuz, hiriko kaleetan dabilen edozein, berak eskaini ezin duena eskaintzen duen edozein, azkeneko urtean berarekin batera Mirenen barruan izandako edozein, dagoeneko utziko zuen etxea Mirenek, itxiko zuen azkenean atea telefono beltzari azken begirada botaz, jiratuko zuen jada berea ez den giltza berea ez den zerrailan, eta atera da seguruasko kalera maleta eta guzti, ez du gehiago behar nigandik urruntzeko, bere amorantearen bila, bere etxera, auskalo non bizi den, hirian bertan akaso, beharbada ez da oso urruti bizi eta gurutzatu naiz berarekin egunen batean, nere emaztearekin oheratzen ari dela jakin gabe, baina berak jakinda, agian kalearen bestealdean ikusi dut behin baino gehiagotan baina konturatu gabe, semaforoa berdea jarri zain errepidea gurutzatu nahian, neure aurrean, bera niri begira eta ni berari, eta begirada aldendu du beldurrez, nik zerbait antzemango dudalakoan, bere aurpegi zikinean errua ikusiko dudalakoan, eta lurrera begira gurutzatu du kalea semaforoa aldatu denean, nire begien beldur, aurrez aurre egon garen arte, ni harantz eta bera honantz, eta orduan altxatu du burua eta begiratu dit begietara eta pentsatu du ni nauk baboa ni nauk hire andrearekin larrua jotzen duena bere gorputza gora eta behera barrutik eta kanpotik arakatu duena aieneka utzi diat ehun aldiz hik egin ezin duana ehun aldiz gutxienez bai eta oraindik ez haiz enteratu ere egin alu kabroia lastima duk lastima ezer ez jakitea orduan poza gehiago izango nian da hirekin gurutza-tzean, hori guztia esan dit begietara begiratzean baina ni ez naiz ezertaz konturatu, aurrera jarraitu dut ezer entzun gabe ene mailegatutako bizitzan, hamabi hilabetez mailegaturik bizi izan dudan bizitzan pentsamendu okerrekin egia jakin gabe, edo beharbada liburu denda batean topatu gara egun euritsu batean, euritik ihes liburuak gainbegiratzen denbora egiteko autobusa iritsi arte, zinema liburuei begira nagoela kokatu da nire atzean, ze gustuak ditudan jakin nahian, agian han zegoen Mireni oparitutako azken liburua erosi nuen egunean, nire atzean alde batera eta bestera mugituz susmorik ez sortzeko, eta aukeratutako liburuari begiratzen dio, eta gustatu egin zaio agian, eta hortik astebetera berriro ikusiko du nire gelako mesanotxean, zigarrotxoa erretzen ari dela Mirenekin batera, biak biluzik neure ohean, eta barre artean ezkerraldera begiratu eta hor non ikusten duen egun hartan erositako liburua, eta hartu egiten du eta begiztatu berak ere, gustu berdinak ditugu beharbada liburuetan eta emakumeetan, nik ukitutakoak ukitzea gustatzen zaio, edo agian ez, ez zaio liburua batere gustatzen eta barre egiten du mesanotxean ikusten duenean, eta Mirenek ere barre egiten du berarekin batera, zein gustu makala dudan esanez, oparitu diodan liburua ez zaiola batere gustatzen baina itxura egin duela, atsegin duela esan zidala ni ez haserretzeko, dagoeneko ez dakiela zer egin nerekin, desastre bat naizela, eta barre egiten dute berriro eta zigarroak itzali eta gero maindireen artean murgiltzen dira liburua mesanotxean utzi ondoren, bai, agian ez da urruti bizi eta ikusi dugu elkar behin baino gehiagotan, Mirenek ez du autobusa edo trena hartu behar izango urruti bizi ez bada, oinez joango da orain kaleetan zehar bere bizileku berriaren bila, maleta eta guzti, hain polita bere jaka bakeroarekin, mundu guztia jiratzen da berarekin gurutzatzean, hori asko gustatzen zaio, jendearen arreta lortzea, jiratu egiten du burua berak ere askotan atzean utzi duen gizonak begirada beregana zuzendu duen ala ez jakiteko, bere ipurdiarengana gehienetan, eta horrela gertatzean barre egiten du, barre egiten dio gizon horri, eta gizonek lotsatu egiten dira eta azkar aldentzen dute begirada baina jada berdin dio, adinean gora doala ahaztu egin zaio eta, bai, horixe egiten du askotan kalean oinez doala, agian horrela ezagutu zuen izen gabeko amorantea, jiratu eta barre eginez gurutzatutako gizon gazteari, baina oraingoan gizona ez da lotsatu, eutsi egin dio Mirenen begiradari eta barrez hasi da bera ere, horrelakorik ez zaiola inoiz gertatu pentsatu du agian Mirenek, eta gizon berezia behar duela izan, eta gelditu egin da, barrezka oraindik, eta unetxo batean geldirik egon eta gero elkarrengana hurbildu dira pixkanaka, poliki-poliki, buruz buru geratu arte, zer esan ez dakitela, elkarri begira soilik, eta agian bere azken aukera izango dela pentsatu du Mirenek, urteak aurrera doazela eta laster gizonezkoak ez direla kalean bueltatuko, eta isilunea hautsi du gizona kafetxo bat hartzera gonbitatuz, kaleetan zehar orain ere maleta eta guzti, ez da erraza burua jiratzea eskuetan maleta bat daramazula, eta negarrez, pentsatzen du Karlosek, negarrez agian, urte askotako istorioa bukatu delako eta hitz egiten ari zela telefonoa eskegi diolako senarrari despedida gisa, ez da adio esateko modu samurra, ez du kontzientzia garbia izango, ez du lepoa atzeraka jiratzeko gogorik izango, nahikoa izango du malkoak garbitzen libre duen eskuarekin, ez da hiri handi bateko kaleetan zehar ibiltzeko modu egokia, pentsatzen du Karlosek gurpilen oihua entzun eta aurreko eserlekua buruarekin jo duenean, taxiaren eserlekutik erori da eta lurrean dago bi asientoen artean eta telefono txikia patrikatik erori zaiola ikusten du, Mirenen izena eta zenbakia dabiltza berriro agertzen eta desagertzen aldizka, itzalia zuela uste zuen baina hor dago berriro, bihotz baten taupaden antzera piztuz eta itzalduz, Mirenen izena telefonoan eta Mirenen izena kalean, piztuz eta itzalduz bezala, Miren behin eta berriro, Miren, aditzen du gero eta puskatuago dirudien ahots batetik, lehen ere entzuna duen aho batetik, patrikan gorde du telefonoa, oraindik ere itzali gabe, eta altza egin da taxiaren aurrean zer gertatu den jakinminez eta beldurrez, batzuetan beldurra ematen digu gehiago jakiteak baina hala ere aurrera jarraitzen dugu, nahiz eta susmo txarrak izan ezin gara jakin gabe gelditu, begiratu gabe, taxista ez dago jada kotxe barruan eta jendea ari da biltzen taxiaren aurrean eta Mirenen izena irteten da jende multzoaren erditik, gero eta puskatuago dirudien izena, behin eta berriro errepikatuz gero eta baxuago eta ilunago, hurbiltzen da Karlos multzoaren erdira gero eta barrurago, ahots puskaturiko taxistak heldu du Mirenen burua bere eskuen artean negarrez ari dela bere izena behin eta berriro errepikatuz, tarteka, ahotsa galdu arte, Miren, eskuan du oraindik maleta, zein gutxi behar duen pertsona batek beste bat abandonatzeko, zein gutxi behar den pertsona batek duen guztia galtzeko, duena eta izan duena eta izango duena galtzeko, guztia galtzen dugunean izena baino ez zaigu geratzen, izenari heltzen diogu, galduriko bizitza horrela itzuliko den itxaropenez edo, Mirenen izena, dagoeneko ia aditzen ere ez dena bizirik gabeko burua heltzen dion gaztearen ahoan, odola dario Mirenen buruari eta odolez betetzen du taxista gaztearen bularra, makurtu egin da Karlos ere, emaztearengana eta emaztearen izena behin eta berriro errepikatzen duen taxistarengana eramaten ditu begiak, batetik bestera, aldizka, batzuetan, aurkitzea eta galtzea gauza bera izaten dela pentsatzen du Karlosek, irrino gazi batez aurpegia goibeltzen zaionean, ironiaz beterik etortzen direla berri txarrak, hobe barre egitea negar egitea baino, jendez inguraturik dagonean konturatu behar bakarrik geratu dela, oraingoan benetan bakarrik, hobe barre egitea, ironiak berri txarraren zama beltza leuntzea, bestela zailago izango litzateke oinez jarrai-tzea, eta errazago etsipenean erortzea, edo negarrean, aurpegi anitz ikusten ditu bere inguruan, ez dute ez barrerik ez negarrik egiten, bere emaztea zenaren maitalearen aurpegian bakarrik ikusten ditu malkoak, bizitzaren azken aukera galdu izan balu bezala, bakarrik geratu dela konturatu balitz bezala, eta gaztea burua altzatzean berari begira geratu denean ispilu baten aurrean dagoela iruditu zaio Karlosi, bere malkoak konturatu ez badira ere, bere bizitza izan dena eta izango dena erakusten duen ispilua, dagoen guztia galtzean geratu zaiona agertzen diona, behin eta berriro, aldizka, Mirenen izena.